Urdulizko ospitaleaz eztabaidatuko du Eusko Legebiltzarrak

Iker Rincon Moreno 2015ko aza. 6a, 14:00
Urdulizko ospitalea "%100 publiko" izateko elkarretaratzea egin zuten sindikatuek Algortako Alangoko osasun zentroan.

Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalearen gaineko legez besteko proposamen bat eztabaidatuko da, datozen asteotan, Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo Batzordean. Testua EH Bilduk eta PSE-EEk aurkeztu dute, batera. Biek ala biek euren kezka agertu dute "osasun-jardueraren kudeaketak urratsez urrats pribatizazio joera argia" duelakoan.

Hori dela eta, hiru neurri hartzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari: Legebiltzarrari ospitale berriaren Plan Funtzionala eta Zerbitzu Zorroari buruzko "informazio eguneratua" ematea; "Giza Baliabideen Zuzendaritzak eskuartean dauzkan dotazio eta bideratutako lanpostuen horniketari buruzko datuak" sindikatuei eskaintzea eta lan-arloko gai denak eurakaz negoziatzea; azkenik, Urdulizko ospitalean "eskainiko diren zerbitzu guztiak zuzenean Osakidetzak kudea ditzala, garbikuntza, mantentze-lana eta sukaldea barne".

Sindikatuen protestak

Ezkerreko alderdien ekimenak sindikatuek aurretik egindako aldarrikapen gehienak batu ditu. Izan ere, Urdulizko ospitalearen inguruko informazio guztia eta zerbitzua «%100 publiko» izatea eskatu zuten sindikatuek. Zerbitzuak zelan kudeatuko dituzten azaldu barik, Urdulizko ospitalea 2016rako zabalduko dutela iragarri izana kritikatu zuten Osakidetzako sindikatuek. Era berean, gaur egun dagoen "desinformazioa" dela-eta, Urdulizko ospitalearen Funtzio Planaren eta Zerbitzuen Kartaren inguruko informazio gaurkotua eskatu zuten sindikatuek Eusko Jaurlaritzaren Osasun Batzordean. Horrez gainera, ospitaleak izango dituen langile- zein lanpostu-kopuruen aurreikuspena eskatu zioten Giza Baliabideen Zuzendaritzari, langileen ordezkariakaz "lan-baldintza guztien inguruan negoziatzea" eskatzeagaz batera. Azkenik, zerbitzu guztiak "zuzenean Osakidetzatik kudeatzea" eskatu zuten, garbiketa-, mantentze- eta sukaldaritza-zerbitzuak barne. Urdulizko ospitalea %100 publiko izateko "mobilizatzea" beharrezkoa dela esan ostean, elkarretaratzea egin zuten urriaren 28an Algortako Alangoko osasun zentroan, Uribe Kostako Erakunde Sanitario Integratuaren egoitza dena.

EH Bilduk eta PSE-EEk aurkeztutako legez besteko proposamena

 

 
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun