Udal hauteskundeak 2015

Denok Baterak mitin bana egingo du Sopelan, Berangon eta Urdulizen

Iker Rincon Moreno 2015ko mai. 15a, 17:39
Denok batera taldea. © DENOK BATERA

Denok Batera hautagaitzak hiru mitin egingo ditu gaur eta bihar artean Uribe Kostan, maiatzaren 24ko udal hauteskundeetara aurkeztuko dituen programa eta hautagaiak jendaurrean ezagutarazteko. Gaur, hitzordua Larrabasterrako Urgitxieta plazan jarri dute, 19:00etan. Bihar, zapatua, ekitaldi politikoak Urdulizko probalekuan eta Berangoko frontoian izango dira, hurrenez hurren 13:00etan eta 19:00etan. Kandidaturatik gogoratu dutenez, "Denok Batera da hautagaitza bakarra Ahal Dugu - Podemosen Berango, Sopela, Urduliz eta Uribe Kosta eskualdeko taldeen babesa duena".

Denok Baterak "Urduliz, Berango eta Sopela berri eta hobeagoen eraikuntzan parte hartu" gura du. Horretarako, Ahal Dugu alderdiaren bertako taldeetatik "auzokideez osatutako hautagaitza plural eta irekia" bultzatu dute. Espero dute "biztanleen zati garrantzitsu bat" ordezkatzea. Izan ere, DBko hautagaiek "gure bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzeko konponbideak aurkitzeko bidean guztiok, ilusioz eta determinazioz, parte hartu dezagun helburu eta konpromiso sendoa izango dute".

Parte-hartzea oinarri

Auzokideakaz komunikazioa berreskuratzea beharrezkoa iruditzen zaienez, hautagaitzak herritar denentzat "parte-hartze bide irekiak" sustatuko ditu, "bai kanpainan eta baita lau urteko legegintzaldian ere", administrazio lokaletik herri kontsulten edota kezken erantzun azkarra eta efizientea ahalbidetuz, "inolako zentsurarik gabe".

Zerrendak aldarrikatzen dituen beste oinarri ideologiko batzuk dira: giza eskubideenganako errespetua, gardentasuna, ustelkeriaren aurkako borroka, baliabideen kudeaketa arduratsua eta eraginkorra, herriko ekonomia eta lana bultzatzea, hezkuntza eta osasun publikoak, euskara, kultura eta kirola bultzatzea eta iraunkortasuna sustatzea.

Denok Baterak agindu du ez duela hauteskunde osteko itunik egingo "programan hartutako konpromisoak desitxuratzen dituzten alderdi politikoakaz". Horren ordez, "beti auzokide guztien interesak defendatzen" ibiliko direla diote, "edozein motako alderdi agintaldiren aurka" jardunez. Azaldu dutenez, "herritarrei beraien erabakiak hartzeko aukera eman" gura diete: "herritarrak baliabide publikoen jabe izatea nahi dugu gure gizartea eraldatzeko eta parte hartzaileagoa, demokratikoagoa, gardenagoa eta eraginkorragoa bihurtzeko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun