EAJ alderdiko lau ordezkarik osatuko dute Urdulizko Udal Gobernua

Iker Rincon Moreno 2015ko uzt. 23a, 11:03
Ekainaren 13an izendatu zuten alkate Javier Bilbao.

Ekainaren 13an, aginte-makila hartu zuenean, Javier Bilbao Urdulizko alkateak agindu zuen "zazpikoa barik, hamaika zinegotzikoa izango" zela "Urdulizen alde lan egiteko" bere taldea. Hala ere, agintari urduliztarrak Gobernu Batzordetik kanpo utzi ditu EH Bildu koalizioak maiatzaren 24an lortutako hiru zinegotziak eta Denok Batera taldeak lortutako bakarra. Biak ala biak agertu ziren "herritarren alde jarduteko" EAJgaz "kolaboratzeko prest". Jelkideek eskuratutako zazpi ordezkarietatik hiru ez dira Gobernu Batzordean egongo. Javier Bilbaok berak, Jose Ignacio Oleak, Mari Carmen Kareagak eta Alazne Bilbaok osatuko dute aginte-organoa; eta azken hirurak izango dira alkateordeak.

Bestalde, sortutako informazio-batzorde iraunkor biak, "Udalbatza Gaiak" eta "Ogasuna" izenekoak, alkateak zuzenduko ditu, eta zinegotzi denek hartuko dute parte. Azkenik, 13 lan-batzorde iraunkor sortu dituzte: hirigintza, ogasuna, herri-lanak, zerbitzuak, kirolak, landa-ingurua eta turismoa, batetik, eta Jose Ignacio Oleak zuzenduko ditu horiek guztiak. Euskara, berdintasuna, kultura, enplegua, gizarte-ongizatea eta gazteria-gaiak, bestetik, eta Carmen Kareagak gidatuko ditu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun