Uribe Kosta jaietan 2016

Larrabasterrako jaietan, gidari bi atxilotuta

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 22a, 13:22
Sopelako Udaltzaingoaren patruila bat.

Larrabasterrako Karmengo jaietan egindako lanaren balantzea egin berri du Sopelako Udaltzaingoak. Uztailaren 14tik 17ra bitartean gidari bi atxilotu eta ikertu zituen, bata puntu barik gidatzen omen zuelako eta bestea edari alkoholikoen eraginpean gidatzen zuelakoan. Beste hirugarren bat salatu zuten, "trafikoko arau-hauste baten ostean egindako alkoholemia-proban positiboa emateagatik", udaltzainek diotenez.

Halere, Karmengo jaietan hartutako beste prebentzio-jarduerak eta arau-hausteak ekiditeko neurri denak ez ziren bukatu komisariaren ziegan. Adibidez, Sopelako Udaltzaingoak beste hiru pertsona salatu zituen, marihuana edo haxixa bezalako substantzia estupefazienteak kontsumitu zutela egotzita. Era berean, hamabost adingabeko identifikatu zituzten alkoholdun edariak kontsumitzea leporatuta: edariak konfiskatu zizkieten eta gurasoei jakinarazpena postaz bidali zieten. Aurreko urteetan telefonoz zuzenean ematen zieten gertatutakoaren berri gurasoei.

Bestalde, pertsonen osasuna bermatzeko hamar bat jardueratan parte hartu zuten tokiko poliziek, hala nola, bihurrituak, zauriak, kontusioak eta antzeko gertaeren aurrean, osasun-langileakaz elkarlanean jardun zuten, eta batzuetan kaltetuak ospitalera eroan behar izan dituzte.

Azkenik, datu positibo gisa, Sopelako Udaltzaingoak azpimarratu du zapatuan, "jaietako egun nagusian, jendetza handia bildu" zela, "garraio publikoaren bidez heldutako bisitari-kopurua nabarmen igo baitzen". Udaltzainek egindako edukieren estimazioaren arabera, 1.500 eta 2.000 pertsona artean metroz heldu ziren uztailaren 16 eta 17 bitarteko gau eta goizaldean, Larrabasterrako metro-geltokira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun