Jendartea 2006-11-28 22:43

Urdulizko lehenengo Berdintasun Planak "partaidetza bultzatzea" du helburu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urdulizko Udalak gizonen eta emakumeen berdintasunerako lehenengo plana dauka jada. Juan Olea alkatearen hitzetan, "politika orokorreko tresna gisa sortu dugu, ekintza eta konpromisoen aukera zabala agertzen dela". Plana egiteko alderdi politikoen, langile teknikoen, Uribe Kostako Mankomunitatearen eta Inola izeneko udalerriko emakumeen elkartearen arteko partaidetza-prozesua bultzatu da, gaineratu duenez, eta funtsezko hiru alderdi hartu dira kontuan: konpromiso politiko esplizitua udalerriko mailarik gorenean, udalaren arlo guztien nahiz udalerriko bizitzan parte hartzen duten eragile politiko eta sozialen ekarpenak bilduko dituen partaidetza-plana; eta azkenik, alderdi politikoen arteko adostasuna lortu emakumeen eta gizonen berdintasuna benetan bultzatzeko. Argazkian, Juan Olea Urdulizko alkatea, Miren Dobaran Berangoko udal agintaria lagun duela.
  Kultura 2006-11-28 22:10

Jon Urrazaren bakarrizketek zabalduko dute bihar Urdulizko Euskararen Astea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Jon Urrazak zuzendari, idazle eta aktore moduan agertuko zaigu asteazken honetan, azaroak 29, Urdulizko kultur etxean. Izan ere, "Ez haiekin... ezta haiek gabe ere" izenburuko bakarrizketa sorta eskainiko du, 19:00etatik aurrera, eta bide batez, bertoko Euskararen Asteari hasiera eman. Orotara, hiru pertsonai ezberdin antzeztuko ditu Urrazak, hiru isil-hizketa gai orokor berdinaren inguruan: bikotea, bikote falta, ligatzea... Pertsonai bakoitzak bere egoera azalduko du eta bere esperientziak kontatu. Aipatu antzerki lana Gorlizko erakusgelan ere egongo da ikusgai, etzi, hilak 30, 19:00etatik aurrera. Argazkian, Jon Urraza zuzendari, idazle eta aktorea.
  Politika 2006-11-17 22:27

Gose greba bertan behera utzi du Gorka Martinezek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Puerto II espetxean azaroaren 6an hasitako gose greba bertan behera utzi dute bertan dauden euskal preso politikoek, behin espetxeko zuzendaritzak euren aldarrikapenak onartu eta gero, Etengabe Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren bitakorak jakinarazi duenez. Gorka Martinez urduliztarra izan zen "borroka" horri heldu zion lehena. "Gorkak haurra izan zuen orain hilabete, eta berarekin izateko konbibentziako bisa eskatu duenean espetxeak eskubide hori ukatu egin dio", azaldu zuen orduan errepresioaren aurkako erakundeak. Elkartasunez, gainerako euskal preso politikoek ere gose grebari ekin zioten. Argazkian, Martinez / Etengabe.
  Jendartea 2006-11-09 22:20

Bi zerga berri dituzte Urdulizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urdulizko Udalak behin-behinekoz onetsi du 2007ko KPIari dagokion % 3,8ko gehikuntza hamahiru zerga ordenantzaren tarifetarako, 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera indarrean egongo dena. Xedapen horien artean daude, esaterako, ondasun higiezinen gaineko zerga, jarduera ekonomikoena eta hirigintzako agirien zerbitzua arautzen dituztenak. Gainera, ordenantza berri bi ere gehitu dira. Lehenengoak, eraikuntza, instalazio eta obrei buruzko gaiak aztertzen ditu eta, bigarrena, tokiko zergen eta zuzenbide publikoko gainerako diru-sarreren kudeaketa, bilketa eta ikuskaritzari buruzkoa da. Argazkian, Juan Olea Urdulizko alkatea (eskuinean), Iñaki Zarraoa Getxoko alkatearekin batera.
  Kirolak 2006-11-09 22:01

Urdulizen abiatuko da larunbatean Aizkolarien Munduko Txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Egur Sport enpresak antolatutako Aizkolarien Munduko Txapelketa larunbat honetan, azaroak 11, abiatuko da. Hain zuzen ere, Urdulizko Iparralde kiroldegian jokatuko dute lehen jardunaldia, 17:00etatik aurrera, eta aizkolari gazteak arituko dira. Hurrengo egunean, Tolosan, Urrezko Aizkolari Azkarrenaren sariketa jokatuko da. Helduen Munduko Txapelketa Lekunberrin hasiko da azaroaren 18an, eta bi ekinaldi izango dira 17.00-etan eta 20.00etan hasita. Beste finalerdiak hilaren 19an jokatuko dira Legutianon, eta finala azaroaren 25ean Azpeitian. Euskal aizkolariekin batera, Zeelanda Berrikoak, AEBetakoak, Suitzakoak, Australiakoak eta Kanadakoak arituko dira, 70 lagun guztira. Larunbateko jardunaldia zuzenean emango dute ETB1eko "Kirolez Kirol" saioan.
  Politika 2006-11-08 18:35

Gorka Martinez presoaren aldeko kontzentrazioa egingo dute egunero Urdulizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gorka Martinez gose eta egarri greban dagoen bitartean, egunero egingo dute elkarretaratzea Urdulizen, 20:00etan, BBVAren aurrean, Etengabe Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren bitakorak jakinarazi duenez. "Gorkak haurra izan zuen orain hilabete, eta berarekin izateko konbibentziako bisa eskatu duenean espetxeak eskubide hori ukatu egin dio", azaldu du errepresioaren aurkako erakundeak. Horren aurrean, "borroka" horri heldu dio urduliztarrak. Puerto II espetxean diren gainerako euskal preso politikoek ere gose grebari ekin diote. Argazkian, Martinez / Etengabe.
  Politika 2006-11-07 12:38

Gose eta egarri grebari ekin dio Gorka Martinez preso urduliztarrak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Puerto II espetxean dagoen Gorka Martinez preso urduliztarrak gose eta egarri grebari ekin dio, Etengabe Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren bitakorak jakinarazi duenez, eta espetxe berean diren gainerako euskal preso politikoek ere gose grebari ekin diote. "Kontua da Gorkak haurra izan zuela orain hilabete, eta berarekin izateko konbibentziako bisa eskatu duenean espetxeak eskubide hori ukatu egin diola. Horren aurrean Gorkak gose eta egarri grebaren bidezko borrokari ekin dio eta espetxe berean diren preso politikoek ere borroka honekin bat egiteko gose greba hasi dute", adierazi du errepresioaren aurkako erakundeak. Argazkian, Martinez / Etengabe.
  Kultura 2006-09-06 21:42

Bihar hasiko dira Urdulizko Andra Mari jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ohikoa denez, sei egunez baina bi asteburutan banatuta, ospatuko dituzte urduliztarrek Andra Mari jaiak. Bihar arratsaldeko 7etan botako dute txupina udaletxeko balkoitik ume-abesbatzako kideek. Ondoren koadrilen igoera izango da, elizaraino. Izan ere, lehenengo asteburuko ekitaldi gehienak inguruetan burutuko dira. 8etan, urduliztar zenduen aldeko meza izango da, baina kristaua ez denak zer ikusi edukiko du non eta pilotaleku berrian, bertan jokatuko baita Laubidek antolatutako pala-partida. Osteguna, karaokearekin eta Trapu Zaharra taldeak antzeztutako “El pisito” lanarekin amaituko da. Ostiralean txirrindularitza sari nagusia, mariatxiak eta su artifizialak egongo dira, besteak beste. Larunbatean, berriz, esku-pilota partida izango da ekitaldi nagusia. Bigarren asteburuan, aldiz, Akatz eta The Pipers Pots taldeek Mr. Shoe DJ. Calisekin larunbateab emango duten kontzertua izango da garrantzitsuena. Argazkian, Bakioko Akatz taldeko kideak.
  Kultura 2006-08-29 20:06

Adin guztientzako plastilinazko animazio filma izango da gauean Urdulizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Animazio film onenaren Oscar saria iaz jaso zuen “The curse of the were-rabbit” (“La maldicion de las verduras”) proiektatuko dute gaur gaueko 10etan Urdulizko Agirre Lehendakariaren plazan. Nick Park-ek eta Steve Box-ek zuzendutako komedian Wallace eta Gromit plastilinazko pertsonaiek 85 minutuz helduen zein gaztetxoen irribarreak bereganatuko dituzte. Film honen bitartez Wallace asmatzaileak eta Gromit bere txakurrak hirugarren Oscar saria eskuratu zuten, aurretik bi laburmetraietan lortu ostean. Argazkian, Wallace eta Gromit 2005eko Oscar emanaldiaren ostean, lortutako emaitza ospatuz.
  Politika 2006-08-16 20:00

Batallon Vasco Españolek sinatutako pintaketak agertu dira Urdulizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Askatasunak “Gara” egunkariari jakinarazi dionez, euskal preso politikoen argazkiak dituen panelean “izorratu” idatzi dute gazteleraz. Era berean, beste pintaketak agertu dira herrian zehar, “Gora Espainia” eta “Presoak Guantanamora” leloekin. Kasu guztietan, idazkiak sinatuta zeuden “BVE” izenarekin, 1975 eta 1981 urteak bitartean 34 euskal herritar erail zituen Batallon Vasco Español parapolizialeko sigla. Talde hori poliziez, mertzenarioz, ultraeskuindarrez eta zerbitzu sekretuetako kideez osatuta egon zen. Argazkian, Jose Miguel Beñaran “Argala” BVEren biktimetariko bat.
  Gazteok 2006-07-07 19:36

Zortzi hedabideri gazteria kriminalizatzea egotzi die Itzubaltzetako Segik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Itzubaltzeta / Erromoko Segi gazte erakundeak hainbat komunikabideri euskal gazteria kriminalizatzea egotzi die eta beraien jarrera jendaurrean salatu du gaur goizean. Areetako Xake plaza eta Itzubaltzeta / Erromoko Santa Eugenia kalearen artean zabaldutako pankarta erraldoi baten bidez, Espainiako Auzitegi Nazionalak ilegalizatutako erakundeak zortzi hedabideren kontra egin du. Horrela, “ABC”, “El Correo”, “El Mundo” eta “Deia” egunkariak, Cope irratia eta TVE, EITB eta Antena 3 telebistek ez engainatzeko deia egin diete Itzubaltzeta / Erromoko eta Areetako auzokideei.
  Kultura 2006-07-07 19:20

Rabu Eguna ospatuko dute bihar Urdulizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Larunbat honetan, uztailak 8, Rabu Eguna ospatuko dute Urdulizen eta, sukalkia prestatzeaz gain, ekintza ugari antolatu dituzte. Eguna 9:00etan hasiko da txistularien kalejirarekin. 12:00etan, emanaldia eskainiko du Iratxo Gorria dantza taldeak eta, ondoren, harrizulatzaileen erakustaldia egongo da, Burdin Gazteak (Urtuella) Trapagaranen (Trapaga) aurka. Herriko jaien alde lan egin dutenei omenalditxo bat egiteko ere tartea egongo da jan aurretik. Arratsalderako, koadrilen arteko herri kirolak prestatu dituzte: sokatira, txingarute eta txorokil bilketa. Ospakizuna 19:30ean amaituko da, sukalkiko epaimahaiak sari banaketa egiten duenean.
  Kultura 2006-06-15 18:53

Andra Mari jaietako kartel lehiaketara aurkeztutako lanetatik gustukoena aukera dezakete urduliztarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Kartelak entregatzeko epea amaituta, 22 izan dira Urdulizko Kultur Etxeak antolatutako IX. Lehiaketara aurkeztutako lanak. Horiek guztiak kultur etxean egongo dira ikusgai ekainaren 29ra arte. Irabazlearen izena, berriz, hurrengo egunean emango dute ezagutzera, 13:00etan, toki horretan bertan. Besteak beste, 400 euroko saria jasoko du Andra Mari Jaietako irudia izango den kartelaren egileak. Hala ere, epaimahaiak aukeratutakoaz aparte, gehien gustoko duten lanaren alde bozka dezakete urduliztarrek –beharrezkoa da Urdulizen erroldatuta egotea–. Boto gehien jasotzen duen kartelaren egileak 100 euro jasoko du.
  Jendartea 2006-04-30 18:47

Ertzaintzaren presentzia etengabekoa izan da Urdulizen eta atzerapenak ere ekarri ditu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ur puxiken guduarekin eman diote amaiera, Urdulizeko Antsonekoa plazan, Gaztetxe Martxako herri bazkariari. Hala ere, horri ere bukaera ematea erabaki dute testigua hartu duen Ilargi Zuazua bertsolaria iturrira sartzea erabaki dutenean. Bazkarian zein gazteak jolasean ari ziren bitartean, etengabekoa izan da ertzainen presentzia. UKBERRI.NETi jakinarazi diotenez, lau polizia agente patruila-autotik jaitsi eta agiriak eskatzen aritu zaizkie martxaren furgonetan zeuden lagunei. Ertzainek adierazitakoaren arabera, auzokideen kexak jaso omen dituzte musika dela eta. Aitzakiak aitzaki, irudiak ateratzeko oztopoak ere jarri dizkiete kalez jantzitako hiru polizik, bertara joandako komunikabideetako argazkilariei eta baten bat identifikatu dute. Dena den, giroa lasaia da gazteen artean, "probokazioei kasu egiteko inolako asmorik ez" baitute.
  Jendartea 2006-04-30 17:46

Mahai gainean dute bazkaria ibiltariek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Dagoeneko Urdulizen dago Gaztetxe Martxa. Asua, Leioa, Txopoeta, Lamiako, Itzubaltzeta / Erromo, Algorta, Berango eta Larrabasterra igarota, Igeltsera gaztetxea zenaren eta Ganebarri gaztetxearen artetik egin du Urdulizera bidea kotxe karabanak. Antsonekoa plazara heldu direnerako bazkaria mahai gainean zeukaten ibiltariek eta bertan jaso du testigutzat hartu duten giltza handia Ilargi Zuazua bertsolariak. Guztira, 85 bat lagun bazkaltzen ari dira giro ederrean, bertan. Eguraldiak ez du behintzat festa zapuztuko. Hala ere, hainbat ertzain ibili dira inguruan. Patruila-autoa egon da une batez bertan geldirik, baina azkenean joan egin dira.
  Kultura 2006-04-03 22:48

Kartel lehiaketa deitu dute Urdulizko Andra Mari Jaia iragartzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Andra Mari Jaia iragarriko duen kartela hautatzeko lehiaketa antolatu du Urdulizko Kultur Etxeak. Nahi duten lagun guztiek parte hartu ahal izango dute horretan, udal iturrien arabera, eta aurkeztu beharreko lanen kopurua librea izango da; baita kartelaren gaia eta erabili ahal diren teknika eta kolorea ere. Neurria, 45 x 60 zentimetrotakoa eta euskarri gogorrean itsasia derrigorrez. Ordenagailuz eginez gero, kartelaren euskarri informatikoa eman egin beharko da. Agertu behar den testua hauxe da: "Urdulizko Jaiak Andra Mari 2006". Kartelak egilearen sinadura barik aurkeztuko dira; kartazal itxi batean sartuko dira identifikaziorako datuak: izen-abizenak, adina, helbidea eta telefono zenbakia. Lanak postaz zein zuzenean entregatu ahal izango dira Urdulizko kultur etxean (Torrebarri bide, 1 - 48610 Urduliz), ekainaren 10eko, 13:30era arte.
  Politika 2006-03-29 20:14

Presoen aldeko herri bazkaria izango da apirilaren 8an Urdulizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bitartez jakinarazi duenez, euskal preso eta iheslari politikoen aldeko herri bazkaria izango da apirilaren 8an, larunbata, Urdulizko herriko tabernan (Zuberoa kalea, z/g), 14:30ean. Hain zuzen ere, bertan eman beharko dute izena, 20 euro ordainduta, ospakizunean parte hartu nahi duten guztiek. Gaur egun espetxean dauden Andoni Muñoz de Vivar Berrio (Langraitz), Gorka Martinez Ahedo (Caceres) eta Iñaki Bilbao Gaubeka (Zuera / Zaragoza) herriko semeak izango dituzte gogoan, giro alaiean. Hiru urduliztar horien eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) gainontzeko kideek "etxeratzea" aldarrikatu nahi dute bazkariaren bidez; baina horientzako estatus politikoa.
  Jendartea 2006-03-01 18:46

Azkabarritik Elortzaburura arteko bidea asfaltatuko dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Azkabarritik Elortzaburura doan bideari asfaltozko zoladura emateko proiektuak biltzen dituen obrak aurrera eramateko kontratua esleitzeko, enkante irekia deitu du Urdulizko Udalak. Horrela jakinarazi dute udal webgunean tokiko arduradunek. Gauzak horrela, zuinketa-akta sinatzen duenetik, hogei eguneko epea izango du esleipena lortu duen enpresak aipatu lanak egiteko. Horretarako 105.252,74 euro bideratu dituzte.
  Kirolak 2006-03-01 18:21

Goi mailako eskuz banakako partidak hartuko ditu berriro ere Urdulizek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bi urtez jarraian jokatu dira Euskal Pilota Enpresen Ligak (EPEL) antolatutako Eskuz Binakako Txapelketako final laurdenak Urdulizen. Hain zuzen ere, 2005eko eta 2006ko ediziotako partida bana hartu du Iparralde pilotalekuak. Laster "berriro ere galaz jantziko da gure herriko frontoia, pilotari profesionalen gertakizun nagusia jasotzeko", udal arduradunek jakinarazi dutenez. Izan ere, EPELeko Lehenengo Mailako Banakako IV. Txapelketa egongo da ikusgai Urdulizen. "Txapelketa apiril aldean hasiko delakoan gaude, eta partida ETBn emango dute", azaldu dute tokiko agintariek. Argazkian, Abel Barriola.
  Jendartea 2006-01-16 21:39

Emakume bat zaurituta suertatu da Urdulizen izandako auto istripuan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Emakume batek zauri arinak jaso ditu gaur arratsaldean Urdulizen izandako auto istripu baten eraginez. EAEko Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez 17:15ean Bilboko matrikula duen Mitsubishi Montero markako auto bat errepidetik irten eta irauli da Urdulizen, BI-2704 errepidean, Bilborako norabidean. Ezbeharra ikusgarria izan bada ere, ez da giza kalte handirik sortu eta O.M.C. 29 urteko emakumea Gurutzetako ospitalera eraman dute zauri arinak artatzeko. Ertzaintzak errepide osoa ordu erdiz moztu ondoren karril bat ireki du trafikorako, garbiketa lanek egoera normalizatu arte.

Nabarmenak

Zorion agurrak