Sakonean

Agur, Aitxu!

Iñigo Fernandez de Martikorena 2016ko urr. 30a, 11:00
Urriaren 21ean egin zuen Aitxu!-k azken kantaldia.

Sopelako Aitxu! euskara-taldeak azkenengo kantaldia egin zuen pasa den zapatuan. Hamar urteko ibilbide oparoa bete ostean, «agur» esan zuen. «Euskaldun temati berriei» eman gura dizkie lekukoa eta ondare osoa.

Daborduko Aitxu! euskara-taldea historia da. Sopelan euskal kultura eta euskararen erabilera bultzatzeko asmoz, 2006an jaio eta batzen hasi ziren eta 2007ko ekainaren 1ean plazara jauzia egin zuen, "gure herrian euskararen erabilerari bultzada indartsu bat emateko". Erakundea aurkeztu zuten bezain alai eta irribarretsu agurtu zuten pasa den aste-akabuan, egindakoaz harro.

Mikel Begoñak akorduan dauzka hasierako garai haiek. Berak dioenez, euskararen erabilera eskasagatik "kezka genuen kuadrilla bat batu ginen, batzuk ikastolako gurasoak". Kontua "txarto" zihoala ikusten zuten eta horregatik "erabaki genuen zeozer egin behar genuela; hortik aurrera taldetxo bat batzen hasi ginen eta elkartea sortu genuen. Hasiera batean, kalean suspertze-lana egitea izan zen norabidea, batez ere; erromeriakaz ere hasi ginen".

Hasierako urteetako "ilusioa" nabarmendu du Karmen Galdeanok. Elkartea abian ipini zuten ikusten zutela "teorian, Sopela herri euskalduna zela, baina, gero, benetan, kalean ez zela bermatzen euskara; ez ziren gune euskaldunak sortzen eta, agian, umeen kontuetan gelditzen zela dena". Elkartea jendaurrean aurkeztu eta hilabete batzuetara, sentsazio horiek egiaztatu zituzten. 2007ko abenduaren 27an, Aitxu!-k orduko inkesta soziolinguistikoek eskualdeaz ematen zituzten datu batzuk iragarri zituen: "Uribe Kostako biztanleen %9,3k erabiltzen du euskara normalean; baina are kezkagarriagoa da erabilera gazteen artean: gazteen %2,8k baino ez. Umeek euskara gehiago (%15) badarabilte ere, laster, nerabetasunera heltzeagaz batera, aurreko datu horietara jausten da portzentaia. Eta horrek burura dakakigu ondoko galdera: euskara bultzatzeko umeen artean egiten diren ekitaldiak, egokiak izan arren, badute jarraipenik ondorengo urteetan?".

Testuinguru hartan, ordurako erromeriak eta berbatxangoak antolatzen zituen elkarteak. Baina, Galdeanok kontatu duenez, "ikusten genuen ez ginela iristen herri euskaldun benetako bat sortzera". Ildo berean jardun da Begoña: "ikusi genuen pauso sakonago bat eman behar genuela eta, orduan, kanpaina luzeago eta pentsatuago batzuk garatzen hasi ginen, bai euskara teknikariagaz eta herrian dauden elkarte eta erakunde ezberdinakaz elkarlanean". Hortik etorri ziren kantaldiak eta euskararen aldeko sentsibilizazio-kanpainak. Aitxu!-k "esparru ezberdinetan herrian lan egiten duten taldeakaz harremanetan ipini eta modu sinboliko batez kantaldian abesti bat kantatzeko eskatu" zien. 2008. eta 2013. urteen artean sei kantaldi eta hamar erromeria antolatu zituen euskara-taldeak. Orduan, "ikusi genuen benetan lan handia dagoela egiteke; oraindino ere ikusten dugu»¡" dio Galdeanok: "diru asko inbertitzen da euskararen alde baina, gero benetan ez da fruiturik ikusten. Umeentzako pailazo-ikuskizunetara eta jolasetara mugatzen ginen askotan; baina, benetan, ez ziren gauza serioak egiten. Orduan, herriko dendariakaz eta tabernariakaz hasi ginen gaia jorratzen".

Herriko dendetan eragiten

Hortaz, euskara erabiltzeko eremu berriak lantzen jardun zuen euskara-elkarteak. Berbarako, udalerriko merkatariakaz eta ostalariakaz erabilera areagotzeko planak martxan ipini zituzten 2010etik aurrera; zerbitzua euskaraz emateko gaitasuna zuten dendak identifikatuz eta ikurrak banatuz. Horregaz batera, doako euskarazko ikastaroak antolatu zituzten dendarientzat. Galdeanoren iritziz, "oso esperientzia ona" izan zen hura. Begoña ere iritzi berekoa da: "denda batzuetan ikusten da apurtu egin dela lehen zegoen beldurra, ez zekitelako nor zen euskalduna". Ikastaroak ere hainbat egin eta bultzatu dituzte: eskalada edo surf egiten zein txalaparta edo panderoa jotzen ikasteko, berbarako. Euskara-taldeak ateak itxi arren, ikastaro horiek ez daude arriskuan. Galdeanok baieztatu duenez, "horiek guztiek aurrera jarraituko dute. Gu abiatu ginen beraiekaz, baina, gaur egun, bakarrik jarraituko dute: gaur da eguna oraindino Peñatxurin, adibidez, ikastaroek jarraitzen dutela. Gure helburua hori zen: ikastaroak euskaraz egitea, gaur egun, egiten jarraitzen dute udan. Txalaparta, panderoa… Meñakoz kultur elkarteak ere bere gain hartu ditu beste ikastaro batzuk… Esango nuke izpiritua egon badagoela, eta zabaldu dugula, eta hor gelditzen da behintzat".

Kirolean, euskaraz

Hurrengo urratsa zerbitzu publikoetan ere euskara bermatzeko ahalegina egitea izan zen: kiroldegiko jarduerak euskaraz ere izan zitezen elkarlanean jardun zuen euskara-taldeak Mankomunitateagaz, Udalagaz eta Serviociogaz, 2011n, besteak beste. Oroitzapen gazi-gozoa dauka Galdeanok esperientzia hartaz: "beti topatzen ginen burokrazia edo Administrazioak ipintzen dituen trabakaz, begiraleei arazoak sortzen genizkielako; jagole asko erdaldunak zirelako. Ikastaroak sortu genituen eta orduan euskaltegiagaz hasi ziren arazoak… Euskara teknikariakaz hainbat kontu antolatzen lanean hasi eta handik gutxira teknikariak aldatzen zituzten, berriak etortzen ziren, baina jarraikortasuna falta zen gauzak ondo egiteko. Gainera, beti ibili behar ginen zinegotzien atzetik, teknikarien atzetik… oso neketsua zen, oso fruitu gutxi ateratzeko trukean".

Etorkizuna

Azken urteotan, atzerantz egin du Aitxu!-k; alde batetik, sei edo zazpi lagun baino ez dira batzen eta, beste aldetik, kideek denbora gutxi daukate. Galdeanoren ustez, "gauza puntualak egiteko ez genuke inolako arazorik izango", baina zalantza du urtean behin erromeria bat edo bi egiteko segitzea mereziko lukeen: "horrek ez du lana ematen; baina, benetan, hori da gure helburua?". Erantzuna zuzena da: "benetako lana egiteko, beste tresna eta indar batzuk beharrezkoak dira". Gainera, Begoñak azaldu duenez, "azken urte biko bilakaeran, apurka-apurka, taldeko antolaketa jaisten joan da eta argi ikusten genuen amaiera heltzear zegoela. Orduan, pentsatu genuen amaiera on bat ematea". Gainera, "nahiz eta ate bat itxi dugun, beste ate bat zabaltzen gabiltza, aukera bat dagoelako orain, jende berriak aurrerantzean euskararen alde lan egin dezan Sopelan; estruktura bat eginda dago, eta hori ere abiapuntu bat izan daiteke". Izan ere, taldeak iragarri duenez, "ez dugu gure hizkuntza geldirik ikusi gura. Hori dela-eta, lekukoa pasatu gura genuke, beste batzuek beste 10 urteko txanda bete dezaten". Euren ustez "indar berriak beharrezkoak dira, ideia berriak, gogo berriak, euskaldun temati berriak. Hori da gure agurraren desioa".

Galdeanoren arabera, "lana badago egiteko" eta "oso atsegina" da, "ilusioz" hartuz gero. Aitortu duenez, "gu jada zahartzen gabiltza". Begoñaren iritziz, "ez da gazteen edo zaharren kontu bat, gogoa daukanarena baizik. Gutariko batzuk, ez dakit, prest gauden jarraitzeko edo atzetik laguntzeko". Laguntza-eskaintza hori berretsi du Karmen Galdeanok: "segitu gura duenak gure atea jo dezake, jakina, hasierako laguntza eskuratzeko. Dena idatzita utziko dugu: non lan egin, zer egin dugun, dirua ere eskura utziko diogu jarraitzen duenari. Esperantza badaukagu gazteek edo beste belaunaldi batek lekukoa hartuko duela".

ena den, Begoñak uste du erreleboa ez dela zertan eman behar, orain arte erabilitako moldeen arabera. Bere ustez, "euskararen ardura ez da talde baten gainean geratu behar. Euskararen ardura Udalaren, herriko elkarte guztien eta denon arteko kontu bat da. Euskarak iraun behar badu, txipa aldatu behar dugu, goitik hasita, eta bitarteko praktiko eta eraginkorrak ipini behar dira".

Azkenik, Aitxu!-ren hamar urteak laburbildu ditu Mikel Begoñak: "sartu ginen eta helburu batzuk lortu ditugu. Gero helburu horiek batzuetan ikusten da oso laburrak direla, baina orokorrean kontu batzuk lortu ditugu. Sopelan dagoen giroa oraindino nahiko erdalduna da, baina zeozer aurreratu dugu".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun