hiruka.eus

Leioaztarrak izateaz "harro" daude bertoko gazteak

Partekatu proiektuaren bidez, gazte leioaztarren parte-hartzearen inguruko diagnostiko "informala" egin gura izan du Udalak. "Leioako komunitateagaz identifikatzen diren, egitekotan zelan egiten duten, eta herria zelan sentitzen duten" ziren helburu nagusiak, Joxe Belmonte Hezkuntza eta Partaidetza teknikariak azaldu duenez. Ikerketa-lan hori egiteko, Etorkintza fundazioagaz elkarlanean jardun dira agintari leioaztarrak; aipatutako elkartea arduratu da neska-mutilakaz harremanetan ipintzeko bide egokiak topatzeaz. Bestalde, Buffalo Produkzioak taldeko kideek grabazioak eta bideoen muntaketa egin dituzte.

Ia ordu erdiko ikus-entzunezko lan batean jaso dute horren emaitza, eta abenduaren 15ean aurkeztu zuten Mendibile Jauregian; gazteek, hainbat udal-agintarik zein teknikarik, eta Etorkintzako kideek parte hartu zuten ekitaldian. Gainera, azterketaren ondorioakaz "harrituta eta pozik" daude agintari leioaztarrak. Partaidetza Sailak nabarmendu duenez, "Leioako gazteek euren komunitatean parte hartzeko gaitasun eta gogo izugarriak dauzkate. Aisian, kirolean, kulturan zein jendartean sare oso eraginkorra dauka Leioak, eta sare hori indartzeko potentziala itzela da".

Baieztatu dutenez, lonjetako eta kuadrilletako neska-mutilak euren artean harremanak dauzkate. Bestalde, "ideologia politikoek ez dituzte euren arteko harremanak oztopatzen", udal-agintarien berbetan. Baina, zalantza barik, bertoko gazteak leioaztarrak izateaz "harro" daudela jakiteak eragin du pozik handiena: "Leioa oso bizia da; lo-hiri kontzeptutik aldendu egin da", nabarmendu du Joxe Belmonte teknikariak. Udal iturriek emandako datuen arabera, 94 neska-mutilek eta 22 elkartek (zuzenean edo zeharka) parte hartu dute Partekatu proiektuan: Betiko ikastolak, Barandiaran institutuak, Lamiako Maskaradak, gazte-asanbladak eta Kantika Koralak, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa