Kirolak 2008-11-18 20:33

Bazkari batekin egingo diote gorazarre Ibon Lavin txirrindulari lemoiztarrari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Larunbat honetan, azaroak 22, amaitu berri den denboraldian Bizkaiko txirrindulari amateur onena izendatutako Ibon Lavin lemoiztarrari egingo diote omenaldia. Horretarako, bazkaria jarri dute 15:00etan, Andrakako sagardotegian, 20 eurotan. Izena eman nahi duenak 630 979 070 (Igor) telefono zenbakira deitu beharko du, horretarako azken eguna hilaren 20a dela. Birle Herri Kirol Elkarteak urriaren 3an erabaki zuen, Mungiako Ehiztari eta Arrantzaleen Elkartean egindako batzarrean, Naturgaseko kirolari gaztea Bizkaiko txirrindularirik onena izendatzea. Aurreko urtetan izendatuak izan dira, Lander Euba, Francisco Gutierrez "Guti", Mikel Elgezabal, Igor Anton, Amets Txurruka, Beñat Intxausti eta J. Kastroviejo. Azaroan 7an eman zioten ziurtagiria, Jatabeko Jatazpi txokoan izandako afarian. 2008ko denboraldian beka jasoko duten txirrindularien artean, lemoiztarra aukeratu zuen Euskadi Txirrindularitza Fundazioak. Besteak beste, Alvaro Gonzalez de Galdeano eta Josu Larrazabal (prestatzaile fisikoa) eta Euskaltel-Euskadi txirrindularitza taldeko zerbitzu medikoen ardurapean egon da Lavin. Argazkia: Txirrindularirik Onena.
  Jendartea 2008-10-17 22:33

Salerosi zein trukatzeko aukera egongo da bihar Armintzan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Merkatu txikia eta truke azoka bitarteko ekimena da hirugarren urtez Armintzan egingo dutena, larunbat honetan, urriak 18. Hartara, Lemoizko Udalak parte hartu nahi duten guztiei egin zien deia, ahalik eta lasterren izena emateko. Asteartea izan zen horretarako azken eguna. Horrenbestez, bihar, honako hauek saldu edo aldatu ahal izango dira: liburuak, komikiak, arropa, jostailuak, kromoak, zigiluak, eta abar; aspalditik etxean daudenak eta erabiltzen ez direnak. Ekimena Armintzan egingo dute, 11:00etatik 15:00etara, asteburu horretan ospatzen diren Santo Tomas jaien barruan. Argazkian, Armintzan ez bezala, Algortan irailaren 26an eta 27an egindako merkatu txikian erosteko aukerarik baino ez zegoen.
  Jendartea 2008-10-08 23:11

Urriaren 18ko azokan salerosi zein trukatzeko aukera egongo da Armintzan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Merkatu txikia eta truke azoka bitarteko ekimena da hirugarren urtez Armintzan egingo dutena, urriaren 18an, larunbatarekin. Hartara, Lemoizko Udalak parte hartu nahi duten guztiei egin die deia, ahalik eta lasterren izena emateko. Hilaren 14a izango da horretarko azken eguna. Horretarako, Kultur Etxearekin jarri beharko dira harremanetan interesa duten guztiak, 946 879 037 telefono zenbakira deituz, 17:00etatik 20:00etara bitartean. Egunean, honako hauek saldu edo aldatu ahal izango dira: liburuak, komikiak, arropa, jostailuak, kromoak, zigiluak, eta abar; aspalditik etxean daudenak eta erabiltzen ez direnak. Horrenbestez, ekimena hilaren 18an, larunbatarekin, egingo dute Armintzan, 11:00etatik 15:00etara. Hain zuzen ere, asteburu horretan izango diren Santo Tomas jaien barruan egingo dute. Argazkian, Armintzan ez bezala, Algortan irailaren 26an eta 27an egindako merkatu txikian erosteko aukerarik baino ez zegoen.
  Jendartea 2008-09-21 22:27

Motorista bat zauritu da Lemoizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Motozikleta baten gidaria zauritu da gaur Lemoizen izandako auto istripu batean. I.M.R. 27 urteko mutil gaztea Gurutzetako ospitalera eraman behar izan dute, Bi-3152 errepidean izandako ezbeharraren eraginez. Istripua arratsaldeko 4:45ak aldera jazo da eta gazteak Yamaha YZF markako motozikleta gidatzen zebilen, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Bestalde, atzo Ertzaintzak gidari bat atxilotu zuen Erandion alkoholaren eraginpean gidatzen zuelakoan. Guztira hamasei izan dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan asteburu honetan polizia autonomikoak alkoholaren aurkako kontroletan atxilotu dituen gidariak. Azkenik, euskal errepideetan hildako bat izan da gaur goizean. Izan ere, Oñatin gizonezko bat harrapatu du auto batek eta horren ondorioz gizona hil da.
  Jendartea 2008-05-08 21:41

Oreretatik Lemoizerako bidea egingo dute San Markoseko zaborrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Oreretan dagoen San Markoseko zabortegia ixteko zegoen trabarik handienari "konponbidea" aurkitu diote Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek. 2012an Zubietako errauskailua martxan jartzen duten arte, lau urtetan 25.000 tona zabor hartuko dituzte Igorre, Urtuella eta Jatako (Lemoiz) zabortegiek, Jose Luis Bilbao diputatu nagusi bizkaitarrak eta Markel Olano Gipuzkoakoak -EAJkoak biak- eskuak estututa gaur itxi duten hitzarmenaren arabera. Eusko Alkartasuna salbu, berehara etorri dira gainontzeko alderdi politikoen arrangurak. Besteak beste, Uribe Kosta, Txorierri eta Ipar Uribe aldeko hondakinak hartzen ditu jada zabortegi lemoiztarrak eta, Gipuzkoan gertatuko den bezala, badirudi horien etorkizuna errausketa izango dela; Zabalgarbira kasu honetan. Bizkaira ekarritako zabor tona bakoitzeko gipuzkoarrek 65 euro ordaindu beharko dituzte, indarrean dauden tasa publikoen arabera. Urtero milioi bat eurko gastua eragingo du horrek.
  Jendartea 2008-04-29 22:00

Gorpua aurkitu dute kiskalitako autokarabana batean Lemoizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Eguerdiko 12:45ak inguruan, Lemoizko bizilagun baten deia jaso du Ertzaintzak, zentral nuklearra izan behar zuenaren inguruan sutea zela ohartaraziz, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazitakoaren arabera. Bertaratutako polizia agenteek autokarabana bat aurkitu dute garrek inguratuta. Behin suhiltzaileek sua amatatu ostean, berriz, gorpua topatu dute barruan, gustiz kiskalita. Hartara, ezin izan dute horren nortasuna igarri. Bitartean, autopsia egiteko, gorpua Patologia Forentse Zerbitzura eraman eta ikerketa abiatu du Ertzaintzak. Bestalde, larunbatean, apirilaren 26an desagertutako emakume baten gorpua atzeman zuten, 14:00ak aldera, Getxoko Kirol Portuko uretan. Gurutze Gorriko langileek bildu eta Itsasoko Kapitaintzara eraman zuten. Azkenik, egun berean, sute bana egon zen Erandion eta Itzubaltzeta / Romon. Argazkian, suhiltzaileak Itzubaltzetako sua amatatzen.
  Kultura 2008-04-16 19:55

Txapel Reggae jaialdirako kartel eta kamiseta lehiaketak deitu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Uztailaren 19an egingo dute aurten Txapel Reggae musika jaialdia Armintzan. Oraingoan, gainera, herritarron parte hartzea eskatu dute antolatzaileek, kartelen eta kamiseten diseinua egiteko. Horrenbestez, "Txapel Reggae Armintza 2008" leloa agertu beharko da lehiaketetara aurkeztutako lanetan. Kartelerako diseinu bat eta kamisetarako beste bat aurkeztu behar dira (banatuta puntuatuko dira), tokiko iturriek zehaztu dutenez. Egindako lanak posta elektronikoz (armintzajb[abildua]hotmail.com), posta arruntez (Lemoizko Kultur Etxea. Portubidea, 5-48620 Armintza) edo aipatu kultur aretoan zuzenean entregatu ahal izango dira; izena eta harremanetan jartzeko telefono zenbakia jarriz. Kartel zein kamiseta lehiaketako irabazleak 100 euro jasoko ditu bakoitzak. Bestalde, ostegun honetan, apirilak 17, abiatuko dira Urdulizko jai batzordearen bilerak. Batzarra udaletxean izango da 20:00etan. Zalantzak edo galderak argitzeko kultura[abildua]urduliz.net posta elektronikora jo daiteke. Argazkian, kontzertua joan den urteko Txapel Reggae jaialdian.
  Politika 2008-03-16 13:41

Bihar beteko dira 27 urte Mario Alvarez hil zenetik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Astelehen honetan, hilak 17, 27 urte beteko dira Mario Alvarez Peña sopeloztarra hil zenetik, Etengabe Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren bitakorak gogoratu duenez. Gertaera 1981eko martxoaren 17an jazo zen, Iberdueroren azpiestazio batean jartzeko bonba bat prestatzen ari zela ETAko militanteari lehergailua eskuetan lehertu zitzaionean. Bere kideek Barrikako hilerrira eraman eta gaueko bederatziak aldera, ETAko eledun batek, urduritasun eta samin handiz, honako hau adierazi zion "Egin" egunkariari: “ETAko kidea naiz. Entzun ondo esango dizudana eta, mesedez, jakinaraz iezaiozu berehala familiari. Mario Alvarez Peña, gure erakundeko kidea eta Dabiden anaia, istripu batean hil da. Hilotza Barrikako hilerriko atarian dago, manta batek estalia. Arren, esaiozue hau lehenbailehen bere familiari, Sopelan bizi da”. Dabid Alvarez, Marioren anaia, hiru urte lehenago hil zen Lemoizko zentral nuklearraren aurka egindako eraso batean. Argazkian, Mario Alvarez hiru urte lehenago hildako anaia Dabiden irudiaren azpian.
  Politika 2008-03-10 00:47

Lemoizen EAJ da jaun eta jabe

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizen ez da ezusterik handia izan eta jeltzaleek eskuratu dute lehenengo indarra izatearen ohorea, 363 botoekin, abstentzioa atzean izan dela 318 hautesleen erabakia izan dela eta %17,36ko igoerarekin. Udalerri honetan EAJri itzala egin diezaiokeen indar politiko bakarra, ezker abertzalea, bere aukera guztiak ilegalizatuak izatearen ondorioz abstentzioaren hautua egin duenean, bestelako indarrak oso urrun gelditu dira: PSE-EEk batu ditu 45 boto zituen babes apurrak bikoizten, EA ere hobetu da bere 30 botoekin, 6 gehiago, erkidegoan 40.000 galdu dituen bitartean. EBk 24 izan ditu, PPk 19, Aralarrek 9, Berdeek 4, PACMAk 1 eta Rosa Diezen alderdiak beste bat. Hortaz batzokian pozik egon daitezke 64 boto eta laugarren diputatua galdu badute ere, udal hauteskundeetatik hona beste 74 boto berreskuratu dituztelako. Hauteskundeen emaitzak eskualdean (pdf). Argazkian, Armintzako portua / Jorge Tome.
  Jendartea 2008-01-14 18:55

Basordas senaiaren etorkizunaz arituko dira hurrengo bi larunbatetan Armintzan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Talaia herri plataformak antolatuta, Lemoizko zentral nuklearra zeneko (argazkian) Basordas senaia eta inguruaren etorkizuna izango dute hizpide, urtarrilaren 19an eta 26an, 11:00etatik aurrera, Armintzako kultur etxean. Iberdrolak aspaldi iragarri zuen gune horretarako daukan asmoa, ziklo konbinatuko zentrala jartzea alegia. Egun, ordea, "Eusko Jaurlaritzaren mende dago Lemoizko orubeen etorkizuna", Talaiaren iritziz. Horrek "ongi pentsatu beharko luke, inolako erabakirik hartu aurretik. Lemoizko eraikinak herri borondatearen oniritzirik gabe eraiki ziren eta Frankismoak babestutako enpresa baten ezarpen eta larderiarekin. Ahal den neurrian, hasierako itxurara itzuli beharko lituzkete, Basordas senaia zenera, alegia", diote talde ekologistako kideek. Hain zuzen ere, bertan natur parkea egitea eskatzen du Talaiak, "hainbeste min eta hildako eragin zuen inposizio frankista hura gogorarazteko". Horren harira, gaur bete dira 30 urte, David Alvarez Peña ETAko kidea Guardia Zibilarekin izandako tiroketan jasotako zaurien ostean hil zela.
  Politika 2008-01-10 13:35

Astelehenean 30 urte beteko dira David Alvarez Peña Guardia Zibilarekin izandako tiroketan jasotako zaurien ostean hil zela

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri David Alvarez Peña, ETAko militantea, Lemoizko zentral nuklearraren aurkako ekintza batean zauritu eta hilabete batera hil zen Basurtuko ospitalean. Astelehenean 30 urte beteko dira, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bitartez gogoratu duenez. 1977ko abenduaren 18an, igandean, lau gazte zentral nuklearraren aurkako atentatua prestatzen ari ziren. Aurreneko tiroa goizeko 6:20ak aldera entzun zen, eta atzenekoa hamar minutu beranduago. Hamar gizon, sei goardia zibil eta lau laguneko komandoa, elkarri tiroka ari ziren. Goardia Zibilaren egoitzako ateari eraso egitera zihoala, hurbileko barrakoi batetik bi agenteek egindako tiroek ezustean harraptu zuten komandoa. ETAko militanteek ez zituzten bi hauek ikusi. Goizeko 6:30ean dena amaitua zen. David Alvarez Peña lurrean zetzan, oso larri zaurituta. "Behin ospitalean Guardia Zibilen jazarpen eta presioen ondorioz hil zen David", errepresioaren aurkako erakundeak salatu duenez. Argazkian, David Alvarez Peña adiskideekin mendian / Etengabe.
  Kirolak 2007-11-16 20:03

Euskaltel-Euskadik trebatuko du Ibon Lavin txirrindulari lemoiztarra

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko denboraldian beka jasoko duten txirrindularien artean, Ibon Lavin lemoiztarra (argazkian) aukeratu du Euskadi Txirrindularitza Fundazioak. Erakundeko arduradunek adierazi dutenez, "ahal den laguntza guztia izango du eskualdeko kirolariak entrenatzeko metodoetan, ahalegin testetan, balorazio fisiologikoetan...". Besteak beste, Alvaro Gonzalez de Galdeano eta Josu Larrazabal (prestatzaile fisikoa) eta Euskaltel-Euskadi txirrindularitza taldeko zerbitzu medikoen ardurapean egongo da Lavin. Erabakia Andrakan hartu zuten azaroaren 7an, eta ekitaldian Euskaltel-Euskadiko Miguel Madariaga, Igor eta Alvaro González de Galdeano, Jesus Aizkorbe eta Josu Larrazabal; Aitor Eiguren zinegotzi lemoiztarra; Javier Madariaga (Andraka kirol taldea); eta Ibon Lavin txirrindularia bera izan ziren, bere aita Segundo lagun zuela. Baita Juan Luis Goenaga eta Naturgas txirrindulari taldeko arduradunak ere.
  Kirolak 2007-11-16 19:25

Lemoizko zentral nuklearraren uretan egingo da EHSF Bodyboard zirkuitoko azken proba

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Astelehenean hasi zen El Diario Vasco Euskal Bodyboard zirkuitoko laugarren eta azken probarako itxaronaldia. Jardunaldi horretarako, eszenatoki berria estreinatuko dute aurten, gainera. Euskal Herriko Surf Federazioak jakinarazi duenez, Lemoizko zentral nuklearraren aurreko urak aukeratu dituzte horretarako. "Oso olatu preziatua da bertokoa, batez ere modalitate hau praktikatzen dutenentzat. Baldintzak egokiak badira ikuskizun bikaina izango dugu", azaldu dute. Bitartean, Galeako olatuaren zain jarraitzen dute surflariek. Argazkian, Lemoizen txapela janzteko aukera handiak ditu David Perez sopeloztarrak / EHSF.
  Politika 2007-09-24 21:01

Lemoizko zentral nuklearraren aurkako borrokaren argazki erakusketa estreinatu dute Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ekologistak Martxan erakundeak “25 urte Lemoizen itxieratik! 25 urte nuklearrik gabe!” argazki erakusketa estreinatu du gaur goizean Bilboko Zazpi Kaleetako Burtsa eraikinean, Pilota kaleko 10. zenbakian. Erakusketa larunbatera arte egongo da zabalik eta bertan, 1972 eta 1984 urteak bitartean Lemoizko zentral nuklearraren aurka izandako borroka gogoratu eta ezagutu ahal izango da, garaiko lekukotasun grafikoaren bidez. Ordutegia 9etatik 13etara izango da goizez. Arratsaldez, berriz, 4etatik 9etara izango da erakusketa ikusteko aukera.
  Iritzia 2007-09-21 19:23

Fredi Paya: "Kultur erreserbak"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bizkaian gertatutako tragedia greziarra. Lemoizko Andraka auzo erabat euskaldunean, etxebizitzarik eraikitzeko baimenik ez zuen izan berrogeita hamargarren hamarkada osteko belaunaldiak. Ondorioz, herritik kanpora bizitzera joan behar izan zuten; gehienak Mungiara joan ziren eta gainontzekoak Getxo ingurura. Orain urte gutxi txaletak eraikitzen hasi zen Bilbo eta Getxo inguruko jendea. Bertako aitite-amamekin batera, ospa egin behar izan zuen belaunaldiaren lekua hartu eta, biologiak agintzen duenean, Andrakako biztanle bakar bihurtuko dira. Adibide bat baino ez da, baina gure geografiako leku askotan jazotzen dabilen anomalia kulturala islatzen du. Ordezkatze horrek sortzen dituen ondorio ugarietatik, bakarrean zentratu gura nuke. Argazkia: Koska irratia.
  Kultura 2007-07-12 23:08

Bost egunez luzatuko dira Armintzako Karmen jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Txupina botaz eta txosna zabalduz eman diete hasiera Armintzan, arratsaldeko 7etan, astelehenera arte luzatuko diren Karmen jaiei. Herri triatloiaren ostean (19:30), berriz, otarrain gozoa dastatzeko aukera dute orain bertokoek, indarrak hartu eta, herri txikiteoan eztarria bustita, txosnan izango den musikaldiarekin dantzan eta algaraka aritzeko. Armintza arrantza-herria denik ezin da ukatu: sardin erreekin sabelak beteko aukera izango dute, arratsaldero, portuan batzen direnek. Karmen egunean, berriz, itsasora irtengo da prozesioa, lore eskaintza egiteko, ohiturari eutsiz. Baina, azken urteotan bertara kanpotarrak erakarri dituen ekitaldia, duda barik, Txapel Reggae ekitaldia izan da. Larunbatean, Skasak, The Tostones, Eclipse Reggae, La Familia Iskariote eta Akatz Reggae Band taldeek emango dute kontzertua, 23:00etatik aurrera. Argazkia: Lemoiz.net.
  Jendartea 2007-06-29 21:47

Ezker Batua eta Aralarrek ere gaitzetsi dute Lemoizen ziklo konbinatuko zentrala jartzea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Aurretik Ezker abertzaleak eta Eguzki, Ekologistak Martxan, Talaia eta Txipio Bai kolektibo ekologistek egin bezala, gaur Ezker Batua eta Aralarreko kideek beraien ezetza eman diote Iberdrolak Lemoizen ziklo konbinatuko zentrala jartzeko aukerari eta proiektua "apustu ekonomiko hutsa" dela salatu dute. Jose Ferrera (EB) eta Josu Murgia (Aralar) Bizkaiko Batzar Nagusietan koalizioak dituen ordezkariak ziklo konbinatuko zentrala egitearen aurka agertu dira gaur goizean. Haien ustez, Iberdrolak zentral nuklearraren hondakinak dauden ingurunean egin nahi duen proiektua "gutxi batzuei ekarriko dizkie onurak eta herritarren gehiengoari egingo dio kalte; batik bat, inguruan bizi direnei". Horren ordez, eta zentral nuklearraren lekuan zer egitea deliberatzeko, gizarte eztabaida piztearen alde azaldu dira EB eta Aralar.
  Jendartea 2007-06-27 21:45

Lemoizko proiektua baztertzeko eskatu diote Iberdrolari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lemoizko zentral nuklearra itxi zenetik 25 urte igaro direla, horren gaineko jardunaldiak burutu zituen, joan den aste hasieran, Ekologistak Martxan taldeak, eta orain, erakusketa jarri dute Bilboko Pilota kaleko Ekoetxean. Izan ere, haren "mamua" oraindik dirau: Iberdrolak behin baino gehiagotan adierazi du bertan ziklo konbinatuko zentral termikoa jartzeko asmoa. Bada, solasaldiek emaitzak izan dituztela ematen du. Berriak ezezik, beste hainbat komunikabideek ere zabaldu dutenez, konpainia elektrikoak asmo hori bazter dezala eskatzeko idatzia izenpetu dute Eguzki, Ekologistak Martxan, Talaia eta Txipio Bai talde ekologistek. Alde batetik, gasaren bitartez funtzionatzen duen ziklo konbinatuko zentral termikoak klima aldaketaren alde egingo lukeelako, gasak isuriz. Bestetik, Lemoizkoa ez delako "beste energia proiektu bat": "Osagai historikoak eta soziologikoak ditu. Zauri hori ezin da berriro ireki". Talde ekologistek zentrala dagoen lekuan egin beharrekoari buruzko eztabaida publikoa eskatu dute. Haien iritziz, "herritarrek gozatu eta erabili beharko lukete".
  Jendartea 2007-06-09 15:22

Tokiko Agenda 21ean jasotako ekintzen %21 burutu du Lemoizek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Tokiko Agenda 21 ekintza plana noraino bete den ikusteko ebaluazioa egin du Lemoizko Udalak. Horretarako, Mugi 21 programa informatikoaz baliatu da, eta horren bidez ikusi da zein erritmotan bete den, arloka. Pedro Jesus Botejara jarduneko alkateak esan duenez, “emaitzen arabera, erregistratutako ekintzen %21 arrakastaz bete dira, nahiz eta horietako batzuk lehendik ere garatzen ari ziren”. Lehendik egiten ari zirenak honako hauek dira besteak beste: estolderia‑sarearen inbentarioa eguneratzea, Armintzan mediku‑kontsultategi berria sortzea, informazioa kudeatzeko sistema ezartzea edo espedienteen jarraipena egitea. Halaber, abian da, besteak beste, etxeko olioaren bilketa, kirol‑instalazioen egokitzapena eta Atalaia kalea eta plaza zaharberritzea. Argazkian, martxoan zabaldu zuten osasun-kontsultategi berria, Armintzako Atalaia kaleko 5. zenbakian.
  Jendartea 2007-05-29 22:01

Basogintzako langile bat helikopteroz erreskatatu dute Andrakan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ertzaintzak basogintzako F.M.P. 53 urteko Kantabriako langilea erreskatatu du Andrakako mendiko eukalipto gune batean helikopteroa erabiliz, beharginak istripu batean hanka hautsi ostean. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, erreskate taldeak ez du erraza izan zaurituarengana hurbiltzea eta esku-ohe batean altxatu dute, Ertzaintzaren mendi erreskate taldeko bi polizien laguntzaz. Operatiboa goizeko 11ak aldera jarri da martxan, pertsona batek langilearen istripuaren berri eman duenean 112 larrialdietarako telefonoan. Zaurituaren egoeraren inguruan datuak batu ostean, Larrialdiei Aurregiteko teknikari batek Ertzaintzako helikoptero bat eta mendi erreskateko taldeko bi lagun mobilizatu ditu. Istripua izan den inguruak gainetik hegan egin ondoren zauritua ikusi dute eta immobilizatu ondoren, helikopteroko garabiaz esku-ohe batean altxatu dute. Anbulantzia batek zauritua jaso du Galdakaoko heliportuan, eta osasun zentroan artatu behar izan dute, antza denez, hankan haustura bat zuelako. Argazkian, Ertzaintzaren helikopteroa.

Nabarmenak