Leioako Udalak 23 familia lagundu ditu udan, adingabekoen elikadura egokia bermatzeko

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 23a, 12:09
Dirua oinarrizko elikagaiak erosteko erabiltzen zen egiaztatzeaz arduratu dira. © LEIOAKO UDALA

Herriko 23 familia lagundu zituen udan Udalak Sortarazi elkartearen bidez; sendi horietako ume eta gazteek elikadura egokia izan zezaten bermatzeko. Eskola-adina duten seme-alabak dauzkate aipatutako familiek, eta denek Hazia programan parte hartzen dute.

Urtean, eskola-jantokian bazkaltzen dute ume horiek guztiek; horrenbestez, ikasturte osoan ez daukate ezelako arazorik, udal-arduradunek adierazi dutenez; ostera, oporraldia heltzean sortzen dira gorabeherak.

Hala, laguntza ekonomikoa jasotzen dute udako hiletan sendiek. "Txekeak txanda bitan banatzen dira. Modu horretan, diru hori nahikoa den ala ez, eta txeke horiek janari freskoan eta oinarrizko elikagaietan gastatzen direla egiaztatzen dugu", azaldu dute Udaletik.

Leioako Gizarte Zerbitzuek 3.230 euroko partida bideratu dute aurten, udako oporretan 23 familia horien adingabekoak elikatzeko. Horren albotik, Sendiek egindako balorazioa oso positiboa izan da. Hori dela-eta, laguntza hori Gabonetako eta Pazko Asteko oporraldietara luzatzeko asmoa dauka Udalak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun