Vicrila egoera larrian

Mobilizazioakaz jarraituko dute bihar Vicrilako langileek

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 21a, 17:38
Joan den astelehenean Eusko Jaurlaritzaren ordezkariakaz batu ziren Vicrilako langileak, Bilbon.

Lamiakoko Vicrila beirategiaren egoera larria salatzeko asmoz, mobilizazioak egiten jarraitzen dute bertoko langileek. Besteak beste, martitzen honetan, azaroak 22, auto-karabana egingo dute inguruko herrietatik; goizeko 09:00etan abiatuko dira lantegitik. Zapatuan, ostera, jendetza batu gura dute Bilboko kaleetan; 11:00etan Moyua plazatik abiatuta, manifestazioa egingo dute Arriaga antzokiraino. "Aste-akabuan egitea erabaki genuen, langileok senideakaz batera parte hartu ahal izateko; bide batez, EAEn desindustrializazioa abiadura bizian ematen ari dela azaleratu gura dugu", adierazi du Iñaki Icaza Vicrilako langile-batzordeko presidenteak.

Icazak ohartarazi duenez, abenduaren erdialdean egoera "jasangaitza" bilakatuko da, "gastuak diru-sarrerak baino handiagoak izango direlako". "Enpresako zuzendaritzak ikusten duen irtenbide bakarra produzitzeari uztea da; hilabete batean lan egin eta hurrengoan gelditzea gura dute", adierazi du Vicrilako langileen ordezkariak. Hala, Lamiakoko beirategiaren iraupena bermatu ahal izateko, diruz laguntzea eskatu zioten beharginek Eusko Jaurlaritzari; azaroaren 14an bildu ziren Gasteizko Gobernuko ordezkariakaz. Batzar hori, ordea, "etsigarria" izan zela dio Icazak. Azaldu duenez, "dirua eskatu genien eta Europak horrelakorik egiten ez duela uzten erantzun ziguten. Gauzak horrela, bankuek finantziazio-lerro berriak ezar ditzaten, bitartekaritza-lana egin dezala galdegin genuen". Vicrila "zulotik irten" dadin, gehiago inplikatzea eskatzen diote langileek Eusko Jaurlaritzari.

ARC Frantziako multinazionalak berriro erosi gura omen du Vicrila; gaur egun, hartzekodunen konkurtsoan dago Lamiakoko beirategia. Hala, balizko erosle gehiago aurkitzen laguntzea ere eskatu zion langile-batzordeak Eusko Jaurlaritzari. "Daborduko lantegia erosteko prest egongo litzatekeen funts bat aurkeztu dutela erantzun ziguten", esan du Icazak.

Azaroaren 14an ere Leioako Udalbatzarrak hartutako erabakia goretsi dute langileek. Besteak beste, Lamiakoko beiragintza-lantegia kokatuta dagoen industria-zoruaren kalifikazioa ez aldatzea eta Eusko Jaurlaritzari laguntza eman dezan eskatzea onartu zuten, aho batez, alderdi politiko denek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun