Pop-rock lehiaketan izena eman daiteke, Leioako Aterpe Gaztegunean

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 1a, 16:00
Iazko pop-rock lehiaketa irabazi zuen taldea. © BLACK OCEAN WITNESS

Aterpe Leioa Gazteguneak aurkeztu ditu daborduko XVII. Pop-Rock lehiaketaren oinarriak. Parte hartu gura duten musika-taldeek apirilaren 7ra arteko epea izango dute, gutun-azal batean eta posta ziurtatu bidez, gutxienez bost abesti dituen CDa helarazteko. Diskoagaz batera, parte-hartzaileek izen-emate orria bete eta bidali beharko dute, eskatutako datu guztiakaz, gutun-azalean ondokoa ipiniz: Leioako XVII. Pop Rock Lehiaketa. Aterpe Leioa Gaztegunea. Aldapabarrena, 2. 48940 Leioa. Bizkaia. Taldearen izena agertzeaz gainera, kanten izenburuak ere idatzi beharko dituzte CDan.

Parte-hartzaileek bi modalitateetako batean izena eman beharko dute: pop-rockean ala metalean. Sariketaren lehenengo fasean, jasotako disko denen artean, epaimahaiak maila bakoitzeko talderik onenak aukeratuko ditu, hau da, maiatzaren 8rako; hautatutako musika-taldeek San Juan jaietan joko dute. Kontzertuen ostean erabakiko dute irabazlea zein den. Lehiaketaren oinarrietan agertzen den legez, antolatzaileek erabakiko dituzte saio horien datak eta ordutegiak.

Hala, modalitate bakoitzeko irabazleek 1.200 euroko saria jasoko dute. Gainera, orokorrean, lehiaketako talderik onenak beste 400 euro jasoko ditu. Bitartean, Udalak 600 euro emango dizkio musikari leioaztarrez osatuta talde onenari, eta Euskara Zerbitzuak beste 600 euro gure hizkuntzan kantarik onena aurkezten duen taldeari. Azken horiek biek ere jaietan jotzeko aukera emango diete. Aurreko edizioetan bezala, gura duten talde denek sariketan parte hartzeko aukera edukiko dute, disko bat baino gehiago kaleratu eta aurreko edizioetan sari nagusiren bat irabazi dutenek izan ezik. Eta betebeharreko baldintza da 14 eta 35 urte bitartekoak izatea taldekide bi, gutxienez. Adin txikikoek gurasoen edo tutoreen baimena aurkeztu beharko dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun