Kirolak 2007-05-09 22:16

Armintzako frontoia eraberrituko dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizko Udalak Armintzako frontoia eraberritzeko proiektua onetsi zuen orain aste batzuk. Izan ere, azpiegitura hau herrian egiten ari den "hirigintza eraldaketa prozesuaren barruan" sartuta dago, Jesus Botejara alkatearen hitzetan. Jardun honekin udal zuzkidurak hobetzeko plana hasi dugu”, dio agintariak. “Apurka-apurka" egin nahi dute, "Armintza piztu eta pilota-zaletasuna sustatzeko”. Eraikin honen irudia modernizatzeko obrek aldagelak eraberritzea ekarriko dute: orain arte bakarra izan da eta aurrerantzean bi izango dira, eta ikusleentzako komunak, sarrerako solairuan egongo dira. Beste alde batetik, aldageletarako sarbide irteera egingo da; kontrakantxatik larrialdietarako irteera ere izango dena. Guztira, 205 ikuslerentzako tokia izango du. Argazkian, ezkerrean, Botejara Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako alkateekin, prentsaurreko batean.
  Kultura 2007-05-09 21:57

Larunbatean 32 artisauk parte hartuko dute Armintzako azokan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Armintzako VIII. Artisautza Azoka ospatuko da mariatzaren 12an, larunbata. Bertara, Euskal Herriko hainbat tokitatik helduriko 32 eskulangilek parte hartuko dute, euren produktuak erakutsiz. Azokan, zurezko tailuak, ezpelez egindako mahaiko-tresnak, zeramika, haragi ekologikoa, Idiazabal gazta, txakolina eta sagardoa edota hestebeteak erosi ahal izango dira, besteak beste. Antolakuntzaileek jakinarazi dutenez, "Euskal Herriak estilo propioarekin garatu duen adierazpen espiritual eta materialen aberastasuna" sustatzeko balioko du ekimenak. Gainera, Errenteria, Gernika, Bilbo edo Gatikako profesionalek hartuko dute parte, besteak beste. Azokak 11:00etan irekiko ditu ateak eta 15:00etan bukatuko da. Argazkian, artisautza azoka bat artxiboko irudi batean.
  Jendartea 2007-05-02 21:54

Armintzan aurkitutako hilotza identifikatzeko laguntza eskatu du Ertzaintzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Martxoaren 25ean Ertzaintzak lagun baten gorpua erreskatatu zuen Armintzako hondartzako haitzetan, Lemoizen. Gertaerak arratsaldeko ordu bat eta erdiak aldera jazo ziren, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak zabaldutako bertsioaren arabera. Hilotzaren presentziaz ohartarazi zuen partikular batek SOS Deiak Koordinazio Zentroa. Agenteak bertaratu ziren eta gorpua haitzetan zegoela eta gerrian janzkiren bat zuela egiaztatu zuten. Zendutakoak ez zuen dokumentaziorik eta gihar aldeak falta zitzaizkion, beraz, ezin izan zuten bere sexua jakin. Orduan, Auzitegi-Medikuntzako Euskal Erakundera eraman, eta autopsia egin ostean, latindar eta 50 eta 70 urte arteko gizonezkoa zela jakin zuten. Horrez gain, 169 zentimetroko altuera eta ile zuria zuela eta hortzeria ez zuela egiaztatu zuten. Hildako gizona identifikatzeko daturen bat eman dezaketen pertsonen laguntza eskatu du Euskal Poliziak, eta 946 270 500 telefono zenbakiaren bidez Gernikako ertzain etxeko argiketa atalarekin harremanetan jartzeko eskatu die. Argazkian, Ertzaintzaren helikopteroa.
  Jendartea 2007-02-13 20:47

Lemoizko zentral nuklearreko lurrak enkantean jarriko dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Espainiako Industria Ministerioko iturriak aipatuz, Lemoizko zentral nuklearraren lurrak lehiaketa publikoan ateratzeko oinarriak prestatzen ari direla adierazi du Eitb24k. Enpresa interesdunek haien eskaintzak egiteko epea maiatzean edo ekainean hasiko da, baina Iberdrolak lehentasuna dauka eta egingo den eskaintzarik onena berdintzeko aukera izango du, besteak beste, gas-horniketa hurbil duelako eta elektrizitateari irteera emateko azpiegitura daukalako zentral horrek. Dagoeneko 2005eko maiatzean asmoa hori zela iragarri zuen Madrlgo gobernuak. Aurretik ere, 2004ko uztailean, lur horietan, Iberdrolak 800 Mw-eko ziklo konbinatuko zentral elektrikoa (1.600 Mw-etara zabal daitekeena) jarri nahi zuela aipatu zuen orduko Bizkaiko Enplegu Sustapen eta Prestakuntzarako ahaldun Sabin Aranak, baina enpresak gezurtatu egin zuen. Argazkian, Lemoizko zentral m¡nuklearreko inguruak.
  Jendartea 2007-01-29 22:10

Lemoiztarrek ia 5.800 kilo ehun-gai eta 31.900 kilo beira birziklatu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizko herriak birziklatzeko sena ondo sartuta daukala "ez da albiste" tokiko agintarien hitzetan. Ondorio horretara heldu dira Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak ehun-gai, beira, eta olioei buruz ataratako datuak aztertuta. Lemoiztarrek 2006an zehar 5.782 kilo ehun-gai birziklatu zuten, Armintza eta frontoi ondoan kokatutako edukiontzietan. Datu horren arabera, biztanleko 5,907 kilo dira. Beirari dagokionez, 31.883 kilo batu dituzte, biztanleko 32,57 kilo. Azkenik, 142 kilo olio jaso dira, biztanleko 0,0934. Argazkian, ehun-gaiak biltegi batean, birziklatuak izateko.
  Politika 2007-01-10 16:27

Guardia Zibilarekin izandako tiroketan jasotako zaurien ostean hil zen orain 29 urte David Alvarez Peña

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri David Alvarez Peña, ETAko militantea, Lemoizko zentral nuklearraren aurkako ekintza batean zauritu eta hilebete batera hil zen Basurtuko ospitalean. Aste honetan 29 urte beteko dira, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bitartez gogoratu duenez. 1977ko abenduaren 18an, igandean, lau gazte zentral nuklearraren aurkako atentatua prestatzen ari ziren. Aurreneko tiroa goizeko 6:20ak aldera entzun zen, eta atzenekoa hamar minutu beranduago. Hamar gizon, sei goardia zibil eta lau laguneko komandoa, elkarri tiroka ari ziren. Goardia Zibilaren egoitzako ateari eraso egitera zihoala, hurbileko barrakoi batetik bi agenteek egindako tiroek ezustean harraptu zuten komandoa. ETAko militanteek ez zituzten bi hauek ikusi. Goizeko 6:30ean dena amaitua zen. David Alvarez Peña lurrean zetzan, oso larri zaurituta. "Behin ospitalean Guardia Zibilen jazarpen eta presioen ondorioz hil zen David", errepresioaren aurkako erakundeak salatu duenez. Argazkian, David Alvarez Peña / Etengabe.
  Jendartea 2007-01-08 22:16

Berdintasun plana abian du Lemoizek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizko Udalak gizonezkoen eta emakumezkoen lehenengo Berdintasun-plana abian du, “bertan, berdintasunezko etorkizuna lortzen lagunduko diguten hainbat ekintza eta konpromiso bildu dira, udalerriko emakumeentzat ez ezik, baita biztanleria osoarentzat ere”, dio Pedro Jesus Botejara alkateak. Plana garatzeko udalerriko zenbait emakumeri hainbat elkarrizketa egiteaz gain, udaletxeko langileak ere elkarrizketatu dituzte, udal arduradunek azaldutakoaren arabera. "Elkarrizketa horietatik eskuratutakoaren ondorioz, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko aukera- eta tratu-berdintasunaren esanahiari buruzko sentsibilizazio- eta informazio-politika egin beharra dago", adierazi dute. Argazkian, ezkerrean, Botejara Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak Berdintasun Atala izango zuela iragarri zuen prentsaurrekoan, martxoaren 3an.
  Jendartea 2006-12-20 19:46

Milioi bat euro baino gehiago gastatuko dute Armintza urbanizatzen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizko Udalak Armintzako herrigunearen eraberritze lanak abiatu ditu jada. Udal iturriek jakinarazi dutenez, bi zatitan egingo dira: Talaia izenekoa orain pare bat aste hasi ziren egiten, eta 1.196.000 euroko udal inbertsioa suposatzen du. Neurri batean, Eusko Jaurlaritzaren Izartu programak diruz lagundutako obra da. Horrela, zazpi hilabetetan zehar, 5.801 metro koadro urbanizatuko dituzte. “Hartuko dituen aldeak eliza eta Talaia urbanizazioarena izango dira”, Pedro Botejara alkateak argitu duenez. Gaineratu duenez, “obra gauzatzeko, garapen iraunkorreko irizpideak hartu dira kontuan obra gauzatzeko eta, bide batez, ingurumena ez kaltetzeko”. Argazkian, Armintzako portua.
  Kultura 2006-11-29 14:11

Lemoizen asteburu osoan ospatuko dute Euskararen Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Abenduaren 3an izango den Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, ostiral arratsaldetik aurrera egongo dira aurrentzako jarduerak Lemoizen. Horrenbestez, Kulkik antolatutako herri kirolek eta baserriko jolasek emango diete hasiera, 18:00etan, ospakizunei. Bi orduz edukiko dute ondo pasatzeko aukera neska-mutilek, Armintzako pilotalekuan. Larunbaterako, berriz, saio bikoitza prestatu dute: 12:00etatik aurrera, “Ilargiaren lapurra” ipuina kontatuko du Rosa Mª Martinezek, Armintzako kultur etxean; eta 18:30ean, "Amama Pantxikeren altxor ezkutua" lana antzeztuko du pilotalekuan Zenbat Gara elkarteak. Azkenik, Euskararen Eguna ospatzeko, jolas parkea (ludoteka, mini golf pista, trebetasunen zirkuitoa...) jarriko dute frontoian, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era. Argazkia: umeentzako jarduerak izango dira asteburu osoan Lemoizen.
  Jendartea 2006-11-09 22:31

CD eta DVDak birziklatzeko edukiontzia jarri dute Lemoizko udaletxean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Birziklatze eta iraunkortasuneko udal politikari jarraiki", balio ez duten CDak eta DVDak birziklatzeko edukiontzia jarri dute Lemoizko udaletxeko lehen solairuan. Horrela, bildutako euskarri optikoak birziklapen-enpresa bateraino eramango dituzte. Enpresa hau bere tratamenduaz arduratuko da polikarbonatoa eskuratzeko. "Izan ere, material honetaz osatuta daude %99an eta, gainera, prestazio handiak ditu. Batez ere oso gardena delako eta ezaugarri mekaniko izugarriak dituelako, bereziki talkarekiko erresistentzia", azaldu du tokiko erakundeak. Horregatik, birziklatutako materiala automozioko sektorean erabiliko da, eskuleku, ate-irekitzea, barneko mekanismoen piezak... bezalako aplikazioetan.
  Kultura 2006-07-14 20:48

Bost talde bilduko ditu larunbat honetan Armintzako Txapel Reggae jaialdiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Armintzako Txapel Reggae 2006 jaialdia ospatuko da larunbat honetan, uztailak 15, Karmen jaiak direla eta. Ikusle ugari biltzen dituen ekimen honek bost talderen emanaldiak eskainiko ditu aurten, Garagardo Gura eta 12 Tribu euskal taldeak tartean. Horrela, 23:00etan, Eclipse Reggae talde tenerifearrak hasiko du jaialdia, eta ondoren joko dute Kisap (Valentzia), Mood Rakers (Madril), 12 Tribu –argazkian– eta Garagardo Gura, Lemoizko Udaleko iturriek gaur jakinarazi dutenez. Hala ere, kontzertuen aurretik jai-giroko beste hainbat jarduera izango dira Armintzan. Horrela, 12:00etatik aurrera haurrentzako tailerrak izango dira; 17:30ean Mus Txapelketa jokatuko da; eta 20:00etan sardinada herrikoia izango da.
  Jendartea 2006-07-10 21:21

Gasituako aparkalekuko lanak amaitzear ditu Lemoizko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizek doako aparkaleku berria du Gasituaren aldean; "horrekin asko hobetuko dira herriko azpiegiturak", udal iturriek jakinarazitakoaren arabera. Dagoeneko, erabil daiteke. Guztira, 3.671 metro koadro ditu, eta bertan 31 ibilgailu sartzen dira. Gainera, bateria erako bi aparkaleku‑lerro ditu, bien artean 5 metro zabaleko erreiarekin. Horrez gain, elbarrientzako tokia ere badago. Oinezkoak, zelaigunetik, errekaraino jaitsi daitezke, %7ko arrapala baten bidez. Arrapalak baranda bat du, babes metalikoa eta guzti. Uda pasatutakoan amaituko da behin betiko egokitzapena, zuhaitzak eta kaleko hainbat altzari jarriz.
  Kirolak 2006-07-10 21:07

Umeentzako abentura-jarduerak eskainiko dituzte uztailean Lemoizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizko Kultur Etxeak 7 eta 12 urte bitarteko umeentzat zuzenduak dauden abentura-jarduera ugari eskainiko ditu hilabete osoan zehar. Tokiko iturrien esanetan, interesik dutenek izena emateko "aukera badute oraindik". Uribe Kosta eskualdean "aintzindaria" den ekimen hau datozen hiru ostegunetan burutuko da, hau da, uztailaren 13, 20 eta 27an, goizeko 11etatik eguerdiko 12:30era, inguruneko toki ezberdinetan. Horrela, hilaren 13an umeak Goikomendiko zaldi-eskolara joango dira zaldi gainean ibiltzen ikastera; 20an, Txorropesko hondartzan piraguan jardungo dira; eta azkenik, 27an Urdulizko harkaitzetara eramango dituzte eskaladaz, tirolinaz eta arku-tiroaz goza dezaten. Argazkian, piraguistak Plentzian.
  Hezkuntza 2006-06-15 18:31

Etzi jaia egingo dute Lemoizko eskolan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Larunbat honetan, ekainak 17, Lemoizko hogeita hamar eskola umeek jaia ospatuko dute Urizarren. Jardunaldia jolas‑girokoa izango da, eta 11:30ean emango zaio hasiera, ikastetxean bertan. Neska-mutilek antzezlan bat egingo dute, eta “aldi berean, zenbait jolas eta puzgarriak jarriko ditugu eskola aurrean”, andereño batek adierazi duenez. 14:00etan, berriz, bazkari herrikoia egingo da elizako arkupeetan, eta 18:00etan mago batek amaiera emango dio jaiari.
  Jendartea 2006-06-14 22:13

Uda igarota mediku-kontsultategia izango du Armintzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizko Udala lokal bat (argazkian) prestatzen ari da Armintza auzoan, Atalaia kaleko 5. zenbakian, mediku-kontsultategi berria jartzeko. Horrek Atalaia plazakoa ordezkatuko du. Pedro Jesus Botejara alkateak azaldu duenez, “aurrekoa txiki geratu da. Gainera, herritarrei arreta hobea eman gura diegu; horregatik erabaki dugu inbertsio garrantzitsu hau egitea”. Proiektua beheko solairuaren barnealdea erreformatzeko da, azaldu dutenez, 126,55 metro koadroko azalera erabilgarria eta 3,70 metroko altuera dituena. “Obra bukatutakoan, oraingo lokalean eskaintzen diren osasun-zerbitzu guztiak instalazio berrietara eramango ditugu”, esan du Botejarak. Kontsultategi berria egiteko 133.303 euroko inbertsioa egin du Udalak. Uda ostean amaituko dutelakoan gaude.
  Jendartea 2006-05-25 18:55

Udal agiritegia informatizatuko dute Lemoizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizko Udalak agiritegia sistematizatzeko prozesuari ekin dio, artxiboa erabat kudeatu, antolatu eta bertan teknologia berriak ezarriko dituen sistema bat garatzeko asmoz. Pedro Jesus Botejara alkatearen esanetan, “horri esker, kudeaketak arinago egingo dira, Udalaren ogasuna hobeto kontrolatuko da eta udalerriko agiri historikoak errazago eskuratu ahal izango dira”. Agiritegiak 2.400 agiri baino gehiago du. Hain zuzen, horrexegatik antolatu behar da, agirien funtsak egitura logikoa izan dezan eta, gainera, agiriak errazago aurkitu daitezen. “Horrela agiritegia egoera onean egongo da eta zerbitzua babestu eta udaletxeari buruzko historia gorde egingo da”. Baina ez hori bakarrik, ikerketarako iturri bezala eta kultura zabaltzeko ere erabili ahal izango da.
  Jendartea 2006-05-09 15:55

Armintzekalde hondartza lemoiztarreko sarbideak hobetuko dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizko Udalak Armintzekalde hondartzako hiru sarbideak hobetzeko obrei ekin die. Lan horiek “udako denboraldia hasi baino lehenago hastea aurreikusita dago”, Pedro Jesus Botejara alkateak adierazitakoaren arabera. Hobekuntza-proiektu horrek 10.835 euroko inbertsioa ekarriko du, udal kutxaren kontura. Besteak beste, iparraldean, eskailera maila bat egin eta hormigoi armatuzko betelana egingo dute dutxak dauden aldean. Udalbatzak onartutako egitasmoak, gainera, areatzako sarbidearen alde zaharra berriarekin lotzeko egitura bat eraikitzea aurreikusten du. Hori, 8 milimetroko diametroa duten altzairu uhinduzko baranda ainguratuekin osatuko dute, udal iturriek jakinarazi dutenez.
  Jendartea 2006-05-09 15:37

Armintzan babestutako 52 etxebizitza berri egingo dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizko Udalak eta Neinor enpresa-sustatzaileak sinatutako hitzarmenari esker, 102 etxebizitza –horietako 56 babestuak– egingo dituzte Armintzako portuaren (argazkian) inguruan, udal iturriek jakinarazitakoaren arabera. Pedro Jesus Botejara alkatea pozik agertu da, “proiektu honi esker eragozpen handienak dituzten kolektiboek, esaterako gazteek, etxebizitza errazago eskuratu ahal izango dutelako”. Neinor-ek, bere aldetik, 20 milioi euro inbertituko ditu egitasmoan, eta bozeramaile batek nabarmendu duenez, “akordio honen bidez sendotu egingo da auzoa, hirigintzari dagokioez”. Etxebizitzak portua eta hondartza artean eraikiko dituzte, 20.000 metro koadro dituen orubean, “ingurune horretan hori baita azken lurzoru eraikigarria”. Urbanizatzeko obrak zein merkaturatzea “datorren urteko udan” hasiko dira, sustatzaileak berretsi duenez eta pisuak entregatzeko epea bi urtekoa izango da.
  Jendartea 2006-02-21 13:22

Aparkaleku berria egiten hasi dira Lemoizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gasitua aldean doako parking berria eraikitzen ari da Lemoizko Udala. Aparkalekuak 3.671 metro karratuko azalera izango du eta baterian aparkatzeko bi ilara egongo dira, 31 ibilgailurentzat. Erdiko erreiak 5 metroko zabalera izango du. Gainera, elbarrientzat beste ilara bat egingo da eta, zabalgunetik, oinezkoentzako bidea ere, errepide azpitik errekaraino, %7ko malda duen arrapala jarriz, metalezko barandakin. Eremu horretan ere berdegune ugari egongo dira, belar eta zuhaitzekin. Parkingean bi zuhaitz ipiniko dira bi tokitatik batean, autoak eguzkitik babesteko. Era berean, bankuak eta mahaiak jarriko dituzte. Lanak 137.529,62 euroko aurrekontuarekin egingo dira eta uztaila bitartean amaitzea espero dute.
  Jendartea 2006-02-14 14:45

Udalsarea 21eko kide da Lemoiz

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Eudelek eta Euskal Autonomi Erkidegoko 66 udalek osatzen duten Iraunkortasunaren Euskal Udalerrien Sarearen (Udalsarea 21) kide egin da Lemoizko Udala. Pedro Botejara alkateak zehaztutakoaren arabera, koordinazio eta elkarlan foro horren bitartez, udalerrian gauzatu nahi diren egitasmo sustatuko dira, "Tokiko Agenda 21 dinamizatuz eta, estrategia amankomuna erabilita, udal gestioan iraunkortasun irizpideak ezarriz". Horretaz gain, "EAEn indarrean dauden garapen iraunkorrari buruzko politiken barruan, Lemoizek egin beharreko lana indartu egingo da", udal agintariaren hitzetan. Argazkian, Armintzako portua.

Nabarmenak