Gazteok  Plentzia 2017-02-21 10:33

Hausnarketa kritikoa bultzatzeko taldea sortu dute

Ezbaian taldea aurkeztuko dute hilaren 23an Plentziako Danontzat gaztetxean. Hausnarketa kritikoa sustatzeko talde berria aurkezteaz gainera, migrazio politikoa izango dute berbabide saio horretan.

Plentziako Danontzat gaztetxeko kideak Eraldaketarako Dantza prozesuan murgilduta egon dira oraintsura arte. Gogoetarako saio horietan ateratako ondorioetako bat hausnarketa kritikorako talde bat sortzea izan dela jakinarazi dute. Hala, Ezbaian taldea sortzea erabaki dute. Azaldu dutenez, «hausnarketa prozesuan gaztetxearen gabezi eta puntu indartsuak aztertu ostean, formakuntza, ikerketa eta analisirako talde zehatz bat sortzearen beharra ikusi genuen».

Hala, hilero mahai-inguruak, eztabaidak, berbaldiak eta bestelako ekintzak antolatzeko asmoa du talde berriak, bere kabuz zein gaztetxean parte hartzen duten gainontzeko eragileen laguntzagaz. Talde berria publiko aurkeztuko dute datorren hilaren 23an, eguenean. Halere, data hori heldu baino lehen, gaztetxeko ikus-entzunezko gela berriztu eta atondu egin dutela jakinarazi dute.

Ezbaian taldearen aurkezpena

Aurkezpena hilaren 23an egingo dute, 19:30ean, Danontzat gaztetxean bertan. Mikelon Zuloaga euskal ekintzailea gonbidatu dute, siriar errefuxiatuak Europara sartzen ahalegintzeagatik Grezian atxilotutako laguna. Taldearen nondik norakoak zehaztu eta gerturatuko direnen iritzi eta ekarpenak entzun ostean, Zuloagak errefuxiatuen egoeraz eta desobedientziaren hautua egitearen inguruan berba egingo du, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa