Sopelako Ahal Dugu taldea aktibatu da

Iker Rincon Moreno 2016ko abu. 24a, 11:28
Sopelako Ahal Dugu taldeko hainbat kide. © SOPELAKO AHAL DUGU

Sopelako Ahal Dugu taldea aktibo dagoela jakinarazi du. Izan ere, alderdi moreak "Aktibatu zure taldea" ekimena abiatu du, 2014ko europar hauteskundeak prestatzeko eta gerora sortu ziren taldeen mapa berria izateko. Aktibatutzat jotzeko, alderdiak hainbat kontu eskatzen die, tartean antolakuntza-bitartekari bat izatea. Sopelako taldean Mitxel Mieves da, irudian zutik dagoen bigarrena, ezkerretik.

Mitxel Mieves

Mitxel Mieves metalurgia industriako behargina izan da. Jatorri aleman du baina Euskal Herrian bizi da 10 urte zituenetik. Ezker Batuko alkategaia izan zen 2007ko udal hauteskundeetan, Urdulizen, Aralarregaz batera aurkeztutako zerrendan. Mievesek zinegotzi akta jaso zuen 116 botori esker. Hauteskunde horietan, EAE-ANVko hautagaitza legez kanpo utzi zuten Espainiako epaitegiek eta eurentzako botoak baliogabe gisa zenbatu ziren. Denera, bozka baliogabeak 314 izan ziren. Hainbat herritarrek Mievesen zinegotzi ardura EAE alderdiko hautagairentzat izan behar zela aldarrikatu zuten eta herrian "lapurra" deitzen zuten kartelak ageri ziren. Kontuak hala, akta jaso eta hilabete batera Mievesek dimisioa eman zuen "EAEk egindako presioengatik".

Mieves zerrendaburua izan zen berriro ere 2011n, Sopelako udal hauteskundeetara Ezker Batuak aurkeztutako zerrendan. 261 boto eskuratu zituen eta zinegotzi-akta barik geratu zen. Halere, Sopelan gizarte-mugimenduetan ere jardun du, besteak beste TAOren aurkako plataforman.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun