Askartzak jokatuko du bihar Euskal Herriko Waterpolo Koparen finala

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 20a, 12:30
Askartzak irabazi zuen Euskal Herriko Kopa iaz. © ASKARTZA IGERIKETA ELKARTEA

Euskal Herriko Waterpolo Koparen lauko finalak jokatuko dira bihar, zapatuan, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren igerilekuetan, Iruñean. Uribe Kostatik Claret Askartzako emakumezkoen taldea da sailkatu den bakarra; leioaztarrak iazko txapeldunak izateaz gainera aurtengo kopa altxatzeko faboritoen artekoak ere badira.

Halere, Leioako izurdeek ez dute izango iaz euren alde jokatu zuen faktore bat: ez dute etxean jokatuko. Horren ordez, 9802 waterpolo-talde nafarraren igerilekuan lehiatuko dira, arerio nagusiaren domeinuan, alegia. Izan ere, finalaurrekoa talde unibertsitarioaren aurkako norgehiagoka izango da; partida 14:10ean hasiko da. Dema hori gaindituko balute, Askartzakoek aurre egin beharko diote beste finalaurrekoaren irabazleari: Eibarreko taldeari ala Bilbokoari.

Gizonezkoei dagokienez, klub berberak lehiatuko dira kopa eskuratzeko asmoz, salbuespen bategaz: Askartzak beharrean, Bidasoak jokatuko du.

Uribe Kostako taldeak

Euskal Herriko Kopa pasa den urtarrilaren 7an abiatu zen, emakumezkoen 8 taldegaz eta gizonezkoen beste 14 taldegaz. Getxok, Leioak eta Askartzak modalitate bietan parte hartu zuten. Final laurdenetara denak heldu ziren, gizonezkoen Getxo izan ezik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun