Umore Azokan parte hartuko duten 50 antzerki-taldeak aukeratu dituzte

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 24a, 13:12
Larrua taldeak irabazi zuen iaz Artista/ikuskizun berri Onenaren Saria, “Larrua” lanagaz. © UMORE AZOKA

Leioako Udalak antolatutako Kaleko Artisten Azokak daborduko aukeratu ditu aurtengo edizioan parte hartuko duten 50 konpainiak; maiatzaren 18tik 21era egingo da aurtengo edizioa. Lehiaketaren kudeaketa artistikoaren ardura daukan Kultura Sailak jasotako 500 proposamenen azterketa zorrotza egin du; azkenean, Euskal Herriko 22 konpainiak, Espainiako Estatuko 20k eta atzerriko 8k parte hartuko dute.

Aurreko edizioetan legez, programatutako ikuskizun gehienak estreinaldiak izango dira, sektore profesionalean, behintzat; Leioara doazen ikus-entzuleek, egungo kaleko arte-panoramako konpainia garrantzitsuenetako proposamenak ikusteko aukera izango dute; horietako batzuk estreinatu barik daude. Horrela, Umore Azokak erabateko 22 estreinaldi, kaleko 3 estreinaldi, estatu-mailako estreinaldi bi, aurre-estreinaldi bat eta "work in progress" bat jasoko ditu.

Halaber, aurten ere, Bertako Eszena ekimena ere egingo dute; horretan, artista leioaztarrek euren lekua izango dute. Bertako talentuaren aldeko apustua egingo duten bigarren urtea izango da; iaz lortutako emaitzak "pozgarriak" izan ziren, Umore Azokaren antolatzaileen berbetan.

Guztira, 150 emanaldi baino gehiago egongo dira, Leioako aire zabaleko guneetan eta ohikoak ez diren lekuetan; doako sarreragaz eta ikus-entzule denentzat egokiak diren askotariko diziplinetan. Antzerkia, dantza eta zirku-garaikidea izango dira, aurten ere, programazioaren ardatzak. Azpimarratzekoa da mota guztietako generoak egongo direla: musika, bertsolaritza, magia, clowna, piroteknia, multimedia, txotxongiloak eta automatak; eta fakirismoa ere bai.

Euskal Herriko taldeak

Euskal Herriko 22 konpainiek 23 ikuskizun eskainiko dituzte, eta horien arteko 16 lehen aldiz ikusi ahal izango dira. "Horrek indartu egiten du Leioak gure herrialdeko kaleko sorkuntza-lanen erakusleiho gisa betetzen duen lekua", arduradunek azaldu dutenez. Halaber, 20 konpainia etorriko dira Estatutik Leioara: Kataluniako 9 konpainia, Andaluziako 3, Gaztela Leongo 2 eta Gaztela-Mantxako, eta Madrilgo, Balear Uharteetako eta Murtziako bana, hain zuzen ere.

Nazioarteari dagokionez, kaleko arte-eszenikoetan erreferentziazkoa den Frantzia izango da, aurten ere, konpainia gehien ekarriko dituena: lau, gehi Uruguaygaz batera egindako ekoizpen bat. Hungariatik, Herbehereetatik eta Suitzatik heldutako taldeak ere egongo dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun