Politika 2007-05-17 15:25

Bihar aurkeztuko dituzte hautagaiak Plentziako Independenteek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Erribera kalean duten egoitzan egingo dute ostiral honetan, maiatzak 18, 20:00etan, euren hautagaien aurkezpena Plentziako Independenteek. Isabel Zarauza izango da zerrendaburua, "udal kudeaketa eraginkorragoa" lortzeko asmoz. Horretarako, "demokrazia parte hartzailea" sustatzea proposatzen dute, "herritarren batzarra" osatuz. Euren hauteskunde programan (pdf) aipatzen dutenez, edozein herritarrek izango luke horretan parte hartzeko aukera: "ohikoa (lau hilabetetan behin) edo ez ohikoa (egitasmo garrantzitsu batek horrela eskatzen badu", diote. Horretaz gain, udal batzarrean eztabaidatuko diren gaiak aztertzeko, batzordeak eratzea eskatzen dute. "Alkatea eta zinegotziez gain, zoriz sei auzokide aukeratuko lirateke", azaldu dute. Argazkian, Plentziako Independenteen hautagaiak.
  Jendartea 2007-03-07 20:44

Emaztea jo eta errepidean bakarrik uztea leporatu diote plentziar bati

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ertzaintzak 41 urteko gizonezko bat atxilotu zuen astelehen arratsaldean, bikotekidearen aurkako genero indarkeria delitua egotzita, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak zabaldutako bertsioaren arabera, gertakariak joan den ostiraleko goizaldean jazo ziren, Plentzian, elkarrekin bizi ziren etxean. Biktimak salatu duenez, eztabaida baten ostean, bikotekideak ahal izan zuen indar handienaz lepotik heldu eta ukabilkada bat eman zion ahoan. Une horretan, emakumea gela batera sartu zen, atea itxi zuen eta zainak ebaki zituen. Bikotekideak benda bat jarri zion zauri odoleztatuen gainean eta gurasoen etxera eraman zuen. Hara zihoazela, eztabaidan jarraitu zuten eta, bikotekidearen irainen eta egoera hartzen ari zen itxuraren aurrean, emakumezkoa ibilgailutik jaitsi zen eta Unbeko errepidean gelditu zen bakarrik. Larrialdi zerbitzura deitu zuen handik, eta Ertzaintzaren patruila auto bat bertaratu zen. Argazkian, emakumeen aurkako erasoak salatzeko, Getxoko Bilgune Feministak Algortan egindako kontzentrazioetako bat.
  Kultura 2006-12-20 13:42

Urtarriletik aurrera egunero bi orduz emitituko du PTBk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri UK aldizkariaren 111. zenbakian jakinarazi dutenez, urtarrilean hasiko dira Plentzia Telebistaren emisioak, Nerea Ibargurengoitia, Edurne San Pelayo eta parte hartu nahi duten herritar guztien eskutik. Bi orduz emitituko dute egunero eta programazioa hiru atal nagusitan banatuta egongo da. Alde batetik, kirolak: honetan, herriko taldeen denboraldien errepasoa eta partiden erretransmisioa izango dira nagusi. Bestetik, "Atzokoak gaur" saioa, antzinako kontuak gogora ekarri nahi dituztenentzat. Honetan, berreskuratutako 3.500 grabazio orduak ipiniko dituzte ikusgai. Gainerako denbora, ekoizpen propiorako izango da: erreportajeak, informazio lagungarria eta saio bereziak. Argazkian, Plentziako irudi bat.
  Politika 2006-12-06 19:31

Plentziako Erribera kaleko hiru kutxazain eraso egin dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bart gauerdi aldera hainbat ezezagunek molotov koktelak jaurti dituzte Plentziako Erribera kaleko hiru kutxazainen aurka, Lakuako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Bertsio horren arabera, Erribera kaleko 23, 27 eta 34 zenbakietan dauden, hurrenez hurren, BBVA, BBK eta La Caixako kutxazainen kontra 23:55ean bota zituzten hainbat koktel, BBVAkoa zein BBKkoa erabat kiskalita utziz eta hirugarrenean kalteak sortuz. Era berean, BBVA eta BBK erakundeen bulegoak hartzen dituen eraikinaren fatxada belztuta gelditu da. Argazkian, pasa den azaroaren 27an eraso egin zuten Algortako Banco Sabadellen bulegoa.
  Jendartea 2006-11-23 14:48

Bi gazte atxilotu dituzte Plentzian tabakodenda batean lapurtu zutelakoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ertzaintzak A.M. eta S.M. 22 eta 29 urtetako gazteak, hurrenez hurren, atxilotu zituen atzo, Plentziako tabakodenda batetik 1.000 euro indarrez eraman zutela egotzita. Gertaera goizeko 12ak aldera hasi zen, bi lagun takabodendan sartu eta haietako batek erakusmahaiaren barrukaldera pasatu eta tiradera batetik poltsa bat hartu zuen, barruan 1.000 euro baino gehiago, 50 bat telefono-kabinetarako txartel eta eskuko telefonoak birkargatzeko hainbat bono zeudela. Biek ala biek di-da utzi zuten atzean tabakodenda, langilearen oihuen artean. EAEko Herrizaingo Sailaren arabera, “ingurutik zebilen eta zerbitzuz kanpo zegoen euskal Poliziako agente batek” lapurrak ikusi, langilea entzun eta susmagarrien atzetik korrika egin zuen, haietako bat harrapatu arte. Bertsio horren arabera, ustezko lapurrak harrapakina lurrera bota zuen eta ertzainari aurre egiten saiatu zen kuter batez, baina udaltzainak eta ertzain gehiago bertaratuta atxilotu zuten. Ondoren, lapurrek Plentziara heltzeko Ford auto bat erabili zuteneko balizko zantzua ikertu zuten poliziek eta 13:20ak aldera auto hori topatu zuten Plentziako metro geltoki ondoko parkingean. Autoa miatzean, 50 bat metrora dagoen oinezkoentzako zubitik ibiltzen zihoan gazte bat bigarren lapurraren deskripzioa bat zetorrelakoan gelditu eta gainean zeramana arakatu zuten. Gazteak, Ford autoko giltzak zituela eta inolako identifikaziorik eramaten ez zuela, poliziei “etengabeko aitzakiekin” erantzun zienez ertzain-etxera eraman zuten. Ustezko lapurrak gaur dira epailearen aurretik igarotzekoak. A.M. astelehenean ere atxilotu zuten Gernikan kiosko batetik 365 euro eraman zituelakoan.
  Jendartea 2006-08-11 00:37

Lau gazte atxilotu dituzte Plentzian gizonezko bat jo zutelakoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ertzaintzak 20 eta 25 urte arteko lau gazte atxilotu zituen pasa den astean Plentzian, motorreko kasko bat erabilita, gizonezko bat jo egin zutelakoan. EAEko Herrizaingo Sailaren arabera, abuztuaren 3an, osteguna, goizeko 9ak aldera, Ertzaintzak Plentziako Plazatxoan gertatzen ari zen eraso baten berri ematen zuen deia jaso zuen. Poliziak bertaratu zirenean anbulantzia bat ikusi zuten non gorputz osoan zehar kolpeak zituen gizonezko bat artatzen ari ziren. Agenteek jakin ahal izan zutenez, minutu batzuk lehenago, inguruko taberna batean zegoen neska bat gogaitzen aritu ziren lau gazte. Gizonezko bat neska laguntzen saiatu zen, eta gazteek jo egin omen zuten, euretako batek zeraman motorreko kaskoarekin eta guzti kolpatu zutela. Gizona herriko osasun-etxera eraman behar izan zuten zauriak artatzera.
  Kultura 2006-08-10 12:26

Primital taldeak bere funk eta jazz soinuak eskainiko ditu larunbatean Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Primital taldeak bere zuzeneko indartsua eskainiko du abuztuaren 12an Plentziako Astillero plazan, gaueko 11etan hasita. Funk eta jazz soinuak performancearekin uztartzen dituen seikotearen buru Santi Ibarretxe (argazkian) da. Musikari bilbotarra taldeko abeslari nagusia den arren, beste bost kideek ere ahotsa lantzen dute bere abestietan. Horrela, abestu eta jo egiten dute aldi berean eta polifonian errepertorioko kantu guztietan. Errepertorio oso originala da, konponketa harrigarriekin eta inprobisazioz beterik. Abestien testuak "sistema onomatopeiko-ludikoan" daude idatzita, "primital" delako hizkuntza, hain zuzen ere.
  Jendartea 2006-06-15 14:39

Bihar da azken eguna Plentzian egingo den emakumeen nortasunari buruzko mintegian izena emateko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Emakumeen nortasuna eta norbere estimua baloratzeko mintegia egingo dute datorren uztailaren 5etik aurrera Plentziako Goñi Portal kulturalean. Tailerrak 15 ordu iraungo ditu eta bost saiotan banatuko da uztail osoan zehar. Izena eman nahi duten emakumeek bihar izango dute horretarako azken aukera, horretarako azken eguna ekainaren 16a baitaa. Ikastaroari buruzko argibide gehiago nahi izanez gero Plentziako Goñi Portal kulturalean galdetu daiteke, 946 775 541 telefono zenbakiaren bidez. Argazkia: Naturaleza.
  Jendartea 2006-06-07 17:57

Bi pertsona atxilotu dituzte Plentzian denda batzuetan lapurtu dutelakoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ertzaintzat bi pertsona atxilotu zituen atzo goizaldean Plentzian, ibilgailu bat ostea, udalerri horretako zenbait dendatan lapurtzea eta nortasun usurpazioa egotzita. Atxilotuak I.J.E. eta A.J.E. deitzen dira eta 31 eta 29 urte dituzte, hurrenez hurren. Ertzaintzak emandako bertsioaren arabera, atzo, goizaldeko ordubata aldera, “lanean ez zegoen ertzain batek” Neguriko ertzain-etxera deitu zuen, “gizonezko bi ikusi baitzituen Plentziako metro-geltokitik hurbil dagoen taberna batean lapurtzeko saiakerak egiten”. Saltokiko alarmak jo zuenean, lapurrak ibilgailu batean egin zuten alde eta ertzainak tabernara heldu eta lekua ikertzen zuten bitartean, “ustez lapurreta egiteko erabili zuten ibilgailua Barrika aldean ikusi zuten, furgoneta batekin batera zihoala”. Ertzainak ikusita, furgonetak abiadura handitu omen zuen, baina Polizia autonomikoek gelditzeko agindua eman zioten eta horrela egin zuen A.J.E. 29 urteko gizonezkoa.
  Kultura 2006-05-23 14:53

AEK Egunaren atzerabegirako erakusketa izango da Plentzian maiatzaren 26ra arte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Aurten ekainaren 10ean ospatuko den AEK Egunaren harira, Uribe Kostako AEK-k eta Uribe Butroeko AEK-k AEK Egunaren gaineko erakusketa antolatu dute. Erakusketaren bidez AEKren historian atzera jauzi egin eta orain arteko AEK Egun guztietako kartelak eta irudiak ikusteko aukera egongo da gaurtik aurrera. Izan ere, erakusketa maiatzaren 2an abiatu zen Leioako Mastitxu Udal Euskaltegian eta geroago Itzubaltzeta / Erromon izan zen. Plentzian, berriz, atzo zabladu zen erakusketa Goñi Portal kultur etxean eta bertan izango da ostiralera arte. Geroago, Uribe-Butroera egingo du txangoa AEK Egunaren inguruko bildumak.
  Jendartea 2006-05-09 14:50

Plentziar bat hil da Urduñan izandako auto-istripuan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Goizeko 9ak jo eta gutxira gertatu da zorigaiztoko istripua, BI-625 errepidean, Urduña parean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazitakoaren arabera. Oraindik argi ez dauden arrazoiak tarteko, bidetik atera da Bilboko matrikula zuen Citroen AX autoa eta eletrizitate-zutoin baten aurka jo du ondoren. Gidaria atera ezinik gelditu da barruan. Berehala, suhiltzaileak bertaratu dira, osasun-zerbitzuekin batera. Hala ere, Plentziako 44 urteko I.A.D. gizonezkoa hilik zegoela baieztatu baino ezin izan dute egin. Suhiltzaileek hilotza atera eta Auzitegiko Patologia Zerbitzura eraman dute. Argazkian, beste auto-istripu bat.
  Jendartea 2006-04-05 15:20

Gazte batek zauri larriak jaso ditu Plentzian izan den istripuan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Plentziako gazte bat larriki zauritu zen atzo goizaldeko hirurak eta hamarrean, Plentzian bertan izandako trafiko istripuan. G.J.M. 21 urteko Plentziako bizilagunak Opel Astra auto bat gidatzen zuela, galtzadatik irten zen eta horma baten kontra jo zuen BI-2122 errepidean. Gidaria autotik irten ezinik geratu zen eta suhiltzaileek atera behar izan zuten. Gaztea Gurutzetako ospitalera anbulantziaz eraman zuten egoera larrian, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.
  Jendartea 2006-04-03 18:21

Getxoztar gaztea atxilotu dute Plentziako taberna batean lapurtu duelakoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ertzaintzak 19 urteko B.M. getxoztarra atxilotu zuen atzo goizean Plentzian, herri horretako taberna batean lapurtzea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko iturriek prentsa-ohar batean adierazi dutenez. Gertaera 8:15ak aldera izan zen, pertsona batek beste bat atxikita zuela jakinarazi ziotenean polizia autonomikoko patruila-auto bati. Polizia agenteak berehala bertaratu ziren eta ustezko lapurra harrapatu zuen pertsonekin jarri ziren harremanetan. Polizia iturrien arabera, ustezko lapurra tabernatik irteten ikusi zutela adierazi zuten bertan zeudenek, ustez behin lapurreta burututa, eta hainbat lagunek atxiki egin zuten patruila heldu arte.
  Politika 2006-03-08 14:15

Etxean egindako bi lehergailurekin eraso dituzte Plentziako bi banku

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bi lehergailuk eztanda egin zuten bart Plentziako bi bankutan. Etxean egindako lehergailuak ziren eta gauerdirako 25 minutu falta zirenean egin zuten eztanda. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, kalteak izan dira, baina ez du inork minik hartu. Erribera kalean dauden BBKren eta La Caixaren bi bulegoetan izan ziren leherketak. Lehenengoak jaso du kalterik handiena, kutxazain automatikoa kiskalita geratu delako. Eztanda oso handia izan denez, BBKren sukurtsala dagoen eraikinean bizi diren auzokoak etxebizitzetatik atera dira, polizia iturriek aditzera emandakoaren arabera. La Caixako bulegoak, ostera, kalte txikiak izan ditu. Argazkia: Indymedia Euskal Herria.
  Jendartea 2006-02-27 20:19

Plentziako abanikoan malda batetik jausi eta besoa lokatu zuen gizon bat artatu zuen igandean Gurutze Gorriak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Plentziako abanikoan malda batetik jausi eta besoa lokatu zuen 40 urteko gizonezkoa artatu zuen igande arratsaldean, 19:00ak aldera, Gurutze Gorriak. Salbamendu erakunde horretako iturrien esanetan, Osakidetzaren deia jaso ondoren, anbulantzia bat bertaratu zen gizona laguntzeko. Txakur-hagindakaren ondorioz zauritua zegoelakoan abiatu ziren bertara, baina heldu zirenean, egoera zeharo ezberdina zen: 40 urte inguruko gizona malda batetik jausi zen bere txakurraren atzetik zebilela. Zorionez, zuhaitz batek gelditu zuen gizona eta ez zen maldan behera joan. Hala ere, ez zegoen tokira hurbiltzerik arriskurik gabe. Gauzak horrela, Gurutze Gorrikoek sokak erabili behar izan zituzten gizona ateratzeko. Behin anbulantzian zegoela, Gurutzetako ospitalera eraman zuten besoa lokatuta zeukala.
  Jendartea 2006-02-12 19:30

Plentziako gaztea zauritu da herrian bertan izandako istripuan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ezbeharra larunbatean goizaldeko ordu batak hogei gutxitan jazo zen Plentziako Areatza etorbidean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak prentsa-ohan baten bidez jakinarazi duenez. Yamaha Tzr motozikleta batek –Bilboko matrikuladuna– eta Citroen Saxo batek talka egin zuten, lehenengoak aurrealdeaz bestearen alboa jota. Horren ondorioz, bi gurpileko ibilgailuaren gidaria, 29 urteko A.A.L. plentziarra larri zauritu zen, eta Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten anbulantziaz.
  Kirolak 2005-10-28 00:49

Oraindik ere badago "Skate Uribe Kostan" argazki erakusketaz gozatzeko aukera Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Abendura bitartean, Uribe Kostako herrietan barrena ibiliko da UK Uribe Kostako Aldizkariak ekoiztutako "SK8UKN, Skate Uribe Kostan" erakusketa fotografikoa. Algorta, Sopela, Urduliz eta Gorlizen ikusi ahal izan da jada. Orain Plentziako kultur etxean, Goñi Portalen, dago urriaren 30era arte. Hortik aurrera, Leioako Kultur Leioa aretoan (azaroaren 7tik 20ra) eta Erandioko udaletxean egongo dira ikusgai Carlos Terrerosek egindako 18 argazkiak. (Irudian, Borja Saez skaterrari Erandion ateratako argazkia / Egilea: © Carlos Terrero).
  Jendartea 2005-10-18 15:37

Plentziako emakume bat hil da trafiko istripu batean Mungian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri I.U.L. 33 urteko emakume plentziarra hil da goizeko 11:30ak aldera BI-3715 errepidean, Mungiako altueran, izandako trafiko istripuan. Opel Corsa batean zihoala emakumeak aurrez aurre talka egin du autobus baten kontra. Istripuaren eraginez, I.U.L. autoaren barruan harrapatuta gelditu da suhiltzaileek askatu arte. Zoritxarrez, emakumea askatu ostean bertaratutako medikuak bere heriotzaren berri eman du. Istripu beraren ondorioz ere autobuseko bi kide zaurituta suertatu dira eta errepidea moztuta gelditu da, EAEko Herrizaingo Sailak adierazi duenez.
  Politika 2005-10-06 11:33

A Lamako espetxean itxialdi mugagabean dago Fernando Etxegarai

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Pontevedra aldean, A Lamako espetxean (argazkian) dituzten euskal preso politikoek irailaren 22tik itxialdian dira. Beraien artean Fernando Etxegarai (Bilbo / Plentzia) dago, eskualdeko preso politikoa, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe.org bitakoran jakinarazi duenez. Itxialdiaren arrazoia hauxe da, bertan azaltzen denez: "Iñaki Garces euskal preso politikoa, irailaren 1ean, Kordobatik A Lamara eraman eta isolamendu moduloan sartu zuten. Horren aurrean, A Laman dituzten euskal preso politikoak zuzendariari gutun bana bidaltzen hasi ziren, hitzordua eskatuz. Ez dute erantzunik jaso oraindino. Horren aurrean, irailaren 22an mugagabeko itxialdia hasi zuten eta, egun, hala jarraitzen dute".
  Kultura 2005-09-09 23:49

Kilometroak jaialdirako autobusa jarriko du Plentziako kultur etxeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Plentziako kultur etxeak datorren urriaren 2an ospatuko den Gipuzkoako ikastolen jaialdira joateako autobusa jarriko du. Izena eman nahi duenak egin ahal izango du irailaren 23ra arte Goñi Portaleko kultur etxean. Horretarako ordutegia goizeko 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 21:00etara izango da. Kilometroak jaialdiko zirkuituak Aretxabaleta eta Eskoriatza inguruko 8.100 metro izango ditu, paraje zoragarria eta ibiltzeko erosoan. Aretxabaletatik abiatzen da eta inguruko elizateetatik pasa ondoren, herrira jaisten da berriz. Aldapa oso gutxi dauka, aterpe nahiko, eta trafikoarekin ez du inongo interferentziarik. Momentuz antolakuntzak ez du gunerik zehaztu, baina dagoeneko Kilometroen kanta ofiziala kaleratu du, Jon Sarasuak idatzitako eta Liken taldeak musika jarri duen Oia abestia.

Nabarmenak

Zorion agurrak