Sopelako taberna bateko zerbitzaria atxilotu dute, droga saltzea egotzita

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 5a, 15:18

Sopelako Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko elkarlanari esker, udalerri horretako taberna bateko zerbitzari bat atxilotu zuten atzo goizean, osasun publikoaren kontrako delitu bat egotzita. Udal iturrien arabera, establezimenduak, antzeko aurrekariak zituen; izan ere, 2015eko abuztuan, beste zerbitzari bat harrapatu zuten delitu bera leporatuta.

Kasu honetan, Sopelako Udaltzaingoak, lokalaren errentari eta bezeroen arteko harreman arraroak detektatu zituen beste behin. Bezeroak tabernara heldu eta denbora gutxi egiten zuten bertan;

Ikerketa zabaldu ostean, Udaltzaingoak hainbat droga kopuru hartu zizkien tabernako zenbait bezerori, haxix puskak tarteko. Azken konfiskazioa atzo goizean izan zen; udaltzaingoaren patruila batek bezero bati lokalean erosi berri zuen haxixa konfiskatu zion.

Polizia-operazioa martxan jarri ostean, Udaltzaingoko eta Ertzaintzako zenbait agente tabernara sartu eta erregistroari ekin zioten. Dirua eta hutsik zeuden zenbait garagardo botilen barruan substantzia marroiez zikindutako zorroak konfiskatu zituzten. Zorro hauek "merkantzia" bezeroen artean zabaltzeko erabiltzen zituzten, Udalak dioenez.

Ondorioz, zerbitzaria atxilotu zuten, substantzia estupefazienteen trafikoa leporatuta; taberna itxi dute, prebentzio neurri gisa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun