Gipuzkoako 250 buruko artalde bat eskualdera helduko da transhumantzia gogoratzeko

Iker Rincon Moreno 2015ko urr. 7a, 17:28

Datorren astelehenean, hilaren 12an, 250 buruko artaldea helduko da Algortara. Mikel Etxezarreta artzainak gidatuta, bihar, eguena, Zegamatik (Gipuzkoa) aterako da eta bost eguneko ibilbidea egingo du artaldeagaz, Uribe Kostara ailegatzeko. Ekimen horregaz, gure eskualdean 80ko hamarkadara arte iraun zuen transhumantzia gogoratuko dute. Ohitura hori azkenengo aldiz errepikatu nahi dute, hura gogoratzeko eta Fredi Paia eta Aitor Gisasola getxoztarrek horren inguruko dokumentala egiteko. 

Mikel Etxezarreta artzainak ekarriko du gogora tradizio hori. Berak gogoratzen duenez, txikitan gurasoakaz etortzen zen gurera neguan, eta 12 urte zituela, lau hilabete egiten zituen Zegamako eskolan eta beste laurak Plentziakoan.

Etxezarreta artzaina da oraindik ere, bere aurrekoen ogibideari eutsiz. Horiek, Gipuzkoako Goierriko artzainak, belaunaldiz belaunaldi Uribe Kostara etortzen ziren negua gurean ematera, Barrikan eta Getxon, berbarako. Mendialdeetako elurtzetatik ihesi zihoazen, artaldeentzako larre bila.

Barrikara etorri ziren azkeneko aldia 1982an izan zen, eta artalde batek negua berton igarotzeko Getxoko Udalak eman zuen azken baimen-eskaria 1971ekoa da.

Mikel Etxezarretak artzainak uste du bidaia gogorra izango dela, eta tokiak oso aldatuta aurkituko dituela. "Burura oroitzapen ugari datozkit, garai bateko pertsonak, tokiak, bidaiak. Niretzat oso emotiboa da eta ia sinestezina berriro egitea. Oso pozik nago, baina aldi berean, oso urduri ere, artaldea onik heltzen dela ikusi arte. Pozik baina burukominak eta kezka ere sentitzen ditut", aitortu du artzainak.

Abelbideetatik Algortaraino

Milaka urtetako hartu-emana agerian utziko du datozen egunotan Mikel Etxezarretak. Oinez etorriko da, tarte batzuetan ardiak trailer batean sartu beharko dituen arren. Beragaz batera, ibilbidea Fredi Paiak eta Aitor Gisasolak ere egingo dute, egingo duten dokumentalerako irudiak eta materiala biltzeko.

Lehenengo eguneko ibilbidea Urbiatik Otxandiora artekoa izango da, bigarrenean Artauneraino (Dima) helduko dira, hirugarrenean Larrabetzura, laugarrenean Barrikara eta azkenik, bosgarrenean, urriaren 12an, Getxora helduko dira, 14:00ak aldera, Algortako Geltokia plazan amaitzeko. Bertan Imanol Landa alkateak ongietorria emango die. Fredi Paia eta Andoni Egaña (azken etapa egingo du) bertsolariek bertso batzuk botako dituzte eta Mikel Etxezarreta artzainari eta Eli Arrillaga emazteari oroigarria emango diete, artzaintzan gizonek eta emakumeek egindako lana gogoratuz eta aitortuz. Algortako Geltokia plazan Idiazabalgo gazta dastatzeko eta erosteko aukera ere egongo da.

Bestalde, Mikel Etxezarretak bere artaldearekin beste ibilbide bat egingo du Gipuzkoatik, hain zuzen ere, urriaren 22an, Urbiako Ttonttor txabolatik atera eta hilaren 24an Idiazabalen amaitzeko, han Euskadiko Gazta Txapelketa ospatuko da eta.

Dokumentala Fredi Paiaren eta Aitor Gisasolaren eskutik

"Akabuko Martxea" dokumentalaren asmoa da berreskuratzea belaunaldiz belaunaldi Urbia inguruko artzainak gurera etortzen ikusi dituen memoria. Horretarako bihar hasiko den ibilbidea grabatuko du Einarte Produkzioak izenekoak, ordubeteko dokumentala, euskaraz eta azpitituloakaz. Egitasmoaren ideia Fredi Paiarena izan zen, transhumantziaren ibilbidea errepikatzea eta dokumentala egitea, hain zuzen. Gidoilari lana ere egingo du eta  alderdi teknikoen eta ikus-entzunezkoen arduraduna eta dokumentalaren zuzendaria Aitor Gisasola izango da.

Dokumentalak artzainen ogibidea gogora ekarri nahi du, bere balioa eman, eta horrek herrialde ezberdinetako biztanleen arteko hartu-emanetan sortzen zuen aberastasuna ere bai. Lanak utzitako ondarea ere ikustarazteko balio ahal izango du, “antzinako hartu-eman honen memoria berpiztuz eta balioan jarriz etorkizunean guztiontzako onuragarri eta aberasgarriak izango diren ekimenak burutzeko aukera izango delakoan gaude. Gipuzkoarren eta bizkaitarron arteko harremanak indartzeko balio dezake, eta hori oso garrantzitsua da, beste herrialde batzuekiko harremanak kontuan hartzen ditugun bezala. Beraz, oso garrantzitsu iruditzen zaigu  ikus-entzunezko egitasmoaren gizarteratzearen bitartez Euskal Herria osatzen dugun errealitate ezberdinen ezagutza zabaltzea”, azaldu du Fredi Paiak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun