Aldaketa soziala helburu, eskualdetik Bilbora deitu dute

Iker Rincon Moreno 2015ko mar. 13a, 17:30
Eskualdeko eragileek Negurin egindako agerraldia.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kar­ta sortzen ibili diren eragile sozial eta sindikalek manifestazioa deitu dute zapaturako, Bilboko Jesusen Bihotza plazan, 17:30ean, "dagokiguna eskuratzeko". Uribe Kostan ere, ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek zein Gune plataformako eragile sozialek protestagaz bat egin eta Bilbora joatera deitu dute.

Negurin egindako agerraldian nabarmendu dutenez, "Uribe Kosta aberats askoren bizileku izan arren, bizi dugun errealitate gordinaren kokaleku ere bada. Krisia hasi zenez geroztik, eskualdean hamaika di­ra etxea kendu dietenak, hilabete bu­kaerara iristeko elikagai bankura jotzen du­tenak, lan barik dauden gazteak eta bazterketa sozialean bizi direnak ere".

Eragile sozial eta sindikalen komunikatua

Martxoaren 14an aldaketa soziala exijitzeko deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu

Uribe Kosta aberats askoren bizileku izan arren, bizi dugun errealitate gordinaren kokaleku ere bada. Krisi hasi zenez geroztik, eskualdean hamaika dira etxea kendu dietenik, hile bukaerara iristeko elikagai bankura jotzen dutenik, lan barik dagoen gazterik eta bazterketa sozialean bizi direnik ere. Horregatik eskualdeko sindikatu eta eragile sozial desberdinek bat egiten dute martxoaren 14rako egindako deialdiarekin.

Injustizia eta desberdintasun sozialen aurrena, elkartasunean oinarrituz, egoera errotik aldatzeko asmoz pertsona ugari eta 100 erakundetik gora elkartu ginen. Egoera bidegabe horren aurrean aldaketa soziala premiazko jotzen dugu eta alternatiba gorpuzteari ekin genion. Horrela sortu zen Euskal Herriko Gutun Soziala. Hiru ideia nagusitan oinarritu da gure jarduna:

- Bizitzaren jasangarritasuna erdigunean kokatzen duen jendarte eredua defendatzea.
- Gai ekonomiko nahiz sozialen eta lan eremuko erabakiak hartzeko erabateko ahalmena aldarrikatzea.
- Gure helburuak lortzeko, mobilizazioa beharrezkoa dela berrestea.

Guztion artean bestelako eredu sozial, ekonomiko eta politikoa eraiki dezakegu. Horretarako baldintza berriak sortzeko asmoz Programa soziala adostu dugu. Hego Euskal Herriko instituzio guztiei zuzendutako proposamen eta eskaerak dira, politika publikoak errotik aldatzea exijitzeko baliatutako tresna. Hauek dira berton jasotzen diren edukiak:

- Aurrekontu eta politika fiskal eta sozialak aldatu.
- Kalitatezko enplegua sortzeko politika garatu.
- Jendartearen parte-hartzea bermatu.
- Bizitzaren jasangarritasuna eta ongizateari bide eman.
- Demokrazia eta eskubide kulturalen defentsa eta konpromisoa berrestu.

Denon indar aktibazioa beharrezkoa izango da egoera aldatzeko. Kalera irten gaitezen eta dugun indarrean sinetsi dezagun. Mobilizazioarekin lortuko dugu! Horregatik larunbat honetan Bilbon burutuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dugu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun