Sutea Berangon eta Sopelan

Baso-suteen ondoren, "eskualdeko ingurumena babesteko" plataforma sortu dute

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 15a, 13:55
Sutea berangon. cc-by Andres Miguez

Iragan abenduan Berangon isiotu eta Sopelara arte hedatutako sutea amatatzen lagundu zuten auzokide eta boluntarioek Itsas Lehorra Bizirik plataforma sortu dute, "eskualdearen ingurumena babestearren". Egun horietan bizitakoaren ondoren, "esperientzia horretatik", Uribe Kostako ingurumena babestu eta berreskuratzearen alde egiteko hautua hartu dute. Hala, hainbat salaketa eta etorkizunean egin beharrekoak egiteko eskatu diete erakundeei eta alderdi politikoei.

Hala, plataformak ondoko neurriak proposatu ditu, "etorkizunean gerta daitezkeenen aurrean": suteen aurkako kabinak jartzea, ingurune naturalak ahalik eta egoerarik onenean mantentzea, kaltetutako eremuak berreskuratu eta kudeatzeko plana egitea, basoak berreskuratzea eta udalek konpromisoa hartzea suteek kaltetutako eremuak urbanizagarri egiten dituen lege berria ez erabiltzeko.

Era berean, su-itzalketan parte hartu zuten boluntario eta profesionalen lana eskertu eta balioetsi zein proposamenak egiteaz gain, hainbat kontu salatu gura izan dituzte, esaterako agintariek "ez diotela ezelako jaramonik" egiten basoen gutxieneko zainketa-lana batera egiteari, murrizketa politikek eragina izan dutela segurtasun-zerbitzuetan, boluntarioei ez zitzaiela ez arretarik ezta koordinaziorik eskaini, eta eskualdean baliabide gutxi daudela.

Itsas Lehorra plataformaren oharra:

2015eko abenduaren 27an eta 28an Berangon eta Sopelan izan zen sute handia dela eta, behean sinatzen dugunok, lehenik eta behin, eskertu eta balioetsi egin nahi dugu su-itzalketa zerbitzuetako boluntarioek eta profesionalek egindako lan bikaina eta izandako ekimena eta profesionaltasuna, are gehiago uneotan, non horien jarduerak duen araubidearen erruz egoera zailean aurki daitezkeen. Behean sinatzen dugunok, era berean, honakoak salatu nahi ditugu:

  • Lehenengo: Oinarrizkoenera jota, gure udalerriek ez diotela jaramonik egiten guztion ondasuna diren basoetan egin beharreko gutxienezko zainketa-lana komunean egiteari. Ezin genezake alde batera utzi gure basoek duten egoera eskasa –inguruko auzotarrek aditzera emanda zuten arren– hori baita sutea hainbeste zabaldu izanaren arrazoietariko bat. Alde horretarik, erantzukizuna leporatzen diegu sastrakak-eta garbitzeko eskariei erantzun ez dietenei. Ezin da gure baliabide naturalak zaintzeaz gogoratu gabe egon hondamendiak (suteak, uholdeak…) gertatzen diren arte.
  • Bigarren: Salatu egiten ditugula pertsonen eta ondasunen segurtasunean zein ingurumen ondasunarengan eragina daukan oinarri-oinarrizko zerbitzuaren lan baldintzetan eta kalitatean eragin kaltegarria duten murrizketa politikak.
  • Hirugarren: Boluntarioei ez zitzaiela ez arretarik ez koordinaziorik eskaini. Aintzat izanik sutea landa eremuan izan zela, ezinbestekoa zen boluntarioen laguntza izatea, ingurua ondoen eurek ezagutzen dutenez, profesionalei lana errazten dietelako. Suteen aurka egiteko lanabes oso erabilgarriak dituzte eta badakite nola erabili motozerrak, esku-motosegak, eta abar eta suteari aurre egiten laguntzeko eskaini egin zituzten.
  • Laugarren. Agerian jarri nahi dugula gure eskualdeko udalerriek dituzten baliabideen urritasuna —esaterako, ura ateratzeko edota jaurtitzeko ponpak—, ingurumenarekiko utzikeriagatik; ez zeunden ez Getxon ez Berangon.
  • Bosgarren: Gertatutakoa ikusita, polizi eta segurtasun indarrek auzotar eta kaltetuekiko lankidetza agertu behar dutela, eta ez ulertezina egiten zaigun agintea su-armekin agertzera mugatzea. Auzotarrek ingurua trafikorik gabe uzteko egin zizkieten eskariei ez zieten jaramonik egin, ezta beste proposamen batzuei ere, esaterako inguru horretara inori sartzen utzi ez, kuxkuxeroek eragindako pilaketak saihesteko.

Hortaz, behin txarrena igaro bide dela ikusirik, beharrezko ikusten dugu tresna batzuk finkatzea profesionalen lana erraztearren, etorkizunean gerta daitezkeenen aurrean. Horretarako, bada, honako neurri hauek proposatzen ditugu:

  • Landa auzoetan suteen aurkako kabinak jartzea, suteei lehen uneetatik bertatik aurre egin ahal izateko.
  • Gure basoak eta ingurune naturalak ahalik eta egoerarik onenean mantentzea; horretarako, bada, ezinbestekoa da garbiketa- eta mantenu-planak egitea.
  • Kaltetutako eremuak berreskuratu eta kudeatzeko plana egitea (oinezkoentzako, txirrindularientzako, zaldizkoentzako ibilbideak…), beti ere kaltetutako eremuak landa erabileretarako izan daitezen bultzatuz, bazkagune berriak bideratuz, tokiko nekazaritza eta abeltzaintza sustatuz, eta abar.
  • Bertoko basoak berreskuratzea (kaltetutako eremuetan pinuak eta eukaliptoak sartzea debekatzea).
  • Udalen aldetik konpromisoa hartzea suteek kaltetutako eremuak urbanizagarri egiten dituen Estatuaren Lege berria ez erabiltzeko.

Sinatzaileak:

Auzokideok Getxoko auzokide eta elkarteen koordinadora, Abra Bizirik plataforma, Ganemos Erandio, Equo Bizkaia, EH Bildu Bizkaia, Guk Getxo, Esnatu Leioa, Ahal Dugu, Denok Batera Berango, Orain Sopela, Ezker Anitza eta Getxoko Independenteak.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun