Udal hauteskundeak 2015

Uribekostarrek zinegotziak eta batzarkideak hautatuko dituzte gaur

Iker Rincon Moreno 2015ko mai. 24a, 08:00
Hauteskunde-panela Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan, Romo Kultur Etxearen azpian.

Aste biko hauteskunde-kanpaina lasaiaren ostean, gaur izango dira  udal eta foru hauteskundeak. Uribe Kostako 171.183 biztanleetatik 134.467 herritarrek bozkatu ahal izango dute Batzar Nagusietarako, eta beste 561 gehiagok, udal hauteskundeetan. Hautetsontziak zabalik egongo dira , goizeko 09:00etatik arrastiko 20:00ak arte. Guztira, 13 batzarkide eta 150 zinegotzi aukeratuko dituzte. Batzarkideek eta zinegotziek Bizkaiko Foru Aldundia, Barrika, Berango, Erandio, Getxo, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Sopela, Plentzia eta Urdulizko gobernuak aukeratuko dituzte.

Guztira, 63 udal zerrendaren artean erabaki ahal izango dute uribekostarrek, udal hauteskundeetan. Udalerri le­hi­atsuenak Getxo eta Leioa  dira, bertan zortzina hautagaitza baitira bozkagai. Beste aldean Lemoiz da, hiru aukera besterik ez baitituzte han erroldatutako 965 hautesleek. 2011n, lau boto-paper izan ziren Lemoizen, baina sozialistek hiru boto besterik ez zutenez atera, aurten ez dira berriro aurkeztu. EAJk, EH Bilduk eta PPk eskualdeko udalerri guztietan aurkeztu dira.

Eremu abertzalean, EAJk eskualdean duen abantaila zabalari eutsi gura dio, eta gaur egun erabateko hegemoniarako falta zaizkion Sopela eta Plentziako udalak berreskuratu gura ditu. Horretarako, alkate gehienak ostera ere aurkeztu ditu, eta hainbat lekutan hautagai berriak proposatu. EH Bilduk, bere aldetik, orain dela lau urte lortutako Sopelako alkatetzari eta Bilduk ereindako boto uholdeari eutsi gura die, Aralarrek izan zituen 2.000 sufragio eskas horiek ihes egiten utzi barik.

Aldaketa asko

Hautagaitza independenteetan eta Espainia mailako ezkerraren eta eskumaren proposamenetan aldaketa nabarmenenak izango dira. Lehenengo aldiz, Getxo, Gorliz eta Plentziako independenteak Ikune elkartearen babespean lehiatuko dira. Gorliz eta Plentzia mailako ekitaldi batzuk egin dituzte kanpainan. Hortik landa, iBarrikak eta Gorlizen aldeko auzotarrek ere parte hartu dute hauteskundeetan.

Bestalde, Europar Legebiltzarrerako hauteskundeetan gertatu legez, Espainiako eskumako, eta, ba­tez ere, ezkerreko alderdien eklosioa gurera ere heldu da. PPk Getxon baino ez du izango arerio gehiago, bertan Vox eta Ciudadanos batu zaizkiolako UPyDren ohiko hautagaitzari. PSE-EEk, ordea, hizki-zopa izango du bere ezkerrean. Ezker Batua eta Berdeak alderdien oinordetza aldarrika dezakeen Irabazi koalizioaz gainera, Ahal Dugu-rengandik (Podemos) sortu diren hautagaitzak ere esparru berean kokatuko dira: Denok Batera, Esnatu Leioa, Ganemos eta GUK. Azkenik, Orainek, POSI-k, Aulki Zuriak-ek eta Equo-k ere ezkerreko botoak erakarriko dituzte. Gehiengoa lortzen duten alderdiak saritzen dituen D´Hondt Legeak eta botoen %5eko langak hainbat hautagaitzaren aukerak murriztuko dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun