Bizkaiko Foru Aldundiak bat egin du “BEZik gabe” publizitate kanpainak kentzeko eskaeragaz

Iker Rincon Moreno 2015ko uzt. 10a, 16:00

Bizkaiko Foru Aldundiak, Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Batzordeko kide den heinean, bat egin du erakunde horrek egin duen deiagaz. Izan ere, “BEZik gabe” lema duten publizitate-kanpainak kentzeko eskatu du, uste duelako, batetik, zergadunei “tributu-betebeharrak betetzeko asmoa ken” diezaieketela eta, bestetik, publizitate ez-zilegia edo engainagarritzat jo daitekeela, “salmentak BEZik gabe egiten direla ulertarazten baitute, eta hori ez da horrela”, dio.

Beraz, Bizkaiko Foru Aldundiak bere atxikimendua adierazi dio ildo horretan Iruzurraren Aurka Egiteko Batzordeak prestatu duen komunikatuari. Hau azaltzen da idazki horretan: “Argi gelditu behar da, ezbairik gabe, BEZa kontsumoa kargatzen duen zerga dela, eta ondorioz, kontsumitzaileek era horretako publizitate-kanpainak dituzten saltokietan egindako erosketa guztiak BEZari lotuta daudela, aipatutako kanpainek esaten dutena esaten dutela. Sustapen-eskaintzek, hala badagokie, deskontu bat izango dute produktuaren salneurrian, baina ez da inola ere onargarria izango dena delako erosketa hori BEZa ordaintzeko betebeharretik salbuestea saltzaileak produktuak merkeago eskaintzea erabakitzeagatik. Horrenbestez, herritarren kontzientziatzeari dagokionez aipatu dugun eragin kaltegarriaz gain, agerikoa da kanpainen esloganak ez direla egiazkoak, horrelakoak bultzatzen dituzten enpresek ez baitute inola ere saihesten ordaindu behar duten BEZa bezeroei jasanaraztea”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun