Errotabarriko lanak azaroaren 8rako amaitzea espero dute

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 28a, 11:47
Errotabarriko lanak, geratuta.

Plentziako Errotabarri futbol-zelaia jokoz kanpo dago. Etengabeko arazo-kate baten ostean, zelaia konpontzeko lanak geratuta utzi behar izan dituzte, halabeharrez. Naturak, globalizazioak eta krisi ekonomikoak elkar hartu dute kasu honetan, Plentziako Kirol Elkartearen aurka.

Pasa den uztailean, Naturf Develop SL enpresak eskuratu zuen Errotabarriren zorua berritzeko kontratua, 185.804,36 euroren truke. Isolamendua eta belar artifiziala jartzeko prestaketak arazo barik egin zituzten eta pasa den irailaren 9rako espero zuten futbol-zelai berritua estreinatzea, denboraldiaren hasierarako. Horren zain zeuden Plentziako 13 taldeak, 300 bat jokalari eta eskolaz kanpoko jardueratan futbola egin gura duten neska-mutilek.

Zoritzarrez, ekaitza baten eraginez, belar artifiziala Shangaitik ekarri behar zuen itsasontzia portutik atera ezinik geratu zen eta lanak amaitzeko data berria irailaren 30a ipini zuten. Zorte txarra nahikoa ez omen zenez, gerora garraioaz arduratzen zen Hanjin Shipping Hego Koreako ontzi-enpresa nagusienak behea jo zuen eta bere itsasontziek ez daukate onartzen dituen porturik.

Hala, pasa den astean, larrialdiko bilera egin zuten Udalak eta Naturf Develop SL enpresak. Biek adostu zuten lanak amaitzeko data azaroaren 8ra arte atzeratzea, baina Udalak enpresari egotzi diezazkion zigorrak baztertu barik. Halere, horretarako Espainiako Ingurumen Ministerioak baimena luzatu beharko luke, lanak egiteko orain arteko baimenak urriaren 27an iraungituko baita. Udalak kirol-elkarteari eman dio denaren berri eta bere babesa eta lankidetza eskaini dio “hasieratik egin den bezala”.

Bitartean, Ion Iker Lorente Plentziako presidenteak inguruko herrietako klubei esker mantentzen ditu 13 taldeen partidak eta entrenamenduak baina badaki ezin dutela horrela jarraitu: “gurasoek esan digute eskolaz kanpokoetan beste alternatiba batzuk bilatuko dituztela”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun