Gaubekak binakako bigarren partida jokatuko du barikuan Mungian

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 1a, 21:22
Esteban Gaubeka. © INNPALA

Esteban Gaubeka Mendizabal "Oilar" armintzarrak barikuan jokatuko du Munduko Pilota Batzarraren Binakako Pala Txapelketa Nagusiko bigarren partida, Ibai Perez sestaorragaz batera. Hitzordua 19:30ean izango da Mungiako udal pilotalekuan, eta bertan Dan Necol eta Xabier Ibargarai izango dituzte arerio.

Bikoteak aldakorrak diren txapelketa bitxi honetan, Perezek eta Necolek Landeta eta Brefel garaitu zituzten pasa den astean. Gaubekak eta Ibargaraik, ordea, Pablo Fusto eta Imanol Ibañezen aurkakoan galdu egin zuten, 3-1. Gaubekak eta Ibargaraik lortu zuten lehen jokua, 9-5eko markagailuari buelta eman eta 9-10 irabazita. Fusto eta Imanoli gorriei min egin zien horrela galtzeak eta bigarrenean ordainarazi zieten urdinei, 10-6 sartuz.

Hurrengo bi jokuak 10-9 bukatu ziren, biak gorrien alde. Tantu ikaragarriak jokatu zituzten lau izarrek baina denetan bat nabarmendu behar izanez gero Imanol izango litzateke onena. Eman eta oso gutxi huts egin zuen Ezkerraldekoak. Argentinarrak ezkerrez soilik jokatu zuen baina hala ere asko da. Aurkariek ere ondo jokatu zuten baina irabazleek baino huts gehiago egin zituzten eta hor joan zitzaien partidua.

Kontuak hala, Gaubekak ezin izan zuen errebantxa hartu Fustoren aurka, argentinarrak banakako munduko pala-txapelketako finala irabazi ostean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun