Kultura 2005-12-28 22:54

Umeen Gabonetako Parkerako txangoa egingo dute etzi urduliztarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urtarrilaren 6ra arte BECen zabalik egongo den Umeen Gabonetako Parkera joateko aukera izango dute, abenduaren 30ean, Urdulizko neska-mutilek. Hitzordua 10:30ean Uribe Kostako herri horretako metro geltokian jarri du antolakuntzak, egun osoko plana egin ahal izateko. Izan ere, BECek 19:30ean itxiko ditu bere ateak eta txangoaren etorrera 20:00etarako aurreikusi dute. Argibide gehiago 616 291 121 edo 658 735 966 telefonoetan eskura daiteke.
  Jendartea 2005-12-26 18:56

Etxe berri bat okupatu du SUGAk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladako (SUGA) kide batek UKBERRiri jakinarazi dionez, gaur goizean Igeltsera gaztetxe zenaren parean etxe bat okupatu dute gazteek. SUGAko lagunak adierazi duenez, hemendik gutxira, arratsaldeko 6etan burutuko da Sopela eta Urdulizko gaztetxe berriaren batzar irekia. Honekin, lau dira une honetan Uribe Kostan dauden gaztetxeak: Mentxakabarri, Algortan; Itzubaltzeta, izen bereko herrian; berriki bost urte bete duen Leioako Udondo gaztetxea; eta oraindik izenik jarri ez dioten Igeltsera industrialde inguruko eraikina. Argazkian, Igeltsera gaztetxea zena okupatu baino lehen egindako mobilizazio bat.
  Kultura 2005-09-09 21:23

Urdulizen badago oraindik zertaz gozatu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Goiz osoan zehar ibili dira ,Urdulizen, txosnetako langile arduratsuek jaietan hain beharrezkoak diren "edaritegi ibiltariak" osatzen dituzten tresna guztiak mugitzen. Izan ere, Uribe Kostako herria berezia denik ezin da ukatu. Andra Mari jaietan, eleiz ingurua utzi eta udaletxe parean dauden Elortzako eskoletara eramaten dituzte txosnak, aste beteren buruan. Bertan, kontzertua eskainiko du, 23:00etatik aurrera, Pin Pan Pun Band (argazkian) taldeak, All Jazz Era gorliztarren ostean.
  Kultura 2005-09-01 23:50

Ken Zazpik berotuko ditu Urdulizko jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Udaletxeko balkoitik egingo den pregoiaren irakurketa eta txupinaren jaurtiketarekin emango zaie hasiera, ostiral honetan 19:00etan, Urdulizko Andra Mari jaiei. Hain zuzen ere, herriko Ipurtats Aisialdi Taldea izango da ardura. Ondoren, Kakarraldo maskotaren jaitsiera egin eta eleiz alboko landetara abiatuko dira kuadrilak, txistulariak, buruhandiak eta Gazte Leku fanfarrea lagun dituztela. Urtero bezala, bi asteburu hartuko dituzte jaiek, irailaren 2a eta 3a (eleiz parean); eta 8, 9, 10 eta 11 (Elortzako eskoletan), hain zuzen ere. Hilaren 17an, azkenik, goi mailako eskupilota partida ikusteko aukera egongo da Iparralde kiroldegian. Xala - Barriola eta Mtz. de Irujo - Lasa III bikoteak egongo dira aurrez aurre. Ume zein nagusientzako egingo diren ekitaldi ugariez aparte, ostiral honetan Ken Zazpik (argazkian) eskainiko duen kontzertua da aipagarria.
  Jendartea 2005-05-28 18:30

Arartekoak Igeltsera gaztetxearen auzia ikertuko du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladak (SUGA) jakinarazi duenez, Iñigo Lamarca EAEko Arartekoak Igeltsera gaztetxeko okupak izandakoekin harremanetan jarri da gutun baten bidez. Bidalitako idazkian, gazteek eskatu bezala, Mecanica de la Peña lantegi zaharra desalojatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak hasitako prozedurari buruzko ikerketa zabaldu duela dio Lamarcak, baina ez da bilduko SUGAkoekin, ikerketa idatzizko prozedura jarraitzen baitu. Bide horrengan esperantza handirik ez dutela aitortu arren, SUGAko kideek orain arte Igeltseran gertatutako guztiaren berri emango diote Arartekoari, "espedientean sartzeko", tartean ertzainek "erabilitako bortizkeria". Argazkian (Ilga.org), Iñigo Lamarca Arartekoa.
  Jendartea 2005-05-26 12:58

Igeltsera gaztetxe hustu berriaren defentsan konzentrazioa egingo dute arratsaldean Sopelan udalbatzarra baino lehen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Biharko manifestazioa deitu dute 20:00etan Sopelako udaletxetik abiatuta. Bizkaitar eta euskal herritar guztiei egin diete dei horretan parte hartzeko

Ertzaintzaren oldarraldi bortitzak sakabanatu zituen atzo Igeltsera gaztetxeko neska-mutilak. Azkenean goian zeuden gazteak jaistea lortu zuten ezinezkoa zelako goian jarraitzea. Polizia agenteek pilotakadak jaurti zituzten haien aurka eta egindako beroaren erruz erdi desidratatuak zeuden. Azkenean ura igotzea lortu zuten horrela beste hiru gazte igoz. Baina kanpoaldean egon ziren istiluen ondorioz, ertzainak despistatu egin ziren eta hortik jaistea lortu zuten gazteek. Gero menditik gora ospa egitea lortu zuten, Gaztesareak jakinarazi duenez. Hala ere, gazteek ez dute etsi eta elkarretaratzea deitu dute gaur 19:00etan Sopelako udaletxean, ordu erdi beranduago egingo den udalbatzarra aurretik. Biharko, berriz, manifestazioa egingo dute "Igeltsera gaztetxea bizirik! Gaztetxea lortuko dugu!" lelopean. "Desalojoaren aurka, Ertzaintzaren bortizkeriaren aurka, gaztetxeen alde eta gazte aisialdiaren alde" egin dute deia. Manifestazioa Sopelako udaletxetik abiatuko da, 20:00etan, eta bizkaitar eta euskal herritar guztiei egiten die dei horretan parte hartzeko Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladak.
  Jendartea 2005-05-25 23:56

Oldarraldien ostean, dorrean eta Igeltserako teilatuan zeuden sei gazteak behean dira jada

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ertzaintzaren lehenengo oldarraldiak eraginda inguruetatik sakabanatu ostean, Igeltsera gaztetxera hurreratzen saiatu dira gazteak. Baina, beste behin ere, pilotadaka erantzun dute polizia agenteek. Gauzak horrela, Mecaner ondoko zaramontziei buelta eman eta botilak jaurti dizkiete ertzainei hainbat gaztek. Hirugarren eta azken oldarraldiaren ondorioz, berriz, Urdulizko herrigunera bidean ihes egin dute neska-mutilek, hainbat kaleetatik sakabanatuz. Hala ere, euren atzetik ez dira joan polizia agenteak, trenbidea ere ez dute igaro. Bitartean, Igeltserako teilatuan eta dorrean zeuden gazteak behera jaitsi dira eta ondo daude, Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladak jakinarazi duenez.
  Jendartea 2005-05-25 23:02

Gazteei oldartu zaizkie ertzainak, baita argazkilariei ere

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Une honetan UKBERRIk jakin izan duenez, bi ertzain igo dira Igeltserako teilatura eta beste polizia agente batek pilotakada bota die goian zeuden gazteei. Jarraian, kanpoaldera abiatu dira gainontzeko ertzainak eta manifestazioan zetozen 150 bat gazteri eta dagoeneko gaztetxearen aurrean zeuden 30 neska-mutilei oldartu zaizkie, oraindik zauriturik badagoen ez dakigula. Polizia autonomikoek argazki kamera eskuan zeukatenen aurka jo dute pilotadaka lehendabizi, UKDigitaleko eta UKBERRIko argazkilarien kontra, hurrenez hurren. Oraintxe jende guztia sakabanaturik dago, industrigune barrualdean gehienbat. Tartean, "no apartheid" lelopeko kotxe karabana igarotzen ari da eta badirudi geldiarazi egingo dutela.
  Politika 2005-05-25 22:41

Igeltseraren aldeko protestengatik, 18/98+ plataformarekin zeukan bilera bertan behera utzi du Urdulizko EAJk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urdulizko batzokian egin behar zen bilerara joan direnean, "giroa oso nahastuta" dagoela eta gaurko hitzordua bertan behera gelditzen zela adierazi diete 18/98+ plataformako ordezkariei EAJkoek. Besteak beste, Eusko Legebiltzarreko egoera –alderdien arteko mendeku salaketak– eta atzo iluntzean jeltzaleen egoitzako lorategian amaitu zen Igeltsera gaztetxearen aldeko manifestazioa eman dituzte argudio modura.
  Jendartea 2005-05-25 21:33

Igeltserako teilatura itzuli dira hiru gazte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ertzainek txanda aldaketa egin eta berehala dorrearen behekaldea miatzen hasi dira polizia agenteak bertara igotzeko modurik bazegoen ala ez ikusteko. Bitartean, trenbidetik abiatu dira bertara beste bi gazte, eta igotzen saiatuko zirela bazirudien arren, ez dute horrelakorik egin. Ondoren, eraikinera sartu dira teilatutik dorrean zeuden seietatik hiru. Barruan denbora laburra egin eta gero, berriro bueltatu dira Igeltserako teilatura euskal presoak Euskal Herriratzearen eta okupazioaren aldeko ikurrak erakutsiz. Hori ikusita, errepidea mozten saiatu dira kanpoaldean zeuden gazteak eta istiluen aurkako materiala atera eta armekin mehatxatu dituzte neska-mutilak. Langileei dagokionez, eraikinaren aurrekaldeko behekalde osoa hormatu dute jada.
  Jendartea 2005-05-25 21:00

Teilatuan zeudenak dorrera bueltatu dira eta beste hiru lagun batu zaizkie

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Igeltsera atzealdean dagoen dorretik gaztetxeko teilaturaino jaitsi eta hamar minutura, atzera egin behar izan dute goiz osoan Mecanica de La Peña barruan daramaten hiru gazteak. Izan ere, lagun horiek beraiek UKBERRIri jakinarazi diotenez, eraikin barrutik sartu dira ertzainak eta teilaturaino igo dira, baina "pasabide eskasa ikusi" dutenez ez dituzte gazteak dorreraino jarraitu. Geroago, beste hiru kide igo dira bertara, besteei jakiak eta ura eramanez. Inguruetan, 30 bat gaztek jarraitzen dute goian daudenei animoak ematen, beste taldetxo batek 20:00etarako Sopelako udaletxetik abiatuko den manifestazioa prestatzen duen bitartean. Dagoeneko gaztetxe eta kontzertugunerako sarrerak eta beheko solairuko hiru leihate hormatu dituzte beharginek.
  Jendartea 2005-05-25 17:26

Dorretik Igeltserako teilatura igaro dira hiru gazteak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Duela minutu batzuk, Igeltsera atzealdean dagoen dorretik gaztetxeko teilaturaino jaitsi dira hiru lagunak, Mecanica de La Peñako eraikinaren aurrekalderaino hurbilduz, hain zuzen ere, langileek dagoeneko hormatuta daukaten aldea. Ertzainek "nora deitu jakin ez" dabiltza SUGAkoen hitzetan. Txanda aldaketa ere bazeukaten une horretan polizia agenteek. Bestalde, trenbide parean gelditutako Citroen ZX markako autoan, kalez jantzitako poliziak daudela salatu dute gazteek, antza, "inor gehiago sartzen ez uzteko".
  Jendartea 2005-05-25 16:29

Igeltseran herriko gazte gutxi ibiltzen direla dio Urdulizko alkateak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Koska irratikoek egindako galderei erantzunez, Igeltsera gaztetxean "Urdulizko gazte gutxi" ibiltzen direla adierazi du Juan Olea alkateak. "Kanpotik gazte asko etortzen dira metroz", gaineratu du. Bestalde, UKBERRIk aurretik jakinarazi bezala, SUGAko kideekin "bilera ona" izan duela aipatu du Oleak; baita "iraindua izateko" gaztetxera hurbilduko ez zela esan diela ere. Ertzaintzaren "jarrera bortitzagatik" galdetuta, "ni ez naiz bertan egon eta ezertxo ere ez dakit" erantzun du hitzez hitz Urdulizko alkateak.
  Jendartea 2005-05-25 16:18

Dorrean tinko jarraitzeko asmoa iragarri dute hiru lagunek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ordu bata eta laurden inguruan, errepidean kartelada egiten hasi dira gaztetxe aurrean dauden lagunak, "Igeltsera aurrera" irakur zitekeen pankarta eskuetan zeukatela. Ertzainek egiten utzi dieten arren, tira-bira txikia egon da auto batek "gazteak zapaltzen" saiatu denean, haien hitzetan. Polizia agenteek bideratu behar izan dute ibilgailua. Protestaldia bukatutakoan espaloian jarri dira neska-mutilak. Bitartean, berriro hasi dira lanean beharginak, bazkaldu ostean. Dagoeneko gaztetxeko eta kontzertuguneko sarrerak eta hainbat leiho ia hormatuta daude. SUGAkoek jakinarazi dutenez, "goikoak ondo eta gogotsu daude eta jarraitzeko asmoa dute". Jatekoa eta ura badituzte bertan. Horretaz gain, manifestazioa deitu dute arratsaldeko 20:00etarako, Sopelako udaletxetik abiatuta.
  Jendartea 2005-05-25 15:48

Sopelako alkatearekin hitzegiteko konpromisoa hartu du Urdulizkoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Imanol Garai Sopelako alkatearenarekin alderatuz, "pizka bat hobeagoa" izan da Juan Olea Urdulizko udal agintariak gazteekin izandako jarrera, SUGAkoek UKBERRIri adierazi diotenez. Gaiaren buruz "interesatuta" zegoela eta Garai sopeloztarrarekin hitzegingo zuela esan du Oleak. Hala ere, "auzia Bizkaiko Foru Aldundiaren ardura" dela eta berak "zer eginik ez" daukala gaineratu du. Igeltserara hurbiltzeko gazteek egindako eskaerari dagokionez, "administrazioen arteko arazoak direla eta" bera bertara ezin dela joan erantzun die, SUGAkoek aipatutakoaren arabera.
  Jendartea 2005-05-25 15:38

Auto ilara luzeak eragin dituzte gazteek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Eguerdiko 12:25ak inguruan unean-unean errepidea mozten hasi dira taldeka Igeltzera gaztetxe kanpoaldean elkartutako dozenaka lagunak, auto ilada luzeak eraginez. Tentsio uneak bizi izan dira orduan, batez ere, ertzainek istiluen aurkako materiala atera eta neska-mutilei bultzaka eta mehatxuka hasi dietelako. Hogei minutu beranduago, berriz, eserialdia egin dute errepidean gazteek, baina polizia agenteak lasai zeuden orduan. Izan ere, hainbat auzotarrek aipatu dutenez, trafikoa desbideratzen hasi dira, alde batetik, Urdulizko batzokia parean eta, beste aldetik, Garbiguneko errotondan.
  Jendartea 2005-05-25 14:55

Igeltserako sarrera bi eta leiho bat ia hormatu dituzte jada

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Beharginak Igeltsera hormatzen ari diren bitartean, latorriz eta metalezko hodiz osatutako dorrearen goikaldean jarraitzen dute oraindik ere hiru gaztek, eraikinaren atzealdeko pabilioi zaharrean. Goizean goizetik bertaratutako Ertzaintzaren Brigada Higikorreko furgonetak 12:00ak inguruan alde egin dute, Humano enpresako ibilgailu bat bertara sartu baino lehen. Polizia autonomikoko beste furgoneta bat ere gelditu da bertan. Aipatu segurtasun enpresako kideek UKBERRIko argazkilaria ere mehatxatu dute, "Argazkiak ezabatu itzazu, bestela burua apurtuko dizugu", esanez. Hala ere, ez dira goizean zehar egondako mehatxu bakarrak izan. Brigada Higikorrekoek ere, alde egin baino lehen, jaisteko agindu diete dorrean dauden hirurei, "bestela sartzen zirenean ederto pasatuko zutela beraiekin", gazteek salatu dutenez. Bitartean, Igeltserako atean jarraitzen dute kontzetratuta 56 bat lagunek, ertzainak aurrean dituztela.
  Jendartea 2005-05-25 12:38

Dorrean 3 kide tinko daudela, Ertzaintzak Igeltserako 15 lagun aske utzi ditu "berotu ondoren"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Hiru pertsona jarraitzen dute Igeltsera gaztetxearen dorre batean Ertzaintzak zentro soziala itxi ez dezan. Bestalde, EAEko Polizi autonomikoak zaintzapean zituen 15 kideak "berotu ondoren" askatu egin ditu eta langileak eraikina ixten hasi dira horma bat eginez. Desalojo saiakera berri hau goizeko 7:30etan hasi da, Brigada Higikorreko bost furgona eta auto batek Bizkaiko Foru Aldundiak azpikontratatutako langileak Mecanica de la peña lantegi zaharrean sartzen lagundu dituenean. Lo egiten zeuden 15 kideak teilatura igo dira baina Poliziak bertatik jaitsi ditu. Gazteek zehaztu dutenez, "egurra egon da" eta meatxatu, "besoak bihurtu", kolpatu eta horma eta mahaien kontra bota izana leporatu diote Ertzaintzari. Era berean, gaitzetsi dute neskei bereziki emandako tratua, aurrekoaz gain, "biraoak" entzun behar izan baitituzte, Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladako kideen arabera. Poliziak horiek eta kanpoan zeuden beste bost kide ere identifikatu ditu. Ondoren beste bost gazte igo dira eraikinaren dorre batera. Une honetan, 30 bat kide daude Igeltseratik kanpo goian dauden hiru lagunei animoak ematen eta desalojoa gaitzesten eta Uribe Kostako gazte eta helduei hurbiltzeko eskatu dute SUGAko gazteek. Argazkian, atzoko irudi bat.
  Jendartea 2005-05-25 11:55

Igeltsera gaztetxean sartu egin da Ertzaintza gaur ere

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Mecanica de la Peña lantegi zaharra hartu dute goizean Ertzaintzako Brigada Higikorreko bost furgonak eta patruila auto bateko agenteek. Eraikinaren barruan zeuden 15 pertsonak teilatura igo dira baina bertatik jaitsi dituzte poliziek. Ondoren horiek eta kalean zeuden bost gazte eraikinaren barrura eraman dituzte eta bertan identifikatu eta mehatxatu dituzte, beti ere goizeko 9:00etan Sopela eta Gazte Asanbladako kideek UKBERRIri egindako adierazpenen arabera. Azken bost gazteak libre utzi ditu Ertzaintzak baina 15ak zaintzapean dauzka Igeltseran bertan. Bestalde, pertsona batzuk lortu dute eraikinaren dorretxo batera igotzea. Argazkian, atzoko irudi bat.
  Jendartea 2005-05-25 02:44

Igeltseraren desalojo saiakeraren argazkiak sarean jarri dituzte Gaztesarea eta UKBERRIk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Xirika aldizkariaren bidez lortutako akordio bati ezker, atzo goizean UKBERRI.NETek Igeltsera gaztetxea husteko saiakeran ateratako hainbat argazki on-line daude dagoeneko Gaztesarea.net webgunean. Gazte atarian asteartean ateratako argazkien artean aukeratutako 12 irudi topa daitezke, ikusi eta jaisteko. Izan ere, momentuz, UKBERRIk ez dauka argazki galeriarik, eta hori dela eta nazio mailako atari gaztera bideratu ditu irudiak. Etorkizunean, gutxienez copyleft izaera daukan webgune honek galeria propioa izan arte, litekeena da Gaztesareara igortzea Uribe Kostan gertatzen diren ekitaldien argazkiak. Aipatutako irudiak hemen ikus daitezke.

Nabarmenak

Zorion agurrak