Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalea inauguratu dute

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 5a, 17:16
Urdulizko ospitalean zerbitzuak pribatizatzearen kontra elkartu ziren Osakidetzako sindikatuak.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalea inauguratu zuen joan den barikuan, uztailak 1, Jon Darpon Osasun sailburuagaz, Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusiagaz eta 150 gonbidatuagaz batera. Ospitale berria eguen honetan, uztailak 7, ipiniko dute martxan; kanpoko kontsultak eta erradiologia-zerbitzua, hain zuzen ere. Hurrengo sei hilabeteetan, kanpoko kontsultetan 23.500 pazienteri eta erradiologia-zerbitzuan 26.000 lagunei baino gehiagori arreta eskaintzea aurreikusi dute. Besteak beste, Barrika, Berango, Getxo, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urdulizko bizilagunak zainduko dituzte erietxe berrian.

Inaugurazio-ekitaldiko gonbidatuen artean, Alfredo Espinosaren senideak zeuden; eta "euren babesagaz Urdulizko ospitalea errealitate egiten" lagundu duten erakundeetako, udaletako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta jendartearen ordezkariak ere bai.

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak azpimarratutakoaren arabera, Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalea Bizkaiko jendartearentzat eta Euskal Autonomia Erkidegokoarentzat, oro har, "albiste bikaina da"; Eusko Jaurlaritzarentzat "pertsonen osasuna lehentasuna" dela frogatzen du. "Euskadi da aurten ospitale publiko berri bat martxan jarri duen autonomia-erkidego bakarra eta Urdulizko ospitaleak Osakidetzaren zerbitzu publiko unibertsal eta kalitatezkoa egunez egun hobetzen eta indartzen jarraitzeko apustu sendoa egin dugula erakusten du", adierazi zuen Urkulluk.

Lehendakariaren berbetan, Urdulizko ospitalea Eusko Jaurlaritzak osasun publiko unibertsal eta kalitatezkoaren alde duen konpromisoaren isla da. Modu berean, "elkarren segidako hainbat gobernuk euskal osasun-sistema publikoaren alde apustu egiten jarraitu dutela erakusten du", bere ustez; izan ere, Osakidetzaren ospitale berri hau sortzeko prozesua azken hiru legegintzaldietan garatu da. Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalea, gainera, Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan azpiegitura publiko batean egin duen inbertsiorik handiena da. Gaur egungo egoera ekonomikoan, lau urteotan, 153 milioi euro inguru inbertitu dituzte.

Era berean, mota horretako azpiegitura bat martxan ipintzea profesionalentzat erronka bat dela, baina "ilusioa" pizten diela, nabarmendu zuen Urkulluk. Ildo horretan, ospitale berri horretan lan egingo duten profesional guztiak –600 baino gehiago eta 400 lanpostu berri baino gehiago– "gobernu honek pertsonakaz daukan konpromisoagaz aurrera jarraitzera" animatu zituen, "Osakidetza euskal gizartearentzat hurbiltasunaren, arretaren eta kalitatearen aldetik erreferente izan dadin".

Hala ere, sindikatuek beste elkarretaratze bat egin zuten egunean bertan, "pribatizaziorik ez" goiburuagaz; azken hilabeteotan egin dituzten aldarrikapenei jarraituz.

Inaugurazioaren argazki-galeria

urduliz ospitalea

Inaugurazioaren bideoa (IREKIA-EUSKO JAURLARITZA)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun