Gazte-mugimenduak talde berria dauka Sopelan

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 22a, 13:15
© TRANKU

Urriaren 12ko Hispanitatearen Egunean bere burua publikoki aurkeztu zuen Tranku gazte-erakunde berriak; udal-pilotalekuaren parean, Genozidioa ospatzen? irakur zitekeen pankarta ipini zuten neska-mutil sopeloztarrek. "Herritarrak zirikatuz, kontzientzia sortarazi gura genuen egun horren inguruan", taldeko kideek azaldu dutenez.

Herrian, Gazte Asanblada edo Plaza Beltza bezalako taldeak egon arren, orokorrean, gazte-mugimendua eta gazteria bera «nahiko hilda» zeudela sumatzen zutelako hartu zuten Sopelan erakunde berria sortzeko erabakia. "Herrian ez genuen mugimendurik nabaritzen. Hori dela-eta, batu ginen eta erabaki genuen beharrezkoa zela beste talde bat sortzea", aipatu dute neska-mutilek. Euren ustez, aukeratutako izenak zentzua dauka: ‘Tranku’ berbak "pauso handia" esan gura du bertoko euskaran. Eurek gazte-mugimendua «berpiztu» gura dute Sopelan.

Jorratuko dituzten arloei dagokienez, hiru dira Tranku gazte-erakundearen ardatzak: feminismoa, sozialismoa eta independentismoa. Taldeko kideek diotenez, "sozialismoaren barruan adar asko daude; baina, besteak beste, gazteen artean ematen den behin-behinekotasuna salatu gura dugu". Bestalde, daborduko lanketa feministagaz hasi dira, eta horren inguruan, hainbat ekintza egiteko asmoa daukate. Horrez gainera, «erantzun» egin gura dute: "presoren bat egoera larrian dagoela, urriaren 12a dela... herritarrek egoera horiez jabetzea gura dugu", zehaztu dute. Hala ere, nabarmendu dutenez, "oraindino hasieran besterik ez gaude; ez daukagu ezer finkatuta".

Formakuntza

Formakuntza ere ez dute alde batera utzi gura Sopelako gazte-erakunde berriko neska-mutilek. Azaldu dutenez, kanpora begira, taldekoak ez diren gazteak hainbat gaietan trebatzeko jarduerak egingo dituzte. "Zer esanik ez Trankuren kideak izan gura dutenentzat", nabarmendu dute.

Urriaren 12an Sopelako udal pilotalekuaren aurrean ipinitako pankartaren inguruko bideoagaz batera, erakundearen ildo nagusiak zeintzuk diren azaltzen duen ikus-entzunezkoa eskegita daukate Interneten Trankuko kideek. Horrez gainera, daborduko hainbat sare sozialetan erabiltzaile-profilak sortu dituzte. Taldearen izenagaz batera ondoko esaldia irakur daiteke: Ez aitzinatzea, gibelatzea da. Azaldu dutenez, "taldea sortzearen arrazoia azaltzen du esaldi horrek". "Demagun erakunde berririk ez sortzea erabakitzen dugula. Bada, gazteak euren eskubideen alde borrokatu behar dutela jabe daitezen bestelako ezer ez egitea, atzera egitea litzateke; gazteon potentziala galtzea litzateke", adierazi dute Trankuren kideek.

Trankuren aurkezpen-bideoa (© Tranku)

Urriaren 12ko ekintzaren bideoa (© Tranku)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun