Bozketan abstentzioa eman arren, udal-aurrekontuak kritikatu ditu Sopelako EH Bilduk

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 13a, 11:12

EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk "2017ko aurrekontuen inguruko akordioa izenpetu" zutela zabaldu zuen abenduaren 30ean Sopelako Udalak; egun bat lehenago onartu zituzten diru-kontuak, koalizio ezkerzalearen abstentzioagaz. Gaur, ostera, EH Bilduk gogor kritikatu du EAJk 2017rako aurkeztu duen aurrekontuen proiektua: euren berbetan, "egitasmorik gabekoa, gardentasunik gabekoa, herritarron parte-hartzerik gabekoa eta negoziatzeko denborarik gabekoa" da. Soberanistek 13 proposamen zehatz aurrekontuetan sartzea lortu zuten, abstentzioa emanez.

Sopelako EH Bilduk dioenez, euren abstentzioaren bitartez, aurrekontuen onarpena "desblokeatu" dute. Horrez gainera, "Sopela hobetzeko ahaleginetan, 13 proposamen zehatz aurrekontuetan sartzea" lortu dutela azpimarratu du koalizio ezkerzaleak. "Proposamen horiek herriko elkarteekin izandako bileretatik jaso eta horien bitartez, aurrekontuak edukiz bete ditugu", azaldu dutenez.

Izenpetutakoa "ez da gobernu-akordio bat, gutxienekoen akordio bat da", azaldu dute soberanistek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun