Ekintzez beteriko azoka hartuko du aste-akabuan Plentziak: Bohemia Market

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 28a, 13:40

Aste-akabu honetan Plentziak Brandari eta Politki elkarteek antolatutako Bohemia Market-a hartuko du, lehenbiziz. Azoka berezia izango da, genero berdintasuna, iraunkortasuna eta artea bultzatu gura dituena, musika, ikuskizunak, ipuin-kontalariak, tailer parte-hartzaileak, artisautza, gastronomia eta beste hainbat ekintza hartuko baititu. Hala, uztailaren 29, 30 eta 31n adin guztientzako ekimenak izango dira Plentzian, Ontziola plazan eta inguruetan.

Jaialdiak ekintza ugari hartuko du egunotan, hala nola Karla Imbert (folk akustikoa) eta Hugo Silveira eta Nando Gomesen Fusion Brasileña taldeen kontzertu akustikoak.

Horrez gainera, Munduko Emakumeak elkarteak mundu osotik ekarritako talde eta dantzariak bilduko ditu ikuskizun baterako. Txikienek, ostera, hainbat tailer izango dute aukeran: aurpegiak margotzekoa, mandalak egitekoa, pasta ekologikoa egitekoa eta ipuin-kontalariak, besteak beste.

Azokan ere askotariko artistak, diseinatzaileak, marka propioak eta artisautzak egongo dira: Sua Joyeros, Erre Alkubo, Platonika, Surailur, Zocco, A& J jewellery, Eskale, Demir Color's, Leonyka, Massai Kora, Las Chicas de Esteban eta Nyic Juguetes, besteak beste

Gastronomiari dagokionez, eskaintza ekologikoa izango da: EK taloa, patata erreak, Eko ardoa eta irabiaki ekologikoak. Horrez gainera, krepeak eta gozogintza eskaintza izango da.

Horrez guztiez gainera, Plentziako Jangai elkarteak elikagaien bilketa solidarioa egingo du. Domekan, berriz, Izanik elkartekoak egongo dira bertan, euren lana azaltzeko.

Egitaraua:

Uztailak 29, barikua

  • 18:00 Bohemia Marketaren hasiera.
  • 18:30-20:30 Aurpegiak margotzeko tailerra umeentzat.
  • 21:30 Karla Imberten kontzertu akustikoa.

Uztailak 30, zapatua

  • 12:00 Lore mandalak egiteko tailerra umeentzat.
  • 13:00 "Printzesa ausarta" ipuin-kontaketa.
  • 19:30 Munduko Emakumeak: dantza-ikuskizuna.
  • 21:30 Hugo Silveira eta Naldo Gomesen Fusion Brasileña kontzertua.

Uztailak 31, domeka

  • 12:00 "Zerealak larreetan eta gure plateretan" pasta freskoa egiteko tailerra umeentzat.
  • 13:00 "Afrikako Txanogorritxu" ipuin-kontaketa.
  • 18:30 "Le paste" ipuin-kontaketa.
  • 21:00 Bohemia Marketen amaiera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun