Urtarrilaren 1etik aurrera Urdulizko ospitalerako autobusa igaroko da Leioatik

Iker Rincon Moreno 2016ko abe. 31a, 12:00
Bilbo eta Getxo arteko Bizkaibusa, 2012an. CC-BY URIOLA

Urtarrilaren 1etik aurrera, Urdulizko ospitaletik pasatuko den Bizkaibus A3531 autobusak Leioako udalerrian zazpi geraleku edukiko ditu. Linea hori, hain zuzen ere, Mungiara iristen da. Hauxe izango da linearen izena: Leioa – Urdulizko ospitalea - Gatika – Mungia.

Hori horrela, astelehenetik barikura, ordubeteko maiztasuna edukiko du (06:30etik 20:30era) eta Donibane kontserbatorioko geralekutik irtengo da. Gainera, geraleku hauek izango ditu: Elexalde (Auzo Etxea), Ondiz, Artatza (suhiltzaileak), Negurigane eta Telleria; ondoren, Getxora sartuko da eta Berango eta Sopelatik igaroko da, Urduliz zedin ospitalera heltzeko. Gero, Laukiz eta Gatikatik igaroko da, eta Mungian amaituko du ibilbidea.

Zerbitzuak, zapatuetan, ordubeteko maiztasuna edukiko du 06:30etik 14:30era eta bi orduko maiztasuna 14:30etik 20:30era. Jaiegunetan, aldiz, bi orduko maiztasuna izango du 08:10etik 20:10era.

Informazio gehiago jasotzeko.

Itzultzeko, Mungiatik irtengo da eta maiztasun bera izango du lanegunetan 07:00etatik 21:00etara. Zapatuetan, orduro egongo da autobusa 07:00etatik 14:00etara eta bi orduro 14:00etatik 20:00etara. Jaiegunetan bi orduro irtengo da 09:30etik 21:30era.

Areeta Berango linea aldatu da

Horrez gainera, urte berriarekin batera, A3422 Areeta-Berango linea ere aldatuko da. Linearen irteera eta helmuga Santa Ana da, eta Gobelaurre, Artatza, Landabarri, Negurigane, Telleria biribilgunea eta Artea geralekuetatik igarotzen da.

Bizkaibusen arabera, Negurigane auzoaren eta Getxoko udalerriaren arteko konexioa handitzeko egingo da.

Informazio gehiago jasotzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun