Bizkaia Kosta Trail jokatuko da Lemoizen, domekan

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 15a, 11:29
Bizkaia Kopa Trailen artxiboko irudia. © ITZIAR ORTIZ DUYOS - BKT

Domekan, hilaren 17an, Lemoizek hartuko du BKT Bizkaia Kopa Trailen bigarren etapa. Daborduko dortsal denak agortu dira, eta ez da, beraz, izen-ematerik egongo probaren egunean. BKT mendi-kirolaren liga da; zortzi etapa ditu, eta kirol-osagai lehiakorrak zein ez lehiakorrak batzen ditu.

Lehiatu gura dutenek honako probak izan dituzte aukeran: 10 eta 22 kilometroko trailak, mendi-bizikletako 22 kilometroko lehiaketa, eta 9,5 kilometroko txakur-krosa. Euren kabuz kirola egitea bakarrik gura izan dutenek, ordea, 9,5 eta 22 kilometroko martxetan izena eman ahal izan dute.

BKT elkartasun-ekimena da, eta horregatik Stop Sanfilippo Fundazioagaz batera egiten du behar. Stop Sanfilippo-k izen bereko sindromearen aurkako ikerketa bultzatzen du, osabidea edo tratamendua lortzeko helburuagaz. Horrez gainera, fundazioak gaixotasuna duten umeen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzea gura du, gaixotasunaren ezagutza hedatzeagaz batera, diagnosi goiztiarrak egiteko. Bide horretan, Bizkaia Kosta Trailak domekan telefono zaharrak eroateko deia egin du, fundazioari emateko. Inskripzioa egin dutenek dortsala batu ahal izango dute goizeko 08:00etatik aurrera, Armintzako Portubide kalean. Handik ordubetera hasiko dira lehiaketako probak zein lehiaketatik kanpokoak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun