Maddi Torre futbolari sopeloztarra gol batez estreinatu da Badajozen

Iker Rincon Moreno 2016ko abu. 17a, 18:54
Maddi Torre.

Maddi Torre Larrañaga erdilari sopeloztarrak lehenengo gola sartu zuen pasa den astelehenean bere talde berriagaz: Badajozeko Santa Teresa. Athleticek pasa den uztailean alde egiten utzi zuen liga-txapeldunak gol bat sartu zuen Benficaren arteko lagunarteko partidan. Lehenengo Mailan izanda, urriaren 2an eta 9an derbi propioak biziko ditu Torrek, Realaren aurka lehenengoan eta bere kide zuri-gorri ohien aurka bigarren deman.

Athletic eta Bizkerre taldeen jokalari ohiak Frantziako Ligara jauzia ematen ahalegindu zen uztailean, Okzitaniako Rodez Aveyron klubaren bitartez. Azken unean, baina, "legegintza-arazoek" okertu zuten operazioa Frantziako Ligaren bosgarren sailkatuagaz, Bizkerre futbol-taldearen iturriek jakinarazi dutenez.

Horren ondoren, Torre Santa Teresara jo zuen. Badajozeko klubak pasa den uztailaren 31n baieztatu zuen akordioa eta abuztuaren 4an aurkeztu zuen jendaurrean. Trebatzen ibili ostean, abuztuaren 10ean sopeloztarrak Lisboan jokatu zuen bere lehenengo deman Santa Teresagaz, Benficari 3-4 irabazteko. Pasa den zapatuan, berriz, Olivenzan jardun zuen, bertako Hiruko Sariketa irabazteko. Astelehenean, ostera, bere lehenengo gola sartu zuen El Vivero estadioan, Benficak bisita bueltatu zienean.

Santa Teresa taldeak hirugarren denboraldia jokatuko du aurten Lehenengo Mailan. Iaz, taularen erdian geratu ziren, hamaikagarrenak.

Torrek 20 urte ditu eta futbolean jarduteaz gainera Medikuntza ikasten dabil. Ohiko jokalaria izan da 16 eta 18 urte azpiko euskal selekzioetan; era berean, nazioartera irten da Espainiako selekzioagaz, 16 eta 17 urte azpiko kategorietan. Aurreko denboraldian Lehenengo Mailako Liga irabazi zuen Athleticegaz eta beste titulu bi lortu ditu Athletic Bgaz Bigarren Mailan. Europan, brontzezko domina irabazi zuen 17 urte azpiko Espainiako taldean eta Espainiako txapeldunordea da Euskadiko selekzioagaz. Bizkerre talde algortarragaz birritan izan zen txapelduna, haur mailan. Klub getxoztarrak zortea opa dio Torresi abiatu duen abentura berrian eta eskertu dio azken lau urteotan klubeko neska benjaminen taldea entrenatzen erakutsi duen ardura.

Maddi Torre Larrañaga erdilari sopeloztarra (goian, bigarrena ezkerretik), Badajozeko Santa Teresa futbol-taldeko hamaikakoan, 2016ko abuztuaren 10ean, Lisboan. © SANTA TERESA KIROL KLUBA
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun