Urdulizko ospitaleko sarbideak, auzitan

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 19a, 19:08
Urdulizko ospitaleko sarbideen lanak, 2014an.

Sopelako Udalaren urtarrileko udalbatzan ospitalearen gaia jorratu zuen EH BIlduko Juan Sanchez zinegotziak, galde-eskeen txandan; Gontzal Hermosilla alkateak erantzun zion.

Urtarrileko udalbatzan Sopelako EH Bilduk berrartu zuen Urdulizko ospitalearen gaia. Koalizio independentistaren arabera, aurretik Lan eta Zerbitzuetako Udal Batzordean idatzizko galdera erregistratu zuten, Sopelako Udalak aurreikusi dituen trafikoaren aukeren eta dauzkan azterketen informazioa eskatzeko.

EH Bilduren arabera, Udal Gobernuak erantzun zion ospitaleak “eragingo duen trafikoa neurtu duen azterketarik ez dagoela”. Gontzal Hermosilla alkateak gauza bera ukatu zion Susan elkarteko ordezkariari, azaroan egindako udalbatzan. Koalizioaren ustez, baieztapen bi horiek faltsuak dira, eta horregatik urtarrileko udalbatza erabili zuen, orain arte egin eta argitaratu duten txostenen berri emateko. Gontzal Hermosilla alkate jeltzalearen iritzia jasotzen ahalegindu da HIRUKA, baina, momentuz, alkateak udalbatzan esandakoaz aparte, ez dago berririk.

Juan Sanchez EH Bilduko zinegotziak lau txosten ekarri zituen gogora urtarrileko udalbatzan: Osakidetzak eskatutako “Analisis de necesidades de oferta sanitaria de atencion especializada en la Comarca Uribe”, trafikoa zenbatzen ez duena, baina gaixoen eta langileen estimazioak egiten dituena; Sopelako aurreko Udal Gobernuak eskatutako “Estudio de las afecciones en la movilidad del nuevo hospital de UK y valoracion de alternativas de la red viaria de Sopela”, trafikoa zenbatzen duena eta ospitaleak egunero Larrabasterran 2.677 ibilgailu gehiagoren trafikoa eragingo lukeela dioena; “Caracterizacion de la movilidad generada por el Hospital de Urduliz y estimacion del impacto medioambiental”, Urdulizko Udalak darabilena; eta 2010ean EAJren Udal Gobernuak osatutako “Plan de Movilidad Urbana Sostenible de Sopela”, ospitalea aipatzen ez duena.

Gontzal Hermosilla alkateak azken udalbatzan esandakoaren arabera, “teknikariek hobesten duten eta kontsentsua eragiten duena egingo dugu guk. Sopelan trafikoa eragiten bada, ahalik eta gutxien izan dadin ahaleginduko gara”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun