Bederatzina hilabeteko espetxe-zigorra Kukutza eraitsi zutenean atxilotutako 19 gazteentzat

Iker Rincon Moreno 2015ko urr. 22a, 16:31
Kondenatuen alde egindako kontzentrazioa, epaiketaren egunean.

Bilboko auzitegiak bederatzi hilabeteko espetxe zigorrera kondenatu ditu 19 gazte, horien artean Xabier Otxoa itzubaltzetarra eta Gorka Tetua urduliztarra daudela. Guzti horiei Kukutza III gaztetxea eraitsi ostean, Errekalden izandako istiluetan "desordena publikoa" eragitea leporatu diete. Kartzela zigorraz gainera, 84.000 euroko kalteak ordaindu beharko dituzte.

Irailean epaitu zituzten 19 lagunei zigor bera jarri die epaileak, desordena publikoak "adostuta" egin zituztelakoan. Iñaki Carro Kukutzako abokatuak Info7 irratian adierazi duenez, "oso arraroa" egiten zaio epaitutako gazte denak zigortu izana, baldintza oso desberdinetan egin zietelako aurre epaiketari. Hori horrela, epaiak ez duela inolako oinarri juridikorik salatu du, epaileak ez zuelako onartu ere egin istiluetako bideoak ikustea. "Egun horretan Errekalden egoteagatik soilik kondenatu dituzte, eta horrek erakusten du elkartasuna bera dela zigortu nahi dutena", azaldu du abokatuak.

Kukutzaren Elkartasun Taldeak, gainera, gogoratu du auzipetu gehienek ez zutela elkar ezagutzen atxilotu zituzten arte.

Berria egunkariak zabaldu duenez, epaiketan bertan ertzain batek adierazitakoa ekarri dute gogora elkartasun taldekoek: "Agindua atxiloketak egitea zen". Baieztapen hori "oso garrantzitsutzat" hartu zuten defentsako abokatuek, Ertzaintzak aurreko egunetan erabilitako indarkeria irudia "zuritu" nahi zutelako atxiloketen bitartez.

Abokatuek helegitea jarriko dutela adierazi dute. Bereziki larritzat jo dute epaileak jarritako 84.000 euro ordaintzeko zigorra. Izan ere, Bilboko Udalak gazteak atxilotu zituzten egunean gertatutako kalteen ordainetan eskatu zuen diru kopurua da hori; baina Udalak ez zen epaiketara aurkeztu eta fiskalak bere egin zuen eskari hori. Halaber, epaitutakoak eguneko istilurik larrienak jaso aurretik atxilotu zituztela gogorarazi dute abokatuek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun