Gabonak Uribe Kostan

Gabon kulturalak gaur abiatuko dira Sopelan

Iker Rincon Moreno 2015ko abe. 18a, 11:06

Gabonetan aspertzeko astirik ez da egongo Sopelan. Gabonetako Parkea, Olentzero eta Mari Domingi zein Erregeen harrerez gainera, Kurtzio Kultur Etxeak ekitaldien egitarau oparoa prestatu du sopeloztarrentzat. Ekimenen artean nabarmentzekoa da Euskal Gabon kanten ikuskizuna. Juantxo Zeberio Etxetxipiak, jazza eta abesbatza uztartuz, Eguberri Umama egitasmoaren baitan sortutako hirugarren proiektua aurkeztuko du Kurtzion. Euskal Gabon-kanta tradizionalak, jazz laukote batez lagunduta, eta aparteko bakarlariakaz: Sopelako Urepel abesbatza. Txiki-txikitatik entzun eta abestu ditugun Gabon-kanta kuttunen aukeraketa bat egin dute, kontzertu zoragarria eskaini asmoz. Daborduko, ikuskizuna prestatzen dabiltza Kurtzio kultur etxean; bariku honetan (abenduak 18) izango da, 20:00etan, eta 3 euroan eros daitezke sarrerak.

Baina, esan legez, Kultur Etxearen egitarauaz gainera, beste jarduera batzuekaz gozatzeko aukera egongo da Sopelan: batetik, Gabonetako Parkea ipiniko dute Urko kiroldegian, abenduaren 28tik 30era, 12 urte bitarteko umeei zuzenduta. Halere, familia osoarentzako ekintzak ere egongo dira. Gainera, hiru ikuskizun ere prestatu dituzte: saltsa-dantzaldia, Nai Malabarista eta "Imaginarte" magia ikuskizuna. Parkea 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara zabalduko dute, eta sartzea doakoa izango da; ume bakoitzeko, heldu bakarra sartu ahal izango da. Bestetik, Olentzeroren eta Mari Domingiren kalejira egingo da abenduaren 24an, 17:00etan. Urgitxieta plazatik udaletxeraino joango dira, Sopelako Pandero-joleek, kantariek, eta Meñakoz eta Eguzkilore dantza-taldeek lagunduta. Udaletxeko plazan sua isiotuko dute, eta urte osoan gordetako makilatxoak erre ostean, umeek Olentzerogaz eta Mari Domingigaz berba egiteko aukera izango dute.

Azkenik, Errege Magoei harrera egingo diete urtarrilaren 5ean. Kalejira ere egingo da Urgitxieta plazatik udaletxeraino, 18:00etan.

Kurtzio kultur etxeko egitaraua

Abenduak 18, barikua

20:00 Eguberri Umama: Euskal Gabon kantak. Sarrera: 3 euro.

Abenduak 20, domeka

18:00 Zinema: Dixie eta matxinada zonbia. Sarrera, doan.

Abenduak 23, eguaztena

18:00 Gabonetan... kontaidazu musikaz. Sarrera: 3/5 euro.

Abenduak 26, zapatua

18:00 Antzerkia: Faboo.
Sarrera: 3/5 euro.

Abenduak 27, domeka

18:00 Antzerkia: Pintxo Pintxo.
Sarrera: 3/5 euro.

Urtarrilak 1, barikua

13:00 Urte Barri Barri ekitaldia.
Sarrera, doan.

Urtarrilak 2, zapatua

19:00 Asier Kidam magoa.
Sarrera: 3/5 euro.

Urtarrilak 3, domeka

18:00 Zirkua: Karoli, el hombre rueda.
Sarrera: 3/5 euro.

Urtarrilak 4, astelehena

18:00 eta 19:30 Ballet errusiarra: Txano Gorritxo. Sarrera: 3/5 euro

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun