Sopeloztar bat atxilotu dute droga saltzea egotzita

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 9a, 15:55
Gazteari atzemandako dosiak. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udaltzaingoak 33 urteko gizonezko sopeloztar bat atxilotu zuen zapatuan, urtarrilak 7, osasun publikoaren kontrako delitu bat egotzita.

Gertaera 13:30ak aldera izan zen. Enrike Urrutikoetxea kalean aparkatuta zegoen auto batek arreta deitu zien udaltzainei; barruan, gazte bat zihoala ikusi zuten. Udal iturriek diotenez, gizonezkoa ezagutzen zuten, aldez aurretik drogakaz harrapatu eta horien kontsumoagatik izandako gertakariak tarteko. Ohiko identifikazio-prozesuari ekitean, agenteak gaztea urduri eta iheskor zebilela ohartarazi ziren. Hala, gizonezkoaren arropen artean ezkutatuta, substantzia estupefazienteen dosiak aurkitu zituzten; kokaina, antza, termozigilatutako poltsetan, banatzeko prest. Gauzak horrela, Sopelako Udaltzaingoak gaztea atxilotu egin zuen, osasun publikoaren kontrako delitu bat egotzita. Gazteak aurrekariak omen ditu antzeko delitu batengatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun