Kosta Trailek 15.000 euro eman dizkie Gurutzetako Onkologiako umeei eta Bizkaiko diabetikoei

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 23a, 13:50
Ezkerretik eskumara, Patricia González (Team One Diabetes Challengue), Covadonga Aldaniz (BDE), Izaskun Casas (Forum Sport), Jose Ramón Taranco (Laboral Kutxa) eta Xabier Pesquera (La Cuadri del Hospi). © KOSTA TRAIL

Sopelako Kosta Trail elkartasun-ekimenak 15.000 euro eman zizkieten atzo, erdibana, Bizkaiko Diabete Elkarteari eta Gurutzeta ospitaleko "La Cuadri del Hospi" umeen aldeko onkologia-ekimenari. Orain arte probak egindako dohaintzarik handiena da, aurtengo 4.400 parte-hartzaileei esker.

Ekitaldia atzo egin zuten Laboral Kutxak Bilboko Posta kalean duen egoitzan. Bertan Kosta Trailen babesleek eskertu zieten konpromisoa eta elkartasuna pasa den ekainaren 12an Sopelako Kosta Trailen XI. edizioan parte hartu zuten denei. Egun horretan, probaren parte-hartzaileen errekorra apurtu zuten.

Diruz lagundutako elkarteen ordezkariak hunkitu agertu ziren. La Cuadri del Hospi delakoak leuzemia linfoblastiko akutuaren gainean BioCrucesek egiten dabilen ikerketarako erabiliko ditu 7.500 euroak. Minbizia duten umeen herenak pairatzen du gaixotasun hori. La Cuadri del Hospi iaz sortu zuten Gurutzetako ospitaleko Onkologia Unitatean artatutako hainbat neska-mutilen gurasoek.

Bizkaiko Diabete Elkartea 1978an sortu zen. Elkarteak laguntza bideratuko du ume eta gaztetxo diabetikoen egonaldi eta udalekuak zein diabetikoen kirol-mintegiak ordaintzeko. Bestalde, Team One Diabetes Challengue lasterkari diabetikoen taldeak 2.000 euro bildu ditu, Salomonek eta Forum Sportek diabetea eta kirola gaiaz jendea kontzientziatzeko salgai jarri zituzten buru-zapiak agortu baitira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun