Elkarrizketak

Iñaki Ziarrusta: "Egunero jasaten dugun biolentzia subliminala da"

Iñigo Fernandez de Martikorena 2017ko ots. 3a, 11:10
Iñaki Ziarrusta. HODEI TORRES

Iñaki Ziarrusta Hernaez antzerkilari bilbotarra da ATX Teatroa konpainiaren sortzailea eta "Fakiu" antzezlanaren zuzendaria. Azken lan horren gainean berba egin digu.

Datorren zapatuan egongo da "Fakiu" ikusteko aukera Kultur Leioan, Kultur Maratila zikloaren barruan. Bertan, Belen Cruz, Sandra Fdez. Agirre eta Gabriel Ocina aktoreek Fredi Paiaren testu bat antzeztuko dute, Ziarrustaren zuzendaritzapean.

Nondik dator "Fakiu" izen hori?

Esanahi nagusi bi dauzka: alde batetik, alde fonetikoari begiratuz gero, entzutean berehala ohartuko gara anglizismo batetik datorrela: "fuck you". Baina, begi-bistaz, bakarrik begiratzean, berez izenak ez digu ezer esaten. Ez dago ingelesez idatzita, entzuten den moduan baizik, ‘k’-gaz eta. Hor badago biolentzia modu subliminalean: begi-bistan ez digu ezer esaten, baina esan bezain pronto konturatuko gara irain bat dela, eraso bat dela. Nire ustez, horrek oso ondo azaltzen du egunero jasen dugun biolentziaren estiloa.

Lanak indarkeriaren gaia jorratzen du. Zein da egiten duzuen ekarpena?

Taularatu gura izan dugu zelanbait biolentzia edo indarkeria, baina hainbat motatakoa. Ez dugu arreta ipini herri honetan Estatuaren aldetik eta talde armatuaren aldetik eduki dugun biolentzia horretan, baina beste adibide batzuetan, bai. Ikuskizuna nahiko light-a izango da indarkeria benetan bere baitan sentitu duenarentzat, baina inoiz jasan ez duenarentzat apurtxo bat gogorra izan daiteke. Biolentzia hain da gai zabala; guk marrazki bat egin dugu, gizartean jasaten ditugun biolentzia mota desberdinakaz: administrazio publikoan, eskolan, familian, genero-indarkeriaren gainekoakaz... eta emakumeek jasaten duten biolentzia isilagaz ere  bai.

Orain arte zuek espero bezala erantzun dute ikusleek?

Denetarik egon da. ATX Teatroak egiten dituen ikuskizun denetan beti daukagu binarismo hau: batetik, izugarri gustatzen zaion jendea dago; bestetik, beste jende mota bat dago, horiek ez dituzte batere gustuko gure ikuskizunak. Antzezteko modu oso markatua daukagu, eta ez dugu inongo ikusle ez hotz ez bero uzten.

Zelakoa da Fredi Paiagaz lan egitea?

Oso aberatsa izan da guretzat. Hasiera batean, pentsatzen nenbilen "idazle bat behar dut". Euskal Herrian, nahiko gabezia handia daukagu dramaturgia idazten duten pertsonei dagokienez. Nik behar nuen idazle "punky" bat eta, argi denez, burura etorri zitzaidan lehenengo pertsona Fredi Paia izan zen. Proposatu nionean, ideia asko gustatu zitzaion, berehala eman zidan baiezkoa, eta oso ondo. Gero, egia da, dramaturgiaren aldetik, oso desberdina dela idaztea eta antzerkia egitea, izugarri diferentea. Hor ibili ginen bion artean joan-etorri asko egiten testuagaz. Azkenean erdi hibrido bat egin dugu.

Prozesuak zenbat denbora iraun du?

Gure prozesuak nahiko luzeak izaten dira. Ideia datorrenetik estreinatzen dugunera arte, gutxi gorabehera, urte bi ematen ditugu.

Zer edo zer gehiago jakin behar du ikusleak obraren gainean?

Ikuskizun honetan badago gauza bitxi bat: akabuan, amaiera posible bi dauzka. Publikoak erabakiko du ikuskizuna zelan amaituko den, botoa emanez. Horrenbestez, amaiera ezberdin bi entseatu dituzte aktoreek. Horregaz ere halako espektatiba bat sortzen dugu publikoarengan, berriro etortzeko gogoa, ikusi ez duen beste amaiera hori ikusteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun