Elkarrizketak

Lutxo Egia: "Elkarrekin irakurketaren puzzlea osatzen dugu"

Kepa Ugarte Martiarena 2016ko urr. 17a, 12:54
Lutxo Egia 1969ko abuztuaren 12an jaio zen, Santanderren. Bilbo du bizileku txikitatik eta gaztea zela euskaldundu zen.

Urriaren 20an, eguena, ekingo dio ikasturte berriari Sopelako Irakurle Klubak. Egun horretan, Joxean Agirre Odriozola (Azpeitia, 1949) idazlearen "Gizajoen katalogoa" (Elkar, 2016) izango dute berbagai Kurtzio kultur etxean batzen diren irakurzaleek, 19:00etatik aurrera. Horrez gainera, ikasturte honetan, Santanderren jaio eta Bilbon bizi den Lutxo Egia del Rio idazleak hartuko du gidari-lekukoa; orain arte Danelle Sarriugarte Mochalesek (Elgoibar, 1989) izan du ardura hori.

Zelan proposatu zizuten Sopelako Irakurle Kluba gidatzea?

Egia esan, Danellek proposatu zidan; izan ere, esperientzia pixka bat badaukat arlo honetan. Bilbon bi irakurle-klub gidatu izan ditut lehenago, eta Igorren ere arituko naiz aurten. Izugarri gustatzen zaidan gauza bat da: irakurle-kluba oso baliagarria da, norberak egiten dituen irakurketak beste irakurleekin konpartitzeko.

Idazle batentzat esperientzia itzela dela diozu, zer dela-eta?

Niri gertatu izan zait gidatu izan ditudan talde bietan liburuen gaineko irakurketa zorrotzak egiten dituen jendea aurkitu izana; zuk zeuk liburu horretan eta zure irakurketan topatu ez dituzun hamaika ertz ikustarazten dizkizute. Azkenean, irakurketa-klubaren saio bat puzzle modukoa da; denon artean irakurketaren puzzlea osatzen dugu, eta hori oso aberasgarria da guztientzat; idazleontzat ere bai.  

Zelan prestatzen dituzu saioak?

Ez dakit Danellek zelan egiten zituen. Nik, behintzat, bildu baino hamar egun lehenago, dosier bat prestatzen dut. Batetik, idazlearen informazioa batzen dut. Bestetik, liburuari dagokionez, egindako aurkezpena, komunikabideetan ateratako elkarrizketak eta egin zaizkion kritikak txertatzen ditut. Idazlearen bestelako informazio interesgarririk baldin badago, hori ere bidaltzen diet irakurle-klubeko kideei; baita horrek egindako beste lanen informazioa ere. Txosten handiak izaten dira, baina, aldi berean, oso baliagarriak dira idazlea eta bere lana hobeto ezagutzeko.

Oraingo honetan, talde berria izango duzu aurrean.

Taldea ez dut ezagutzen, ez dakit zer gustatzen zaien, ezta ze maila daukaten ere. Gure arteko lehenengo saio horretan, liburua aztertzeaz gain, elkar ezagutu beharko dugu eta taldera egokitu behar izango dut nire burua. Hori garrantzitsua da; izan ere, talde hori eginda dago jada. Besterik ez bada, urtebetez funtzionatu du talde horrek eta bere ezaugarriak, ohiturak eta gustuak ditu. Horiek errespetatzeaz gain, horietara moldatu egin beharko dut nire burua.

Zein gomendio emango zenioke irakurle-klubean parte hartu gura duten eta ausartzen ez direnei?

Irakurle-klub bat gauza erakargarria da; azken finean, liburua irakurri eta zure irakurketatik ikuspuntuak osatzen dituzu. Klubera heltzen zarenean, ordea, beste hamaika ikuspuntu egon badaudela konturatzen zara. Horiek guztiak irakurle-klubean sortzen dira. Alde horretatik, irakurzaleak parte hartzera animatuko nituzke, gomendio berezirik eman gabe. Liburua irakurri eta aurreiritzirik gabe etortzea da garrantzitsuena; norberak uste duena besteekin konpartitzea da helburua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun