Jendartea 2006-05-09 15:37

Armintzan babestutako 52 etxebizitza berri egingo dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizko Udalak eta Neinor enpresa-sustatzaileak sinatutako hitzarmenari esker, 102 etxebizitza –horietako 56 babestuak– egingo dituzte Armintzako portuaren (argazkian) inguruan, udal iturriek jakinarazitakoaren arabera. Pedro Jesus Botejara alkatea pozik agertu da, “proiektu honi esker eragozpen handienak dituzten kolektiboek, esaterako gazteek, etxebizitza errazago eskuratu ahal izango dutelako”. Neinor-ek, bere aldetik, 20 milioi euro inbertituko ditu egitasmoan, eta bozeramaile batek nabarmendu duenez, “akordio honen bidez sendotu egingo da auzoa, hirigintzari dagokioez”. Etxebizitzak portua eta hondartza artean eraikiko dituzte, 20.000 metro koadro dituen orubean, “ingurune horretan hori baita azken lurzoru eraikigarria”. Urbanizatzeko obrak zein merkaturatzea “datorren urteko udan” hasiko dira, sustatzaileak berretsi duenez eta pisuak entregatzeko epea bi urtekoa izango da.
  Jendartea 2006-02-21 13:22

Aparkaleku berria egiten hasi dira Lemoizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gasitua aldean doako parking berria eraikitzen ari da Lemoizko Udala. Aparkalekuak 3.671 metro karratuko azalera izango du eta baterian aparkatzeko bi ilara egongo dira, 31 ibilgailurentzat. Erdiko erreiak 5 metroko zabalera izango du. Gainera, elbarrientzat beste ilara bat egingo da eta, zabalgunetik, oinezkoentzako bidea ere, errepide azpitik errekaraino, %7ko malda duen arrapala jarriz, metalezko barandakin. Eremu horretan ere berdegune ugari egongo dira, belar eta zuhaitzekin. Parkingean bi zuhaitz ipiniko dira bi tokitatik batean, autoak eguzkitik babesteko. Era berean, bankuak eta mahaiak jarriko dituzte. Lanak 137.529,62 euroko aurrekontuarekin egingo dira eta uztaila bitartean amaitzea espero dute.
  Jendartea 2006-02-14 14:45

Udalsarea 21eko kide da Lemoiz

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Eudelek eta Euskal Autonomi Erkidegoko 66 udalek osatzen duten Iraunkortasunaren Euskal Udalerrien Sarearen (Udalsarea 21) kide egin da Lemoizko Udala. Pedro Botejara alkateak zehaztutakoaren arabera, koordinazio eta elkarlan foro horren bitartez, udalerrian gauzatu nahi diren egitasmo sustatuko dira, "Tokiko Agenda 21 dinamizatuz eta, estrategia amankomuna erabilita, udal gestioan iraunkortasun irizpideak ezarriz". Horretaz gain, "EAEn indarrean dauden garapen iraunkorrari buruzko politiken barruan, Lemoizek egin beharreko lana indartu egingo da", udal agintariaren hitzetan. Argazkian, Armintzako portua.
  Ekonomia 2006-01-16 13:43

Agenda 21 ekintza plana onartu du Lemoizko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizko Udalak iragan den ostegunean, urtarrilak 12, onartu zuen 2020ra arte bere garapen iraunkorrerako iparorratza izango den Agenda 21 ekimenaren tokiko ekintza plana. Planak 57 ekintza zehatzak jasotzen ditu eta Pedro Jesus Botejara alkatearen arabera bere helburu nagusia “2020 urtera arte garapen iraunkorra lortzea da, beti ere ekonomiaren hazkundea eta ingurumenaren garapena elkar lagunduz”. Ekintzarik zailena Atalaya plazaren aldaketa izango dela aurreikusten da. Izan ere, bertan zerbitzu kopurua handitzeko eta lan sorrera bultzatzeko egingo diren hirigintza aldaketak egiteko 4 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin behar izango da.
  Kirolak 2005-12-04 18:45

Surflari bat erreskatatu dute Lemoizko zentralaren ondoko harkaitzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizko zentral nuklear zaharraren ondoko Basordas senaian dauden harkaitz arriskutsu batzuetaraino surflari bat eraman zuten atzo, larunbata, olatu bortitzek eta haize boladek, arratsaldeko 17:00ak aldera. Hasieran olatuek itsasorantza bultzatzen bazuten ere, kirolariak itsasertzeratzea lortu zuen, baina sartzeko zailak diren harkaitz batzuetaraino eraman zuen urak, bera bakartuz. Horren lekuko izan zen pertsona batek 112 larrialdietarako telefonora deitu zuen eta Herrizaingo Sailak erreskatea martxan jarri zuen. Lehenengo saiakerak helikopteroak eta itsasontziak erabiliz egin ziren, bilatutako emaitza lortu gabe. Izan ere, ezin izan zuten biktima erreskatatu, olatu bortitzek eta haize boladek oztopatu zutelako. Horrezkero, tokiko arriskugarritasuna ikusita, erreskatea lurretik egin behar zela erabakita zeukaten. Gernikako Talde Higikorraren zenbait ertzain labarrera jaitsi ziren eskalatzeko materiala zutela, suhiltzaileek potentzia handiko fokuak erabiliz lekua argitu zuten bitartean. Azkenik, I.F.A. erreskatatu eta Gurutzetako Ospitalera eraman zuten anbulantziaz, Ertzaintzak jakinarazi duenez.
  Jendartea 2005-10-26 23:47

Tasatutako salneurrian saltzeko 72 etxebizitza egingo dituzte Lemoizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bizkailur elkarte publikoaren bitartez, Uriza auzoan 72 etxebizitza berri eraikitzea aurrikusten du Lemoizko Udalak, tasatutako salneurrian salduko direnak. Horietako bat eskuratu nahi dutenek 1.950 euro ordaindu beharko dute metro koadroko. Guztira, sei etxebizitza-bloke egingo dira, behekoaz gain, beste hiru solairutakoa bakoitza; 20.440 metro koadroko azaleran. Udal iturriek adierazi dutenez, Bizkaiko Foru Aldundiko behin betiko onespena baino ez du behar egitasmoak. "Dagoeneko behin-behinekoz baietsi dugu guk", azaldu du Pedro Jesus Botejara alkateak.
  Jendartea 2005-10-08 21:59

Gasituan parking berria izango du Lemoizek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gasitua aldean doako parking berria eraikiko du Lemoizko Udalak. Horrela, "udalerriko azpiegiturak eta hondartzarako sarbideak nabarmen hobetuko dira", tokiko arduradunek adierazi dutenez. Egitasmoa hiri-lurrean gauzatuko dute. Aparkalekuak 3.671 metro karratuko azalera izango du eta baterian aparkatzeko bi ilara egongo dira, 31 ibilgailurentzat. Erdiko erreiak 5 metroko zabalera izango du. Gainera, elbarrientzat beste ilara bat egingo da eta, zabalgunetik, oinezkoentzako bidea ere, errepide azpitik errekaraino, %7ko malda duen arrapala jarriz, metalezko barandakin. Eremu horretan ere berdegune ugari egongo dira, belar eta zuhaitzekin. Parkingean bi zuhaitz ipiniko dira bi tokitatik batean, autoak eguzkitik babesteko. Era berean, bankuak eta mahaiak jarriko dituzte.
  Kirolak 2005-10-05 22:43

Asteburu honetan idi-proba "ikusgarriak" izango dira Andrakan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Andrakako probalekuak lehia biziak ikusteko parada emango du asteburu honetan. Izan ere, ostiraleko 21:00etatik aurrera eta astelehenera arte pisu konparatuko Idi Proben Corte Ingles Saria bertan burutuko da. Pedro Jesus Botejara Lemoizko alkateak esan duenez, "ikusle asko etortzea espero dugu, Andrakako probak beti izan direlako ikusgarriak eta jende guztia ibili delako pozik". Badaezpada ere, sari ugari izango dira parte-hartzaileentzat, lehenengo hamaika sailkatuek sari ekonomiko galantak etxera eramango baituzte. Irabazleak 1.083 euro eskuratuko ditu; 935, bigarrenak; 845, hirugarrenak; 755, laugarrenak; 695, bosgarrenak; 635, seigarrenak; 575, zazpigarrenak; 515, zortzigarrenak; 485, bederatzigarrenak; 454, hamargarrenak; eta, azkenik, 424 izango dira hamaikagarrenarentzat.
  Jendartea 2005-10-04 23:29

Armintzako herrigunea berrantolatuko du Lemoizko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizko Udalak ideia-lehiaketa deitu du Armintzako herrigunea berrantolatzeko asmoz. Talaiako plazan eta kalean egingo dira hobekuntzak, portura jaisteko gune nagusian alegia. Izan ere, "gaur egun hutsaren parekoa da horren urbanizazioa, eremu nahiko hondatuta baitago", udal arduradunek azaldu dutenez. Lehiaketaren baldintza-orrien arabera, ondoko hauek dira hobetu beharrekoak: espaloi txikiak (metro bateko zabalerara iristen ez direnak), egoera txarrean dauden asfalto zatiak eta itxura eskasa daukaten eraikinak. Horrenbestez, gunea zaharberritzeko proposamenetan, oinezkoak ibiltzeko moduko eremua jaso beharko da, "sartzeko erraza eta gainerako udal ekipamenduei egokiro lotuta egongo dena". Baita bizilagunei zuzendutako lur azpiko aparkalekua eta horren bideragarritasun ekonomikoari buruzko azterlana ere. (Argazkian, Armintzako portua).
  Kirolak 2005-09-08 23:16

Lemoizek III Zaldi Azoka ospatuko du igandean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Andrakako Berreaga auzoan kokatuta dagoen Goikomendi zalditegiak hartuko du igande honetan Lemoizko III Zaldi Azoka. Goiz osoan zehar, 10:00etatik 14:00etara, Goikomendin Espainiako zaldien ikuskizuna, pedigri duten lehiatzeko zaldiak, zaldien heziera eta zaldi-turismoa izango dira. Horrekin batera, hiru erakusketa egongo dira ikusgai: artisautza, elikagaiak eta zaldi munduari buruzkoak. Gaztetxoek, berriz, pintura lehiaketa, puxika tailerra eta ponyetan zamalkatzeko pista izango dute aukeran. Argazkian, Goikomendiko hiru zaldi / Goikomendi.
  Politika 2005-09-07 21:36

Lemoizko EAJ "frankistatzat" jo du Ipar Haizea herri ekimenak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Gara" egunkarian atzo argitaratutako gutunaren bitartez, abuztuaren 15ean Lemoizen gertatutakoa gogor kritikatu du Juan Luis Olaranek, Ipar Haizea ezker abertzaleko herri ekimenaren izenean. Andra Mari egunean bertan, herriko jaiak ospatzen ari zirela, 413.029 euro kostatu dituen Torreburu parkea inauguratu zuen Pedro Jesus Botejara alkateak. Olaranek adierazitakoaren arabera, "horren ekitaldi hutsala erabiliz, 1975etik herriak izandako alkate guztiei gorazarre egiteko eskuzabaltasuna erakutsi zuen Botejarak, Lemoizko armarria irudikatzen duen urrezko intsignia oparituz guztiei; baita azken alkate frankistari ere". Hori dela eta, gertaera "ugariak diren" Frankismoak eragindako biktima guztientzako "iraingarria" izan zela salatu eta Lemoizko EAJ ere "frankistatzat" jotzen du. "Demokrata den inork ezin du horrelakorik onartu", Ipar Haizeko kidearen ustez.
  Jendartea 2005-06-09 15:54

Lemoizko zentralaren kontrako mobilizazioei buruzko webgunea sareratu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Lemoizko zentral nuklearraren aurkako borroka bizirik mantentzeko asmoz", horren gaineko webgunea (www.killbush.net/lemoiz) sortu du Xploit|media taldeak. Euskadiko Antinuklear eta Ekologistek argitaratutako "Lemoiz 1972-1987" liburuan oinarrituta dago. Irudi guztiak liburu horretatik hartu dira, "Euskadi" atalekoak izan ezik, "Gernika 37-87" liburukoak baitira. Orotara, 400 argazki baino gehiago daude ikusgai gazteleraz bakarrik sareratutako webgunean. Baita gertaeren kronologia ere.
  Ekonomia 2005-06-02 18:55

Lemoiz eta Kostaldeko beste 11 udalek Arcachoneko Ituna etetea eskatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoiz eta Bizkaia eta Gipuzkoako beste hamaika udalerrien alkateek agiria izenpetu zuten atzo antxoaren arrantzaldia bertan behera uzteko eskatuz eta kaltetutako familiei elkartasuna adieraziz. PSE-EEk gobernatutako udalerriek ez zuten akordioarekin bat egin. "Arcachoneko akordioa bertan behera uzteko eskatzen dugu, arrantza-baliabideak ordainik gabe desjabetu baititu gurearekin lehian ari den flota baten mesedetan, gaur egun baliabideak neurriz gainetik esplotatzen ari dena hain zuzen", adierazi zuen agiria gazteleraz irakurri zuen Borja Jauregi Hondarribiako alkateak. Juan Carlos Goienetxea Bermeoko alkateak, aldiz, euskarazko testua aurkeztu zuen. (Argazkian, Armintzako portua. Irudia Raulen bitakoratik hartua da).
  Jendartea 2005-06-01 21:40

Espainiako Gobernuak elektrizitate zentral berria jarri nahi du Lemoizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Industria Ministerioak Lemoizko zentral nuklear zaharra enkantera ateratzeko asmoa du, bertan elektrizitatea sortzeko gasa erreko lukeen ziklo bateratuko zentrala jartzeko, “El Correo Español” egunkariak gaur argitaratu duenez. Iturri beraren arabera, gainera, Iberdrolak Lemoizko zentrala erosteko lehentasuna izango luke. Argazkian (Regentif.org), zentraleko irudi bat.
  Kultura 2005-05-13 22:10

Artisautza Azoka egingo dute bihar Armintzan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizko Artisautza Azokaren laugarren edizioa hartuko du larunbat honetan Armintzako portuak. Bertan, Euskal Herri osotik, eta bereziki Bizkaitik etorritako eskulangile eta nekazarien produktuak egongo dira ikusgai. Gainera, eskuz egindakoak ikusi eta gure baserrietako ohiko jaki eta edariak dastatzeaz gain, txala erreaz sabela betetzeko aukera izango dute, goizean goizetik, Armintzara hurbiltzen direnek. Eltzean egindako indabak eta haragi ekologikoa ere dastatzeko parada egongo da.
  Kultura 2005-04-04 20:57

Lemoizko eskolari erreportaje zabala eskaini dio "Hik hasi" aldizkariak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Herri txikiarentzat bizitza: Lemoizeko eskola" titulupean "Hik hasi" euskal heziketarako aldizkariak, kaleratu berri duen 97. zenbakian, hiru orrialdetako erreportajean jaso ditu Maite Landa eskolako zuzendari eta Bego Iturgaitz idazkariak iaz irekitako eskola txikiari buruz azaldutako makina kontu. "Muga guztien gainetik... euskaraz!" atalean jaso ditu horiek guztiak Donostiako aldizkariak. Horrela hasten da erreportajea: "Iaz ireki zituen ateak Lemoizeko eskola txikieak 13 haur eta Maite Landa eta Itsasne Atutxa andereñoarekin. Aurten ikasle kopuru bikoitza dute (24 haur), eta irakasle taldea ere bitik laura pasa da. Hurrengo urterako, Lehen Hezkuntza ere bertan eskaini ahal izatea da euren erronka. Pauso erraldoiak ematen ari den eskola txikia da Lemoizekoa".
  Jendartea 2005-03-21 21:38

Lemoizko bizilaguna zauritua suertatu zen igandean bere herrian edukitako istripuan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizko 25 urteko bizilaguna eraman behar izan zuten igande goizaldean Gurutzetako ospitalera, pronostiko erreserbatuko zauriekin, bere herrian bertan, Goikoerrota gurutzabidearen inguruan, gidatzen ari zen autoa Bi-2153 errepidetik atera ondoren. Ezbeharra zazpiak aldera izan zen, I.A.M. mutila bakarrik zihoan kotxean.
  Kultura 2004-12-10 21:01

Zapatu honetan ospatuko dute Euskararen Eguna lemoiztarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Euskararen eguna ospatuko dute Armintzako frontoian zapatu honetan (abenduak 11) lemoiztarrek, 18:30etik aurrera. Besteak beste, Kixkaren txotxongilo ikuskizunarekin gozatu ahal izango dute umeek. Bestalde, Gabonetako kirol parkea jarriko dute toki berean abenduaren 18 eta 19an.
  Jendartea 2004-11-18 22:35

Gurutzagune berria egingo dute Andrakan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko hitzarmenari esker, gurutzagunea egingo dute Andraka auzoan. Hain zuzen ere, astelehenean onartu zuen egitasmoa lurralde erakundeak eta 360.000 euro emango dituzte horretarako. Beste alde batetik, 300.000 euro jasoko ditu Erandioko Udalak, batez ere, BI-737 errepideko espaloiak konpontzeko. Guztira, 2.385.344 eurotan balioetsitako lanak onartu ditu Aldundiak, Bizkaiko hainbat herritako errepideak berriztatzeko.
  Jendartea 2004-07-27 00:06

Lemoizen zentral elektrikoa egin nahi duela Iberdrolak adierazi du Sabin Aranak eta enpresak gezurtatu egin du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Azken bost urteetan Bizkaiko Enplegu Sustapen eta Prestakuntzarako diputatu izan denak gaur egin du azken agerraldia kargu horrekin. Sabin Aranak komunikabideen aurrean bere gestioaren balantzea egin eta agerraldian Lemoizko Zentral Nuklearra izan behar zuenarentzat badagoela beste proiekturik esan du. Bere hitzetan, Iberdrolak hartuko luke berriz ere lur sail horien kudeaketa 800 Mw-eko ziklo konbinatuko zentral elektrikoa (1.600 Mw-etara zabal daitekeena) egiteko. Hala ere, eitb.com-en adierazten denez, Iberdrolak gezurtatu egin du Aranak esandakoa.

Nabarmenak