Urdulizko kiroldegia zabaltzeko lanak, abian

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 24a, 12:00
Iparraldek duen lokal hutsetako bat. © URDULIZKO UDALA

Urdulizko kiroldegia zabaltzeko beharrak martxan daude daborduko; hondeamakinak lursailean daude, lur-mugimenduak egiten. Udal Gobernuak zabaldu duenez, otsailean neurketa topografikoak egin dira eta laster abiatuko dira eraikuntza-lanak. Gobernu-taldeak konpromisoa hartu zuen legealdiaren barruan herriko kirol-ekipamenduak hobetzeko; horretarako finkatu zuen lekua Iparralde futbol-zelaiaren ondoko eta probalekuaren aurreko lursaila izan zen.

Lanak bukatzean, urduliztarrek gozatu ahal izango dute padelean jolasten edota gimnasioan sasoian ipintzen. Horiek izango dira pabiloi berriak eskainiko dituen zerbitzuak, Iparralde futbol-zelaiko harmailaren atzean. Proiektua 3,7 milioi euroan esleitu da.

Halere, Urdulizko Udalak ez ditu amaitutzat emango kirol-eskaintzaren zabaltze-beharrak aipatutako egitasmoa bukatzean. Etorkizunean eskaerari erantzuteko, ondoko beste lursail bat gordeko du Udalak. Jarduera-planean kiroldegi berria eta igerilekuak aurreikusita daude, besteak beste.

Gaur egun, Iparralde udal-jabegoko eta kudeaketa publikoko kirol-azpiegitura da; honako osagaiak ditu: futbol-zelaia, harmaila, aldagelak, komunak, biltegiak, erizaindegia, Urduliz Futbol Taldearen bulegoak eta taberna. Halere, bertan bada hainbat lokal erabili barik. 2013ko urtarrilean, Urdulizko Gazte Asanbladak horietako bat okupatu zuen gaztetxea egiteko; ekimenak ez zuen luze iraun. Denera, 2.284,60 metro koadro ditu Iparraldek.

Hala, abiatu diren lanak Iparraldeko proiektua bi fasetan osatzeko pentsatuta dago. Lehenengo ekinaldian, gaur egungo futbol-zelaiko aldagelen eraikina betetzeko beharrak egingo dituzte. Beheko solairuan ipiniko dituzte bulegoak, zuzendutako jardueren aretoa eta aldagela eta komun gehiago. Bestalde, sotoan, lekua izango da gimnasioa, bizikleta estatikoak, tai jirako aretoa eta bainuetxe txiki baterako.

Iparralde futbol-zelaia 2009an amaitu zuten. Ordutik hona, hainbat hobekuntza egin dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun