Nagusientzako euskara ikastaroak antolatu dituzte

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 6a, 13:05

Gurasoentzako eta aitona-amonentzako euskara ikastaroak antolatu ditu Lemoizko Udalak, AEK Euskaltegiagaz elkarlanean. Horietan izena emateko epea zabalik dago. Taldea sortuko balitz, eskolak Lemoizen bertan emango lituzkete. Ikastaroon helburua da nagusiak euren seme-alabakaz edo ilobakaz euskaraz elkar ulertzea, eta horiei lagundu ahal izatea eskolako lanetan zein ohiko bizitzan ere bai.

Azaldu dutenez, "Lemoizko Udalak euskararen erabileraren alde apustu finkoa egin ondoren, ahalegin ekonomiko izugarria egin du» 2016-2017ko ikastaro honetan; hala, «aurreko urteko 90 orduko ikastarotik, aurten 120 ordukora pasatuko da, eskaintza hobetuz".

Ikastaroan izen-eman gura izanez gero, Gorlizko, Plentziako edo Urdulizko AEK euskaltegietara jo daiteke; bertan informazio gehiago eskainiko dute. Ikastaroa doakoa izango da eta 2017ko ekainean amaituko da. Hala, ikasturte osoko iraupena izango du. Izena emateko epea urriaren 14an amaituko da; kurtsoa urriaren 18an hasiko da-eta. Ez galdu aukera!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun