Jendartea 2005-05-24 13:32

Bostgarren gazte bat igo da teilatura

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Oraintxe bertan, Igeltserara UKBERRIk bidalitako kazetariak jakinarazi duenez, hezi batetik sartu eta gaztetxeko teilatura igo da bostgarren gazte bat, behean zeudenen txaloen eta oihuen artean. Bitartean, badirudi lanak egiteko materiala sartzen ari direla, antza, guztia hormatzeko asmoz. Izan ere, Arbiotxan enpresako kamioi bat dabil inguruan. Teilatuan daudenak bertan egonda lanekin hasiko diren galdetuta, "baietz" erantzun diete behean dauden gazteei beharginek, oraindik bostgarren laguna goian ez zegoela; "horiek ateratzea ertzainen kontua dela" gaineratu dute. Dirudienez, lanak hasteko aginduaren zain daude.
  Jendartea 2005-05-24 13:16

Lau dira orain Igeltserako teilatuan dauden gazteak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladak UKBERRIri jakinarazitakoaren arabera, goizeko zazpiak aldera agertu dira, Igeltsera gaztetxean, Ertzaintzaren Brigada Higikorreko lau furgoneta. SUGAkoek adierazi dutenez, "gazte bat lurrera bota eta kolpatu, eta beste bat kaskoarekin jo dute". Brigada Higikorrekoak joan eta bertan geratu dira furgoneta eta patruila auto bana. Ordu t'erdi beranduago, berriz, trenbidetik gerturatu eta teilatura igo da gazte laukote bat, okupazioaren aldeko laranja koloreko banderak eskuan. Bestalde, 7:00etan "inor desalojatu izanik" ezeztatu dute ertzainek. Polizia agenteek esandakoaren arabera, "ordu horretan inortxo ere ez zegoen barruan". "Finkan inor sartzen ez uztea" da daukaten agindua. Bitartean, 50 bat gazte daude Igeltserako inguruetan protestan, Ertzaintzaren aurrean. "Herri bat gaztetxe bat" eta "El proximo gaztetxe en la casa de Ibarretxe" (Hurrengo gaztetxea Ibarretxeren etxea) oihuak dira nabarmenak.
  Jendartea 2005-05-24 10:47

Pertsona bat dago oraindik Igeltsera gaztetxeko teilatuan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Igeltsera gaztetxea ez dute oraindik hustu ertzaintzako kideek, SUGAk telefonoz nabarmendu duenez. Pertsona bat dago oraindik eraikinaren teilatuan, EAEko Polizia Autonomikoak orain kanporatu ez duena. Goizeko 7:00etan sartu da Ertzaintza eraikinean eta "erresistentzia pasiboa" egin dute bertan zeudenak. Orain 30 bat gazte daude Igeltserako inguruetan protestan, Ertzaintzako polizien aurrean.
  Jendartea 2005-05-24 10:22

Ertzaintza dagoeneko Igeltsera gaztetxean sartu egin da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Goizeko 7:00etan sartu da Ertzaintza Igeltsera gaztetxearen barrura, 07:45ean Mecanica de la Peña lantegi zaharrean goizeko txandan sartzekoak ziren Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladako kideek UKBERRIri telefonoz jakinarazi diotenez. Gazteen arabera, ertzainen presentzia oso handia da Igeltsera industrialdean eta gaztetxearen barruan. Gazte asanbladako kideen esanetan "erresistentzia pasiboa" erabili dute gaztetxearen barruan zein kanpoan zeuden gazteak eta orain jende gehiago kontzentratzen ari da Igeltserako inguruetan. Oraindik ez da jakina gaueko txandan zenbat kide zeuden ezta sarrera zelan burutu den. Era berean, SUGAkoek ez dute uste atxiloturik dagoenik eta Uribe Kostako gazteria bertaratzeko deitu du "erasoaren" aurrean protesta egiteko. Bizkaiko Foru Aldundiaren eraikina apirilaren 16an okupatu zuten eta hilabete bat beranduago berau 24 ordutan uzteko agindua jaso zuten gazteek. Ordutik hona Ertzaintza hainbat aldiz hurbildu da baina desalojatzeko agindu gabe.
  Jendartea 2005-05-19 12:19

Kanporatzeko aginduaren epea pasatuta bere egitarauarekin jarraitzen du Igeltsera gaztetxeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Iragan den astearteko 13:00etan jaso zuten kaleratze aginduak 24 ordutako epea finkatzen bazuen ere, 45 ordu pasatuta kultur agendako ekitaldiekin aurrera jarraitzen dute Igeltserako gazteek, tartean astearte gauean eta atzo goizean ertzainak bertatik pasatu zirela, eraikinean sartu gabe. Sopela eta Urdulizko gazte Asanbladako kideek jakinarazi dutenez, dagoeneko Iñigo Lamarca Arartekoarekin hitzordua eskatu dute baina oraindik ez dakite bilera hori noiz izango den. Atxikimenduak ere jaso dituzte, besteak beste, Sopela Aurrera ezker abertzaleko plataforma eta hainbat gazte asanbladena. Gaur, arratsaldean zehar, asanblada egingo dute gaztetxean eta baliteke astebururako protestaldiak antolatzea.
  Jendartea 2005-05-18 03:07

Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladak Igeltseran tinko jarraitzea erabaki du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Igeltsera gaztetxea 24 ordutan husteko goizean jasotako agindua eztabaidagai izan dute arratsaldean Mecanica de la Peña enpresa ohia okupatzen duten Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladako kideek. Batzarrera hurbildutako 40 bat lagunek gaztetxea defendatzea, asanbladak martxan dauzkan egitasmo guztiekin aurrera jarraitzea, Sopelan eta Urdulizen etxez etxe esku-orriak banatzea, Bizkaiko Foru Aldundiak legezko prozedura bete ez eta okupatzaileen oinarrizko eskubideak urratzen ari delakoan Arartekoari esku-hartzea eskatzea eta abokatuekin erakunde foralaren kontrako balizko salaketa ikertzea erabaki dute. Bestalde, gaueko hamarrak aldera, Ertzaintzako kide batzuk Igeltseraraino hurbildu dira goizean eramandako eskutitza berriro emateko eta "epaileak izen gehiago behar zituela" argudiatuta, Igeltsera gaztetxeko kideek esandakoaren arabera. Ertzainek ezin izan dira gaztetxean sartu atea itxita baitzegoen eta gazteek ez dute ireki "epailearen agindurik ez zutelako". Goizeko 7:00etan jarri dute hitzordu berria SUGAkoek. Argazkian, SGAk Igeltsera gaztetxearen proiektuari buruz apirilaren 29an emandako prentsaurrekoa.
  Jendartea 2005-05-17 16:28

Igeltserakoek gaztetxea uzteko agindua jaso dute orain dela ordubete

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Mecanica de la Peña lantegi zaharra 24 ordutan, askoz jota, desalojatzeko agindua jaso dute eguerdiko ordubata aldera Igeltsera gaztetxekoek, Ertzaintzako kidek eskura emanda. Sopela eta Urdulizko gazteak batzen dituen Sopelako Gazte Asanbladako kideek UKBERRIri adierazi diotenaren arabera, agiria "Mecanica de la Peñako antzinako pabilioiak okupatzen duten jaun-andreei" zuzenduta dago eta bertan apirilaren 25ean emandako agiriaren espedientearekin jarraitzen da, Mecanica berreskuratzearena, alegia. Aldiz, gazteek aurreko agiriari jarritako helegiteari buruz ez da ezer aipatzen. Eraikina eta lurrak berreskuratzeko, Ertzaintzaren laguntza eskatu dela jakinarazten du Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Zerbitzuko buruak idazkian. Bere aldetik, Igeltserak arratsaldeko 19:00etan egingo du batzar berezia honetaz jarduteko. Argazkian, SGAk Igeltsera gaztetxearen proiektuari buruz apirilaren 29an emandako prentsaurrekoa.
  Jendartea 2005-04-29 19:21

Gazte asanbladak Sopelan prentsaurrekoa ematen ari zen bitartean, Urdulizen gaztetxean sartu da Ertzaintza

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Arazoak arazo, gaur eguerdian eman du Igeltsera gaztetxerako duen egitasmoaren berri Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladak. Hain zuzen ere, Sopelako udaletxeko plazan prentsaurrekoa ematen ari zirela, Urdulizko Mecanica La Peña lantegi zaharreko eraikinera sartu da Ertzaintza. "Kartelak apurtu eta pankartak kendu ostean, bertan zeuden 20 bat lagun identifikatu dituzte" polizia agenteek, bi herrietako gazteek osatzen duten taldeko kide batek UKBERRIri adierazi dionez. "Bi zeta eta sozialeko beste bi auto hurreratu dira bertara, gaztetxean zeuden guztiak identifikatzeko agindua zeukatela esanez, erakutsi ere egin dute", azaldu du gazteak.
  Jendartea 2005-04-29 19:14

Sopela eta Urdulizko gazteok proiektu berria daukagu, Igeltsera gaztetxea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ez da berria lokal autogestionatuen beharra dagoela Sopela eta Urdulizko gazteen artean. Urte hauetan zehar saiakera ugari burutu dira hau lortzeko, baina bidea guztiz baldintzatua egon da agintariek jarri dituzten oztopoengatik. Honen islada izan dira Sopelako gaztetxe zaharra eta Eskola Gorriak edo Urdulizko lehenengo Igeltsera gaztetxea. Hiru urte igaro dira dagoeneko azken bi horiek bota zituztenetik hutsune handia utziz kultura eta herri antolakuntza mailan. Horregatik, duela hiru hilabete lanean hasi ginen berriro gazte asanblada berri bat eratuz herri bietako gazteen artean. Oraingoan, zenbait eztabaida izan eta gero berehala okupatzea erabaki genuen eta horrela pasadan apirilaren 16an antzineko Mecanica de la Peña eraikina okupatu genuen, gaur egun Igeltsera gaztetxea bilakatu duguna.
  Jendartea 2005-04-23 19:09

Alde egiteko agindua jaso dute Mecanica La Peñan sortutako gaztetxekoek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ertzaintzako poliziak bertaratu ziren berriro atzo Urdulizko Mecanica La Peña lantegi zaharrera, bertan zeuden okupei Bizkaiko Foru Aldundiak bidalitako alde egiteko agindua emateko. Paperean gazteei 10 eguneko epea ematen die Bizkaiko erakundeak eraikinetik alde egiteko. Oraindik eztabaidatu ez badute ere gazteek ez dute baztertzen agindua errekurritzea. Bitartean, urduliztar zein sopeloztarrak batzen dituen Sopelako Gazte Asanbladak hainbat lan burutu ditu, tartean gaztetxeari izena jartzea. Igeltsera gaztetxea da dagoeneko Mecanica La Peñaren izen berria. Bestalde, lan taldeak eratu dituzte okupek eta lehenengo emaitza gaur egongo da ikusgai eta entzungai, gaztetxeak antolatu duen kontzertuan.
  Jendartea 2005-04-17 19:24

Txukuntzeko lanekin jarraitzen dute Mecanica La Peñan zabaldutako gaztetxean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sopelako Gazte Asanbladako kideek atzo Urdulizen okupatutako Mecanica de La Peña SA enpresan jarraitzen dute, gaua bertan pasatu ostean. SGAko lagunek UKBERRIri esandakoaren arabera, bart zaintza talde bat antolatu zuen Gazte Asanbladak. Horrela, 15 gaztek bertan lo egin zuten. Gauean ez zen inolako gertaerarik izan baina tentsio uneak bizi izan zituzten gazteak goizeko 4:00etan Ertzaintzaren dotazio bat bertaratu eta enpresa aurrean geldituta geratu zenean. Azkenean, ertzainak alde egin zuten gaztetxean sartu gabe. Gaur, berriz, gelak garbitzen eta egin beharreko lanak diseinatzen eta banatzen izan dira gazteak.
  Politika 2005-03-15 20:13

Bigarren eskuko gauzak behar dira Urdulizen presoen aldeko merkatu txikia jartzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Merkatu txikia eratzeko, bigarren eskuko gauzak (diskak, liburuak, arropak, altzari txikiak... behar ez duzuen oro) beharrean gaude. Urdulizko Herriko Tabernan utzi behar dituzue. Guk, gure aldetik, merkatu txikiak antolatuko ditugu udaberrian zehar, eskualdeko txokoetatik, hau da, Urduliztik Gorlizera. Elkartasuna beste era batean landu nahi da ekimen honekin, eta, udaberrian zehar, preso eta iheslarien aldeko dendatxo bat antolatuko da, hiru espazioz ezberdinduta: presoek zein iheslariek eta solidarioek egindako eskulangintzak, bigarren eskuko gauzak eta Askatasunaren material berria.
  Jendartea 2005-02-23 12:37

Astearte erdia eman zuten argirik gabe Urdulizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Iberdrolako iturriek jakinarazitakoaren arabera, zuhaitz batek elektrizitate-zutoin baten gainera erortzeak korrontea moztu behar izatea ekarri zuen, asteleheneko 21:30ak aldera, Urdulizen. Urteko egun hotzenetarikoenetan, argi, ur bero eta berogailu gabe gelditu ziren ehunka urduliztar, atzo eguerdira arte.
  Kirolak 2005-01-28 20:05

Urdulizen abiatuko dira Binakako Txapelketako final-laurdenak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gaur gauean hasiko dira, Urdulizko pilotalekuan, Binakako Txapelketako final-laurdenak (22:00 ETB1). Titin III.ak eta Abel Barriolak Xalarekin eta Oskar Lasarekin neurtuko dituzte indarrak. Bi bikoteak antzerako egoeran iritsiko dira gaurko partidara. Ez batzuek, ez besteek ez baitute hasierako ligaxkan beraien maila ematerik lortu, eta partida bana baino ez dutelako irabazi. Lau pilotariek partida hasi aurretik egin beharko dute pilota aukeraketa, eguraldi arazoak direla eta ezin izan direlako lehenago egin. Finalerdietan sartzeko bi partida irabazi beharko ditu bikote bakoitzak.
  Kultura 2005-01-14 18:57

Sorne Unzueta 'Utarsus' euskal idazlea hil egin da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Utarsus" izengoitiaz ezaguna zen Sorne Unzueta euskal idazlea hil zen atzo Urdulizen, 104 urte zituela. Bilbon jaio zen 1900ean. Hamasei urte zituela abertzaletasunera hurbildu zen eta euskara ikasi zuen; harrezkero euskaraz jardun zuen bere lanetan. Gerra Zibilean, 1937an, Frantziara joan behar izan zuen familiarekin eta erbestean hainbat urte eman zituen Erresistentziarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lanean. 1953an Euskal Herrira itzuli eta 1968an Getxon finkatu zen.
  Politika 2004-10-29 22:44

Iñaki Bilbao presoa bisitarik gabe utzi zuten larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gara egunkariak gaur jakinarazi duenez, tokatzen zitzaion asteroko bisita ukatu egin zioten, joan den larunbatean, Iñaki Bilbao Urdulizko euskal preso politikoari Zuerako espetxeko (Zaragoza) funtzionarioek. Senideek eta lagunek salatu dutenez, hitzartua zuen bisita, baino ez zioten egiten utzi.
  Jendartea 2004-09-13 23:39

Gizon bat atxilotu dute Urdulizen emaztea jotzeagatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bikotekidea erasotzea leporatuta, J.A.C.U. 41 urteko Barakaldoko auzokidea atxilotu zuen atzo Ertzaintzak, Urdulizen. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, 21:00ak aldera, kalean emakumea jotzen ari zela, gizona geldiarazi eta polizia autonomikoari deitu zioten oinezko batzuk. Emazteak ertzainei jakinarazitakoaren arabera, etengabeak dira senarrak ematen dizkion tratu txarrak eta herio-mehatxua ere egin dio behin baino gehiagotan. Emakumea ospitalera eraman behar izan zuten erasoaren ondorioz.
  Kultura 2004-09-02 22:32

Su ta Gar eta Oskorri izango dira Urdulizko Andra Mari jaietako izarrak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Udaletxeko balkoitik egingo den pregoiaren irakurketa eta txupinaren jaurtiketarekin emango zaie hasiera, ostiral honetan 19:00etan, Urdulizko Andra Mari jaiei. Hain zuzen ere, herriko eskubaloi taldearena izango da ardura. Ondoren, "Kakarraldo" maskotaren jaitsiera egin eta eleiz alboko landetara abiatuko dira koadrilak, txistulariak eta buruhandiak lagun dituztela. Urtero bezala, bi asteburu hartuko dituzte jaiek, irailaren 3 eta 4a (eleiz parean); eta 8, 10, 11 eta 12a (udaletxe alboan), hain zuzen ere. Ume zein nagusientzako egingo diren ekitaldi ugariez aparte, aurten ere, punta puntako euskal musika taldeekin gozatzeko aukera egongo da Urdulizen. Besteak beste, Su ta Gar taldeak eskainiko du kontzertua larunbat honetan, datorren asteazkenean Oskorrik eta ostiral horretan Potatok. Kirolei dagokienez, Titin IIIa-Elkoro eta Gonzalez-Lasa IIIa bikoteak egongo dira aurrez aurre, irailaren 11an, Iparralde kiroldegian.
  Kultura 2004-08-27 19:51

Baserritarren azoka bihar Urdulizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urdulizko Andramarien suziria datorren ostiralera arte piztuko ez den arren, herria jai giroan murgiltzen hasteko, baserritarren azoka antolatu dute larunbat honetan. Goiz osoan zehar, bertoko gaien lehiaketa, erakusketa eta salmenta (ortuariak, frutak, loreak, gaztak, txakolina, euskal pastela... ) egongo dira, Antzonekoa plazan. Gainera, arratsaldean, herriko futbol taldearen aurkezpen ekitaldia egingo dute, 17:00etan. Ohorezko mailako partida ere egongo da, Urduliz eta Sodupe aurrez aurre izango dituena.
  Politika 2004-07-24 23:52

Gorka Martinez preso urduliztarra gose greban dago uztailaren 12tik Caceresen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Caceresko espetxeko egoera salatu eta hori aldatzen saiatzeko gose-greba bat hasi zuten bertan espetxeraturik dauden euskal preso politikoek joan den uztailaren 12an. Horien artean, Gorka Martinez Ahedo urduliztarra dago. Asteartean jasotako datuen arabera, sei eta bederatzi kilo artean galdu dituzte, Askatasunak jakinarazi duenez. Martinezi dagokionez, sei egun daramatzala gose-greban adierazi zuen asteazkenean Askatasunak, Aranjuezen egon baita eginbideetan, eta ordutik bi kilo galdu dituela.

Nabarmenak

Zorion agurrak