Gabonak Uribe Kostan

Gabon-kantakaz belarriak alaitzeko hamaika aukera egongo da egunotan

Iker Rincon Moreno 2015ko abe. 18a, 12:11
© ONDARRETA ABESBATZA

Ohi den legez, jaiegun hauetan ez da Gabon-kontzerturik faltako Uribe Kostako herrietan. Hemen bertan sortutako edo kanpotik heldutako abestaldeek entzuleen belarriak alaituko dituzte, tokian tokiko elizetan eta kultur aretoetan antolatutako saioetan. Besteak beste, bariku honetan, abenduak 18, Berango Antzokian eskainiko du saioa Otxandategi abesbatza berangoztarrak. Hitzordua 20:00etan ipini dute; sarrera, doan. Bere aldetik, Areetxo ganbera-abesbatza getxoztarrak kontzertu bi eskainiko ditu: bata, bariku honetan (hilak 18), Areetako Santa Ana elizan; eta bestea, martitzenean (hilak 22), Algortako San Martin elizan. Entzunaldi biak 20:00etan hasiko dira; sarrera, doan.

Beste alde batetik, zapatu honetan, abenduak 19, kantu-jira egingo du Plentziako Kantagunea taldeak; 19:00etan abiatuko dira, Eliz enparantzatik. Amaitzeko, eguenean, abenduak 24, Gabon-kantak eskainiko ditu Gorlizko Lirain abesbatzak, goizez, herriko kaleetan.

Emanaldiak

Erandio

Abenduak 18, barikua
19:00 Erandioko Musika Eskolaren Gabonetako kontzertua, Astrabuduko Josu Murueta kultur etxean. Sarrera, doan.

Getxo

Abenduak 18, barikua
20:00 Anastasia Chernyavscaya (pianoa) eta Luis Ibiricuren (biolina) kontzertua, Algortako San Martin elizan. Sarrera, doan.

Abenduak 23, eguaztena
20:00 "Gabonak gabon" kontzertua, Jatorki abesbatzagaz, Areetako Andres Isasi musika-eskolan. Gonbidapenagaz.

Sopela

Abenduak 18, barikua
20:00 "Eguberri Umama - Basque Chrismas Songs" kontzertua, Kurtzio kultur etxean. Parte-hartzaileak: Juantxo Zeberio piano-jolea, Urepel abesbatza sopeloztarra eta Ana Bejarano (Mocedades) kantaria. Sarrera: 3 euro.

Leioa

Abenduak 19, zapatua
20:00 Leioako Gazte Orkestra, Kultur Leioan. Sarrera: 5 euro.

Abenduak 20, domeka
20:00 Leioako Musika Banda, Orpheo eta Vocalisse abesbatzakaz, Kultur Leioan. 5 euro.

Barrika

Abenduak 27, domeka
12:00 Gospel-kontzertua The Lord taldeagaz, Andra Mari elizan. Sarrera, doan.

Berango

Abenduak 26, zapatua
19:00 Gospel-kontzertua, The Upper Room taldeagaz, antzokian. Sarrera: euro bat.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun