Zapatuan egingo dute Sopelako Duatloia

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 16a, 11:15
Iaz, Maite Arraizak eta Kepa Vallejok irabazi zuten. © ALBERTO AGUJETA - ETF

Datorren zapatuan, otsailaren 18an, duatloiagaz hitzordua izango du Sopelak. Bertan jokatuko da 2017ko EAEko duatloi-zirkuituaren bigarren proba. Hamabigarren edizioa izango da aurtengoa, esprint-distantzian egingo da, eta Sopelako Hirubi triatloi-taldeak eta Euskadiko Triatloi Federazioak antolatuko dute.

Irteera, helmuga eta boxak Sopelako udaletxearen ondoan egongo dira, Antonio Aretxabaleta plazan. Proba 16:15ean hasiko da, emakumeen lasterketagaz. Ordu laurden beranduago irtengo dira gizonak. Batzuek zein besteek korrikan 5,2 kilometro egin beharko dituzte, 20 kilometro bizikletaz, eta, amaitzeko, helmugako marrara heldu aurretik, azken 2,5 kilometroko lasterketari oinez aurre egin beharko diote.

Zirkuituaren ezaugarriak

Oinezko saio bien ibilbide osoa herriko kaleetatik izango da. Lehenengo atalean, parte-hartzaileek itzuli bi eman behar izango dizkiote zirkuituari; bigarrenean, helmugara iritsi baino lehenago, beste itzuli bat eman beharko diote ibilbide berari. Bizikleta-saioan, eskualdeko zenbait herritatik pasatuko dira: Sopelatik irten, eta Barrika, Plentzia eta Urduliz atzean utzi ostean, Sopelara itzuliko dira. Probaren egunean eta bezperan, zirkulazioa eten egingo dute zenbait lekutan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun