Udal hauteskundeak 2015

EAJk hainbat ekitaldi egingo ditu aste akabuan

Iker Rincon Moreno 2015ko api. 15a, 18:00
Plentziako ekimenaren kartela.

Maiatzaren 24ko udal hauteskundeak hurbiltzen direnean, Euzko Alderdi Jeltzaleak hainbat ekitaldi prestatu du eskualdean aste akabu honetarako. Besteak beste, Plentzian, Gorlizen eta Algortan egitekoak izango dituzte EAJko kideek. Zapatuan, hilak 18, Plentziako hautagaien eta udal programaren aurkezpena egingo dute, goizean. Ondoren, Uribe Kostako hautagaiekin bazkaltzeko aukera egongo da Gorlizen. Domekan, ordea, Agirre lehendakaria zena omenduko dute Algortan.

Zapatuan, Plentziako Eleiz plazan Ixabete Uribarrik gidatutako udal zerrenda aurkeztuko dute jelkideek goizeko 11:30ean, "Plentzia hazi arazi" goiburupean. Horregaz batera, alderdiak udal hauteskundeetarako prestatu duen programa ere jendaurrean zabalduko dute.

Plentziako agerraldia bukatuko denean EAJko zaleek ez dute luze ibili beharko hurrengo ekitaldira joateko. Izan ere, 15:00etan, Gorlizko batzokian Uribe Kostako hautagaiekin bazkaria izango dute, 21 euroren truke. Aurretik, baina, izena eman beharko dute horretarako gaur azken eguna dela.

Agirreri omenaldia

Azkenik, domekan omenaldia eskainiko diote Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakari eta Getxoko alkate izan zen Jose Antonio Agirre eta Lekuberi. Eusko Alderdi Jeltzaleak zabaldu duenez, ekitaldia Algortan izango da, Agirre Lehendakaria plazan, Trinitarioen elizaren aurrean, alegia. Bertan, gorazarre xumea izango da, goizeko 12:00etan. Hauteskundeak gertu izanez, baliteke ekitaldi elektorala bilakatzea. Iaz Izaskun Bilbao Europako Legebiltzarrerako hautagai jeltzaleak eta Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak lore eskaintza eskaini zioten Agirre zenari, bere irudiaren aurrean. 12:30ean, berriz, meza izango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun