Plentziako metro-geltokia birmoldatzeko obrak hasiko dira

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 22a, 12:58
Metro-geltokia, gaur egun.

Plentziako metro-geltokia birmoldatzeko obrak hasi ditu daborduko Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP). Lanon bidez eraikinaren birmoldaketa integrala egin eta egun dagoen alboko sarbidea ordezkatuko da. Proiektua egiteko hiru hilabete beharko dira, eta 213.300 euroko aurrekontua ezarri da.

Guztira, 314 metro koadroko oinplano-azalera duen eraikin bat egingo da, laukizuzen formakoa. Hiru gorputz desberdinez osatuta egongo da: zentrala (beheko solairua, lehen solairua eta teilatupea izango dituena) eta bi mutur (beheko solairua eta teilatupea soilik izango dituztenak). Obra horien bidez, higiezinaren egitura saneatu, narriatuta dauden elementuak berritu, kanpoaldea margotu eta eraikina teilaberritu egingo da.

Bestalde, nasatik sartu eta irteteko leku berria geltokiaren albo batean kokatuko da. Obrak egingo direla aprobetxatuz, itxarote-eremua eguraldi txarratik babesteko lekua egingo dute; izan ere, estalita egon arren, euria eta haize-boladak bertara iristen ziren.

Geltokitik sartu eta irteteko toki berria hegoaldean kokatuko da, lehen Gurutze Gorriaren eraikina eta geltokiko taberna zeuden lekuan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun