Panda Raid Bizkaia taldea aurkeztuko dute Sopelan, arrastian

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 15a, 13:00
Panda Raid Bizkaia taldeko lau kidek behar egiten du Uriosteko suhiltzaile-etxean. © PANDA RAID BIZKAIA

Elkartasuna eta kirola uztartzen dituen Panda Raid Bizkaia taldeak gaur aurkeztuko du bere burua, Sopelan. Hitzordua udaletxearen aurreko plazan ipini dute, 18:00etan. Bertan, Marokoko Panda Raid probaren berri emango du seikoteak; euretako hiru partaide sopeloztarrak dira eta beste bat, algortarra. Afrikara eroateko materialak ere jasoko dituzte bertan. Ekimenean, lasterketan erabiliko dituzten 1994ko eta 1988ko Panda Marbella modeloko auto bi erakutsiko dituzte.

Seikoteak distantzia eta erresistentzia handiko Marokoko Panda Raid rally-amateurrean parte hartuko du. Kirol-emaitzaz gainera, euren buruei ipini dioten helburua da Maroko herri pobreei materiala eroatea: besteak beste, arropa, zapatak, jostailuak, eskolarako materiala eta abar.

Lasterketa martxoan ospatzen da urtero eta ehun talde baino gehiagok parte hartzen du; aurten, bederatzigarren edizioa, martxoaren 4tik 11ra izango da eta, antolatzaileen arabera, daborduko 300 taldek bete du inskripzioa. Panda Raid erresistentzia-lasterketa bat da. 7 egunetan, basamortuko 4.000 kilometro baino gehiago egiten ohi dira; ibilbidea, batez ere, Marokoko hegoaldetik igarotzen da, arez eta desertuz osaturiko pistetan barrena.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun