Eugenio Gutierrez, Mari Cruz Cadarso eta Andoni Hernandez omendu dituzte Leioan

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 29a, 15:09

Martitzenean, urriak 27, hainbat lagun batu zen Leioako Tigre plazan, Gudari Eguna dela eta. Besteak beste, GALek hildako Eugenio Gutierrez Salazar "Tigre", Mari Cruz Cadarso preso politiko ohia, eta Andoni Hernandez iheslaria omendu zituzten.

Eugenio Gutierrez Salazar "Tigre"

Eugenio Gutierrez Salazar "Tigre" 1984ko otsailaren 25ean hil zuen frankotiratzaile batek, errefuxiatu talde bategaz Zuberoako Idauze-Mendi udalerriko baserri batean zegoela. Euskara ikasketen atsedenaldian baserriaren atarira irten zenean tiro bat jaso zuen eta bertan gelditu zen hilik.

Hilketa GALek beregain hartu zuen, baina orain arte inor ez da akusatua izan bere heriotzagatik; 29 urte zituen leioaztarrak. 2003ko azaroan, Guardia Zibilak terrorismoari buruz abiatu berria zuen webgunean, lehenengo aldiz onartu zuen Estatu espainiarrak Gutierrez eta beste 27 euskal herritar "GALen ekintza terroristen" biktimak izan zirela. El Mundo egunkariak hori salatu eta ordu batzuetara aipatu zerrenda kendu egin zuten.

Eugenio Gutierrez Leioan jaio zen 1955eko urtarrilaren 14an eta ETAko zuzendaritzako kidea izatea leporatu zioten.

Mari Cruz Cadarso

Mari Cruz Cadarso Leioako preso ohia zena hilik aurkitu zuten 2009ko abuztuaren 20an bere etxean, 54 urte zituela eta bi egun beranduago agur hunkigarria eman zioten Portugaleteko hilerrian ehun bat lagunek.

Cadarso 1990eko azaroaren 12an atxilotu zuen Guardia Zibilak eta kalte arinak eragin zituen lehergailu bat Bilbo eta Santander arteko trenbide batean jartzea leporatu zioten. 2001ean aske gelditu zen, zigorraren hiru laurdenak bete ostean.

EHUko liburutegian hainbat urte eman ostean, azken urteotan Mari Cruzek Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ikasleentzako Arreta Zerbitzuan egiten zuen lan, administrari gisa. 2007an, Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonal (AZP) funtzionarioaren hauteskunde sindikaletan parte hartu zuen, LABeko zerrendan.

Andoni Hernandez

Andoni Hernandez Ibarluzea euskal iheslari politikoa 2015eko irailaren 12an zendu zen, Baionako ospitalean. Leioaztarrak minbizia zeukan eta Ipar Euskal Herrian bizi zen.

Pili Artze Abascal bere bikotekideagaz batera, Hernandez 1987an errefuxiatu zen Estatu frantsesean, ETAren Bizkaia Komandoko kideei alojamendua eman izana leporatzen zietela jakin ostean. Handik Uruguaira joan zen biak eta bertan "ustezko polizia espainolek bahitu eta torturatu" zituzten, Leioako Ezker Abertzaleak behin baino gehiagotan salatu zuenez. Estatu frantsesera itzultzean, Paben atxilotu zituzten Hernandez eta Artze. 1995eko maiatzean, ostera, Montoubannen konfinatuak izan ziren, Euskal Herritik 500 kilometrora. Geroxeago departamendu berdineko beste hiri batean, Valence D’Agenera konfinatu zituzten.

Pili Artzek eta Andoni Hernandezek, euskal errefuxiatu politikoen kolektiboak konfinamendua apurtzeko erabakiarekin bat eginda, Euskal Herrian bizitzeko eskubidea aldarrikatu zuten Baionako katedralean itxialdia burutuz. Azkenean, Arbonan (Lapurdi) finkatu ziren nahiz eta kanporatuak izateko arriskuan egon.

"Bere bizitzaren azken urteetan Arbonan (Lapurdi) bizi izan da Andoni. 2014an iheslarien kolektiboak hartutako erabakiarekin bat eginez, Leioara itzuli zen, nahiz eta Arbonan bizitzen jarraitu behar izan", azaldu zuen Ezker Abertzaleak.

"Andoni, preso eta iheslarien kolektiboko gainerako kideen modura, Euskal Herriko gatazkaren konponbidean eragile politiko aktiboa izan da. Bizitza osoa Euskal Herriaren aldeko borrokari emana, gudari eredugarria", amaitu zuen Leioako Ezker Abertzaleak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun